Gorputza zaindu, ala hondatu

Maskulinitate eta feminitate eredu polarizatuek norbere osasunean zein osasun publikoan duten eragina azter dadin aldarrikatzen dute antropologoek.

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Eustatek 2008an kaleratutako Osasun Ikuspegian jakinarazi zuen: zirkulazio aparatuko gaitzek gizonen heriotzen lehen kausa izateari utzi zioten, eta tumoreek hartu zuten leku hori. Eta datua genero ikuspegitik azaldu zuten txostenean: «Tumoreen ondoriozko heriotzak lotuta daude osasungarriak ez diren ohiturekin —hala nola alkoholaren edo tabakoaren kontsumoa— edota arrisku handiagoa dakarten lanbideekin —meatzeetan edota industria astunean—». Maskulinitate eta feminitate ereduek osasunean duten eragina ez aztertu izana deitoratu du Begoña Petxarromanek, Farapi aholkularitzako antropologoak. Droga kontsumoaren inguruan eginiko azterlanetan, ondorioztatu dute maskulinitate eredu hegemonikoak «desafio» egiten diela gizonei, «arriskuak har ditzaten eta beren burua zain ez dezaten».

Gizonek eta emakumeek, oro har, «muturreko bi ereduri» jarraitzen dietela azaldu du Petxarromanek: «Gizonen sozializazioan, euren gorputzak ezin zaurtuzkoak direla sinetsarazten diegu, gogortasuna eta ausardia adierazi behar dutela. Emakumeei, berriz, gehiegizko ardura irakasten diegu, ahulak direla, beren burua zaindu behar dutela...». Ondorioak ere muturrekoak dira, beraz: beren burua arriskuan jartzeko joera handiagoa dute gizonek, eta erabat kontrakoa emakumeek, kirola modu osasungarrian egitea saihesteraino. «Baina norbere osasunari eta osasun publikoari begira, argi dago emakumeen ohiturak egokiagoak direla».

Izan ere, pertsona guztiek sentitzen dute oinazea, baina zer egiten dute orduan? Osasun sistemaren baliabideen erabileran ere eragina dute genero rolek. Andreek, oro har, lehen harrerako zerbitzuetara jotzen dute, eta gizonek, berriz, ospitaleetara. Adituen arabera, emakumeentzat errazagoa da laguntza eskatzea eta euren minei buruz hitz egitea; gizonei gehiago kostatzen zaie, eta beranduago joaten dira medikuarengana. Baina bigarren interpretazio bat ere egin du Petxarromanek: «Sarri esaten da andreek gehiago erabiltzen dituztela gizarte zerbitzuak, baina, euren arazoengatik ez ezik, haien senarren edo seme-alaben ordez ere joaten dira. Oso gutxi egiten dugu gizonak eguneroko zaintza horretaz ardura daitezen».

Drogetan, gizonak nagusi

Osasun arazoak eragin ditzaketen kontsumoetan ere agerian geratzen da bi ereduen polarizazio hori. Emakumeek baino droga eta alkohol gehiago hartzen dute gizonek adin tarte guztietan, eta aldea nabarmenagoa da eguneroko kontsumoari eta kontsumo arriskutsuari dagokienez. Antropologoaren ustez, maskulinitatea berresteko tresna izan ohi dira gai horiek: «Ausardia erakusten laguntzen die. Desinhibitzen dira, eta frogatzen dute, adibidez, hau eta bestea edateko eta egiteko gai direla».

Horrelako jokabideak okerrago ikusita daude andreengan: «Emakume bat ezin da desinhibitu, ezin du galdu bere gorputzaren kontrola; arriskutsuegia da, sexuaren esparruan batik bat». Soilik tabakoan parekatu da emakume gazteen kontsumoa; legezkotasunari egotzi dio Petxarromanek, opioarekin gertatutakoa gogora ekarrita: «XX. mende hasieran, sendagai gisa erabiltzen zen, eta kontsumoa askoz handiagoa zen andreen artean, baina debekatu zenean datu hark buelta eman zuen».

Maskulinitatea adierazteko portaera arriskutsuekin ere lotuta dago gizon helduen gehiegizko hiltze tasa. Tabako, droga eta alkoholari ez ezik, «kanpo faktoreei» ere erreparatu zien Gizonduz taldeak 2010ean, Maskulinitateak eta berdintasuna: diziplina anitzeko azterketa txostenean: «Zirkulazio istripuak eta giza hilketek eragindako heriotzak maizago gertatzen dira gizonen artean; gazteengan, gainera, heriotzen arrazoi nagusia dira».

Ildo horretan, Petxarromanek azaldu du indarkeriaren erabilera dela maskulinitate ereduaren beste «giltzarrietako» bat: «Gizonak oldarkorragoak direlako ideia onartuta daukagu, eta, beraz, askoz gehiago erabiltzen dute bortizkeria. Baliabide erraza da haientzat». Antropologoak ondorioztatu du osasun publikoaren ikuspegitik sakonago aztertu beharko litzatekeela auzia: «Beren burua zaintzen ez duten kolektibo batzuk, eurentzat ez ezik, besteentzat ere arriskutsuak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.