Pilota. EPELen Binakako Txapelketako finala: Pablo Berasaluze. Pablo Berasaluze. Asegarceko pilotaria

«Zaila izango da, baina irabazi egin nahi dut, eta txapela aitari eskaini»

Profesionaletan hamabost urte egin ondoren, bere ibilbideko garairik onenean dagoela uste du. Igandean irabaz dezake lehen txapela.

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2013ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Takoak jartzen ari da Bilboko Bizkaia pilotalekuko aldagelan. Alboan du Josetxu Areitio botilero eta laguna. Isilik daude biak. Serio. Goiz da. Errituala ez du eten elkarrizketak, eta esparatrapua mozten jarraitzen du. Bizar luzea du Pablo Berasaluzek (Berriz, Bizkaia, 1977). Finalaren ondoren moztuko du, «txapela irabazitakoan», aurreratu du. Azkenaldian, «zoritxarrez», euskaraz gutxiago hitz egiten duela aitortu du, baina gustura egin du solasaldia. Zintzo eta bizkor erantzun die galderei.

Nolakoa izan da txapelketa?

Ondo joan da. Lehen partidetan, pixka bat justu ibili nintzen, lau t'erdikotik psikologikoki pixka bat nekatuta, agian. Baina nik uste dut ondo eman diodala buelta, bai jokoaren aldetik eta bai psikologikoki ere. Egia esanda, azkeneko partidetan oso gustura aritu naiz.

Elkarrizketekin nazkatu al zara jadanik?

Azken finean, hainbeste elkarrizketa egin eta arreta sortzea seinale ona da. Ea ez diren falta aurrerantzean.

Askotan esan duzu inoiz baino hobeto zaudela 35 urterekin. Hainbesteraino bai?

Bai, bai... Orain dela lauzpabost urte ere izan nituen garai on batzuk. Baina, orduz geroztik, ondo jokatzen ari naizela uste dut. Agian, iaztik hona gehiago nabaritu da, emaitzengatik, baina aurretik ere ondo nenbilen.

Zenbat aldiz igo zara Oiz mendira azken urteetan?

Askotan. Duela urte batzuk, askotan igo nintzen, eta orain ere bai. Iragan astean igo nintzen azkenekoz Josetxurekin [Areitio], eta maiz joaten gara; toki polita da.

Honezkero begiak itxita ere egin ahal izango duzu bidea.

Ia-ia bai. Gustuko tokia dut; arnasa hartu eta bateriak kargatzeko toki ona da.

Lehen final handia duzu15 urteren ondoren. Ez al da pixka bat berandutu?

Tira, niretzat, aurretik jokatu nuen finala ere handia izan zen —1999n, Asegarceko bikoteekin bakarrik—. Jendeak esaten du lehen finala dela... Baina hura ere garrantzitsua izan zen, batez ere, Ruben Belokirekin jokatu nuelako —22-17 galdu zuten Nagore-Errandonearen aurka—. Eta bai, 15 urte dira... Baina arrazoia erraza da azaltzen: gaur egun maila handia dago, eta oso zaila da final batean sartzea. Irujo, Xala, Olaizola, Bengoetxea... Horiei irabaztea zaila da.

Bizkor pasatu al dira 15 urteak?

Bai. Badirudi atzo debutatu nuela. Urteak arin pasatzen dira; dena den, ez dut uste hori txarra denik, batez ere, orain sasoiz oso ondo nagoelako.

Asko aldatu al zara 15 urteotan?

Denetatik ikasten da, eta urteak ez dira alferrik pasatzen. Esperientzia hartzen duzu; pilotan eta pilotatik kanpo garai txar asko bizi izan ditut, eta dena da ikasgai bizitzan.

Izena aldatzea erabaki duzu. Zer izan zen, ondo pentsaturiko erabakia edo kolpetik irten zen zerbait?

Ondo pentsaturiko erabakia. Aita hil zenetik nuen buruan hori egitea, eta esan nuen gelditzen zitzaizkidan azken urteak aitaren omenez jokatuko nituela. Zorionez, enpresak ez zidan arazorik jarri.

Asko oroitzen al zara aitarekin?

Bai, egia esanda, asko. Nik aitarekin nire bizi guztia pasatu nuen, pilotalekuetan eta pilotalekuetatik kanpo. Eta orain, are gehiago oroitzen naiz, final handi batera iritsi eta bera ez egotea ni ikusten... Pena handia sentitzen dut. Badakit zaila izango dela irabaztea, baina irabazten badut, berari eskainiko diot txapela.

Askotan kontatu izan duzu depresioa igaro zenuenekoa, pilulak hartzen zenituela... Harrigarria da zein normal kontatzen duzun.

Bere garaian, ez nuen horrela hitz egiten. Gainditu dut. Tira, nik uste ez dela inoiz gainditzen, baina orain lasaiago nago, beste modu batera ikusten ditut gauzak, eta aurrera jarraitu beharra dago. Aita hor egongo da beti; berak niregatik dena eman zuen, eta nik berarengatik eman nahi dut.

Finala buruan al duzu?

Bai. Nik aspaldi jokatu nuen lehen finala; oroitzen naiz sekulako giroa zegoela, eta egun guztietan etortzen da zerbait burura. Ni gauzak lasai hartzen saiatzen naiz, baina ez da erraza.

Ibilbidea asko aldatzen al da txapel batekin edo txapelik gabe erretiroa hartuta?

Aldatuko dela uste dut. Nik nahi dut jendea izan nintzenagatik oroitzea nitaz, dena eman nuelako. Txapela garrantzitsua da, baina, tira, garrantzitsuagoa da jendea zutaz oroitzea pilotalekuetan zure onena eman zenuelako.

Bizkaitarra izatea presioa al da?

Ez dut uste presioa denik. Edozein modalitatetan txapeldun izatea oso zaila da, eta nik uste bizkaitar on gehiago badaudela. Nik itxaropen handia dut Mikel Urrutikoetxearekin. Txapelen bat jantzita ikusten dut hemendik urte batzuetara.

Justua al da hamazazpi partidatik zortzi irabazita finalean egotea?

Nik baietz uste dut. Txapelketa halakoa da. Beti izaten dira emaitza bereziak, eta nik uste dut merezimendu osoz gaudela hor. Garai txar asko pasatu ditugu Albisuk eta biok, eta horietan aurrera egin dugulako gaude merezimendu osoz finalean.

Erregulartasun faltaren kritika ia astero entzun duzue.

Denetarik egin dugu, baina nik uste dut batzuetan kazetariak pasatu egin zaretela, batez ere Albisurekin. Oso gaztea da, eta jakin egin behar da 21 urte dituela, bigarren txapelketa duela eta maila honetan jokatzea oso zaila dela. Eta jendeak nahi duena esango du, une txar batzuk izan ditu, eskuengatik... Baina Jon Anderrek oso txapelketa ona egin du.

Egun batean jendaurrean Albisuren alde egin zenuen eta guzti. Bai, bai... Gure bikotearekin gehiago sartzen zirela iruditzen zitzaidan. Beste bikote batzuek ere gaizki jokatu dute, eta ez dute hainbeste entzun.

Beteranoaren rola da hori.

Azkenean, nik nire bikotekidearen alde egin behar dut. Eta berdin egingo nuke beste edozeinen alde. Lagunak gara, ordu asko egiten ditugu elkarrekin, eta uste dut elkarren alde egin behar dugula.

Jotzaile handiekin jokatu duzu binaka: Beloki, Ruiz onena, Begino, Albisu... Zein da jotzailerik handiena?

Jotzailerik handiena eta alboan izan dudan pilotaririk handiena Ruben Beloki izan da. Dudarik gabe, gainera. Albisu maila onean dago; egungo atzelarien artean, punta-puntan.

Estatistikak dio zuk Irujori askotan irabazi diozula, eta Albisuk Zabaletari. Baikortasunerako zantzuak al dira?

Ez, ez... Partida guztiak desberdinak dira, eta final bat, are gehiago. Begira, txapelketa honetan, haien aurkako hiru partidatik bi irabazi ditugu, eta, hala ere, faboritoak haiek direla uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.