Manifestazioa Bilbon. 'Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea'. Iritzia

Su hartu du urak

Maialen Lujanbio -

2014ko urtarrilak 12
Su hartu du urak. Su egin da tanta.

Su-mendia lehertu da itsasoaren baitan.

Motel dator oldea,

laba-erreka bat kalean behera.

Nor banakoak, jende; jendea, jendetza; jendetza, beroan, laba erreka bat da.

Laba hoztean, jendetza jende; jendea, nor banako.

Laba hoztean, dena izkin, dena ertz.

Laba hoztean, bi harri berdinik ez.

Eta hala ere, harri guztiak harri.

700 gradutik gora urtzen da harria. Demagun, gradu bat urrun den bakoitzeko. Elkartasunaren beroak urtu ditu harri ertzak.

Batzuetan urtu egin behar da su hartzeko.

Batzuetan su izan behar da errekan behera joateko.

Errekak beti aurkituko du itsasoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna