Hautetsien Kontseiluak baztertutako aukeren artean da metropoli poloa

Ipar Euskal Herriaren proiektua gauzatzeko tresna egokia ez dela frogatua dute Massias eta Gourdou juristek

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Frederique Espagnac senatari sozialistak bere kabuz eskatutakoa eta euskal lurralde elkargoaren artean alde handia dago. «Metropoli poloa ez da egitura liluragarria Euskal Herriaren proiektua gauzatu ahal izateko». Ondorio hori irakur daiteke Jean-Pierre Massias eta Jean Gourdou Zuzenbide irakasleek Hautetsien Kontseiluarentzat eta Garapen Kontseiluarentzat iazko urtean egindako txostenean. Hastapenetik dokumentu hori oinarri izan dute Ipar Euskal Herriaren egituraketa proposamena marrazteko lanetan. Aukera guztiak hurbiletik azterturik, eraginkorrena estatutu berezia lukeen lurralde elkargoa litzatekeela ondorioztatu zuten.

«[Metropoli polo] soluzioan nabarmentzen dugu instituzionalizazio ahul samarra duela», txostenean irakur daitekeenez. Orain arteko egiturek zuten elkarte estatututik estatutu publikora pasatzea baldin badakar ere, botere gutxiko egitura publikoa lirateke. Zehazki, antolaketarako eta kooperaziorako polo baten sorrera du eskaturik. Metropoli poloaren antz handia luke, baina landa eremuei zabaldurik. Egitura berri bat izanki, funtzionamenduari begira hainbat galdera dira erantzunik gabe geratzen.

Herri elkargoen nahikariari so

Euskal lurralde elkargoak eskumen eta aurrekontu propioak ditu, eta herritarrek zuzenki bozkaturiko biltzarra ere badu. Metropoli poloarekin ez legoke horrelakorik. Ipar Euskal Herriko herri elkargoak lirateke egiturako kide eta dituzten eskumen eta aurrekontuaren zati bat utzi beharko lituzkete metropoli poloari. Egitura berri horren gainetik diren instituzioek ere ematen ahalko lituzkete eskumen batzuk, baina beti hitzarmenen bidez. Hots, lurralde elkargoarekin eskumenak eta aurrekontuak zehazki finkatuak baldin badira, metropoli poloarekin dena negoziatu behar lukete. Ez legoke ere ez herritarrek zuzenki bozkaturiko biltzarrik. Herri elkargo bakoitzeko kideek lukete haien ordezkaria hautatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.