Joy Divisonen grabazio zaharrak salgai daude

Duela 20 urte, estudio bat itxi zutenean, zaborretara botatako materiala berreskuratu zuen Julia Adamsonek

Agentziak
Londres
2013ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Joy Division, Magazine eta New Order musika taldeetako kideek baztertutako materiala eta grabazio bitxiak berreskuratu zituen duela 20 urte, zabor artetik, Julia Adamson soinu ingeniari eta musikariak Stockport herriko Strawberry estudioetan, Manchesterrik gertu, estudioa itxi zutenean. Berreskuratu zuen materialaren artean Joy Divisiontaldea Unknown Pleasures diskoa grabatzen ari zen garaiko entseguetakoak daude, 1979koak.

Estudioak itxi zituztenean, Adamsonek ikusi zuen langileak hainbat artistak egindako grabazioen artxibo osoak zaborretara botatzen ari zirela. Adamsonek eta haren senarrak, Chris Naglek, hainbat grabazio jaregin zituzten zabor artetik, haien artean Martin Hannettek ekoitzitako batzuk; Hannettek Joy Divisionentzat egin zuen lan garai hartan. Adamsonek eta Naglek ez zuten uste zabor artetik jasotako grabazioek aparteko baliorik izango zutenik, baina mingarria iruditzen zitzaien haiek desagertzea. Horregatik jaso zituzten, eta gordeta eduki dituzte orain artean. Gaur egun rock musikaren mito handiak dira grabazio haiek egin zituzten taldeak, Joy Division bereziki, eta Adamsonek eta Naglek haiek salgai jartzeko asmoa dute.

Joy Division taldea 1976an sortu zuten Ian Curtis kantari eta gitarra jotzaileak, Bernard Summer gitarrista eta teklistak, Peter Hook baxu jotzaileak eta Stephen Morris batera eta perkusio jotzaileak, Salforden (Manchester). Post-punk musikaren aitzindaritzat jotzen dute adituek taldea. Taldearen historia Ian Curtisek, 23 urte zituela, bereburuaz beste egin zuenean amaitu zen, 1980ko maiatzaren 18an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.