Samsung eta Appleren patenteen gerran sartu da Obama, betoarekin

AEBetako nazioarteko merkataritza agentziak ebatzitakoa indargabetu du presidenteak; ez da halakorik izan 1987tik

xabier martin
2013ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Hego Korearen eta AEBen arteko interes politiko-ekonomikoek ugariak eta sakonak dira, eta osatzen duten lokarria ez da berehala desegingo, baina Barack Obamak hartu berri duen erabakia ez dute ongi hartu Seulen; ez alferrik azken 26 urteetan AEBetako presidente batek ez dio betoa jarri Nazioarteko Merkataritzarako Batzordearen ebazpen bati.

Hori gertatu da Applek eta Samsungek aspaldian duten pateenten auzian. AEBetako Nazioarteko Merkataritzako Batzordeak orain dela bi hilabete erabaki zuen hil honetatik aurrera sagarraren konpainiak AEBetan ezingo zituela saldu hainbat produktu, Samsungek arrazoi duelako haien patenteei dagokien salaketan. iPhone 4, 3GS, iPad 2 eta 3G dira produktu horiek, AT&T telefono sarean erabiltzeko ekoitziak. Batzordearen erabakia indarrean sartu aurretik, ordea, eta presidenteak erakundearen ebazpenei betoa jartzeko duen epea betetzear zela, Obamak ebazpena bertan behera uztea erabaki du aste honetan, etxeko konpainiaren aldeko ekinbide politiko garbi baten bidez.

Protekzionismoa

«Protekzionismoa», hori da gehien errepikatu den hitza Hego Koreako hedabideetan. Seul bera kezkatuta agertu da, Obamak jarritako betoaren ondorioak direla eta. «Gure kezka azaldu nahi dugu erabaki honek pantenteen eskubideen babesean edukiko duen eraginarengatik», esan du Hego Koreako Merkataritza Ministerioak.

Korearren kezka ez da soilik Obamak produktu jakin horietanjarritako betoaren inguruan—AT&T sarera eta Cupertino etxeko modelo zaharretara mugatzen baita—, patenteen gerrak atal gehiago izango dituelako baizik, eta hurrena ostiral honetan bertan. AEBetako Nazioarteko Merkataritzarako Batzordeak berriro erabaki beharko du Samsungen eta Appleren arteko auzian. Applek dio Samsungek ezin duela saldu zenbait sakelako eta tableta AEBetako merkatuan, bere patenteak urratuko gabe.

Barack Obama presidenteak aurrekari bat jarri du, beraz, munduan gehien saltzen diren bi sakelako adimendunen ekoizleen arteko patenteen gerran. 2011n hasi ziren elkarri demandak jartzen Samsung eta Apple. Jada hamar herrialdetan badira bataren edo bestearen salaketak; zenbaitetan Appleren alde atera dira ebazpenak, baina beste batzuetan Samsung korearraren alde.

Erabaki politikoa

AEB merkataritza libreko defendatzaile nagusienetako bat izaki, zaila da Barack Obamaren betoa erabaki politiko batetik kanpo azaltzea. Apple gustura dago, presidentea «berrikuntzaren alde» jarri delako, «Samsungen patenteen gehiegikerien kontra». Baina Obamaren mugimenduak ematen duen baino adiera handiagoa izan dezakeela diote analistek, Nazioarteko Merkataritzaren Batzordeari ahalmenak mugatzeko bidean beste urrats bat izan daitekeelako.

Dena den, presio taldeek AEBetan duten garrantzia eta ahalmena agerian utzi ditu presidenteak patenteen auzian hartutako erabakiak. Ezin da ahaztu Apple etxeko kontseilari ordezkari Tim Cook Etxe Zuriko gonbidatu izan zela batasunaren egoeraren inguruko azken diskurtsoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.