Joxemi Zumalabe. Heriotzaren urteurreneko ekitaldiak

Indartu beharreko esparrua

Euskal esparru komunikatiboaz jardun dute Lorea Agirrek, Iñaki Sotok, Iban Arregik eta Gorka Juliok, Joxemi Zumalabaren heriotzaren 20. urteurrenaren karietara antolatutako jardunaldietan.
Lorea Agirre, Iñaki Soto, Naroa Iturri, Iban Arregi eta Gorka Julio, herenegun, Donostian.
Lorea Agirre, Iñaki Soto, Naroa Iturri, Iban Arregi eta Gorka Julio, herenegun, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Ainara Arratibel Gascon -

2013ko urtarrilak 12
Euskarazko hedabideen beharraren kontzientzia zabaltzen jarraitu behar dugu, herritarrak gure proiektuetan inplikatu. Bide horretatik doa BERRIAk abian jarritako ziztadaren kanpaina». BERRIA Taldeko hedabideen arduradun Iban Arregiren hitzak dira. Gogorarazi du «tradizioz» herritarrek oraindik ere erdarazko hedabideak kontsumitzen dituztela. Hori iraultzeko, eta euskarazko hedabideei bultzada emateko, «berariazko politikak» eskatu ditu Lorea Agirre kazetari eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak. Iñaki Soto Gara-ko zuzendariaren arabera, berriz, hedabideen finantzaketan izan den «klientelismoa» amaitzeko ordua da. Elkarlanaren beharraz mintzatu da Gorka Julio Interneten aditua. Bakoitzak bere errezetak eman ditu euskal esparru komunikatiboa indartzeko. Denek ohartarazi dute horren beharraz, nahiz eta ondo kokatuta ikusten duten egungo errealitate komunikatiboan.

Joxemi Zumalabaren heriotzaren hogeigarren urteurrenaren karietara aste honetan egin dituzten jardunaldietan parte hartu dute laurek. Euskal esparru komunikatiboaz jardun zuten herenegun, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. «Zer da euskal esparru komunikatiboa?». Horixe Naroa Iturri aurkezleak egin zien aurreneko galdera. Agirreren erantzuna: «Euskaraz edo nagusiki euskaraz diharduten medioak dira euskal hedabideak. Gaztelaniarekin eta frantsesarekin parekatuz, euskararen egoera, estatusa eta errealitate soziala hain da diferentea, euskarari lotutako edozerk berariaz eskatzen duela esparru propio bat».

Sotoren arabera, ordea, euskal esparru komunikatiboaren barruan dauden hedabideak zehazterakoan, hizkuntza irizpideetako bat da. «Baina ez bakarra. Nik defendatzen dudana da euskal herritarrentzako hedabideek osatzen dutela euskal esparru komunikatiboa». Arregiren ustez, «hanka sartzea» litzateke euskal esparru komunikatibo horren definiziopean erdarazko hedabideak sartzea. «Historikoki gertatu den moduan, arriskua da euskara galtzen ateratzea».

Definizioak alde batera utzita, euskal esparru komunikatiboan azken hamarkadetan asko egin dela ados daude laurak. Agirre: «Euskaraz kazetaritza egiteko modu estandar batera iritsi gara. Nabarmentzekoa da, baita ere, kazetaritza hizkuntza bat ere sortu dugula. Demostratu dugu egunero egin daitekeela euskarazko prentsa, eta kalitatezko gauza asko egiten direla. Oro har, kazetaritza txukun bat dugu».

Oraindik erdarazkoak nagusi

Herritarren artean euskarazko hedabideek erreferentzialtasunean irabazi egin dutela iritzi dio Arregik. «Hainbat ingurutan, gailentzen ari zaizkie erdarazkoei. Baina oraindik oso txikiak gara, eta guk pauso bat ematen dugunerako, haiek bi ematen dituzte». Horrenbestez, lan asko ikusten du egiteko. «Tradizioagatik, jendeak oraindik gaztelaniazko hedabideak kontsumitzen ditu. Horren inguruan hausnarketa bat egin behar du jendeak. Kendu gabe guk lanean jarraitu behar dugula, ahalik eta produktu onenak eskaintzeko». Erakunde publikoei ere egotzi die horren ardura. «Azken 30 urteetan egoera ez irauli izanaren erantzukizunaren zati bat haiena da. Hizkuntza irizipideak kontuan hartuta, ez dute hartu neurri kualitatiborik».

Urte hauetan «klientelismo izugarria» izan dela salatu du Sotok. «Beti eskatu dugu klientelismoa amaitzeko, instituzioek ez finantzatzea ildo politikoaren arabera». Agirrek «berariazko politikak» eskatu ditu euskarazko hedabideentzat. «Euskara minorizatua delako, eta normalizazio bidean dagoelako. Hedabideak estrategikoak dira hizkuntzarentzat». Diru laguntzen politika gainditu eta hitzarmenen alde egiteko eskatu du Arregik.

Etorkizunari begira, paperezko hedabideek duten erronka nagusia teknologia berriek eraginda sortu den negozio eredu berrira egokitzea dela esan du. «Oraingoz, ez dugu asmatu horretan. Ziurrenik, lan egiteko modua eta egiturak berriz pentsatu beharko ditugu». Baina beste ohar bat ere egin du: «Hori bezain garrantzitsua da eduki propioak eta kalitatezkoak sortzea». Ados dago horrekin Soto. «Kazetaritza aldatu egingo da, eta kazetariek aldatu egin beharko dugu. Baina erredakzioen balioa defendatu behar dugu, kazetarien marka. Eredu aldaketa horren barruan, nabarmenduko nuke prentsaurrekoen eredua agortuta dagoela». Agirre ere mintzatu da horretaz: «Kazetaritzaren oinarria beti da bat: istorio on bat, ondo kontatua».

Interneten, berriz, ondo kokatuta ikusten du euskal komunitatea Juliok. «Kontua edukiak sortzen jarraitzea da, eta ahalegina ikusten da». Sinergiak, loturak bilatu beharra ikusten du. «Hedabideen arteko elkarlana sustatu behar da». Arregik gogorarazi du BERRIAk horren alde egin duela. «Hamaika Telebista, Hitza-k... dira horren adibide. Horretan sakontzen jarraitu behar dugu».