Eduardo Galeanok hitzaldi bat emango du Donostiako Literaktum-en

Etzitik hilaren 31 arte egingo da jaialdia, eta Ramon Saizarbitoria, adibidez, 'Martutene' nobelaz mintzatuko da

Erredakzioa
Donostia
2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Hitzen hiria bilakatuko da Donostia, etzi hasi eta hilaren 31 bitartean. Literaktum jaialdiaren zortzigarren aldia egingo da, eta muinean literatura izango duen arren, bestelako adierazpide artistikoei ere egingo zaie tokia. Hizketaldiak, solasaldiak, ibilaldiak, tailerrak, proiekzioak, irakurketak... Donostiako kultur etxeetan —Casares-Tomasene, Lugaritz, Ernest Lluch, Loiola eta Okendo— zein Deustuko Unibertsitatean eta San Telmo museoan egingo dira. Donostiako Udalak antolatu du Euskal Idazleen Elkartearen aholkularitzarekin, eta Euskal Herriko zein munduko hainbatautore ezagunak zein ez hain ezagunak bildu ditu.

Egitarauko azken eguneko gonbidatua da denetan ezagunena: Eduado Galeano. Idazle uruguaitarrak Los hijos de los días bere azkeneko liburua aurkeztuko du hilaren 31n, Deustuko Unibertsitatean (19:30). Ramon Saizarbitoriak, berriz, Martutene bere azken eleberriaz mintzatuko da irakurleekin batera, datorren asteazkenean, San Telmo museoan (19:30).

Abiatu, baina, Mikel Hernandez Abaituak gidatutako tertulia batekin abiatuko da etzi jaialdia, Lugaritz kultur etxean (17:00). Azukre xehea, gazt larria bere liburua izango dute hizpide. Hurrengo egunekoa estreinaldi bat da. Patxi Santamariak Errusiar gaua ikuskizuna aurkeztuko du Ernest Lluchen (19:30). Poesia, literatura eta antzerkia nahasten ditu, eta Iraultza Boltxebikearen bezperan izaniko giro kultural eta artistikoaren birsortze bat da. Datorren larunbaterako ibilaldi literario bat programatu dute (11:30). Josune Muñozek gidatuta, eta Miramar jauregitik abiatuta, Katalina Erausoren eta Katalina Eleizegiren historia kontatuko dute, Donostiako kaleetan zehar egingo den txangoan. Hilaren 29an elkarrizketa bat edukiko dute Pako Aristik eta Hedoi Etxart idazleek, eta Literatura hibridoak begirik nekatu gabe izena jarri diote. Arantxa Iturbe kazetari eta idazleak gidatuko du, Okendon (19:30).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.