Albistea entzun

Zuzendariari

Euskararen seinale bila

Aitor Castañeda Zumeta. -

2012ko irailak 2 - Gasteiz.

Eskerrak eman nahi dizkiot gure hizkuntzari Nafarroan bizitza aurreratu dion alderdiari, NHB Napar Herri Batasunari, zeinaren lehendakari Yolanda Bartzina den. Anitz egin dute hizkuntza sustatzeko, Nafarroaren identitatearen parte baita. Hala adierazten du Jaime Ignazio del Burgok, Navarra: por todas partes me roen artikuluan, «el euskera está en su máximo esplendor» adierazten duelarik. Beste inork ez du NHBk bezain ondo euskara Nafarroan bultzatu.

Bultzada horren seinale, Nafarroaren seinaletika bera da. Trafiko seinaleak euskara ofiziala den guneetan espainieraz eta euskaraz daude. Napar identitatea ulertzen ez dutenek (Nafarroa mapatik deuseztatu nahi duten horiek) zera esanen dute: «Euskarazko mezuak ezin dira irakurri! Letra txikian eta kurtsibaz daude!». Hori ezjakintasuna! Txikikeria hori dela eta, jendea gehiago hurbiltzen da seinaleetara, eta euskararako itzulpena ikasiko dute. Horrela, linguae navarrorum-aren handitasunaz kontziente izango dira (txikitasunean bada ere).

Euskara guneez kanpo, Nafarroako herrien %45ean ezin da publikoki euskaraz ikasi, eta seinaletika erdara hutsean dago. Horrek ere indartzen du gure hizkuntza: herritarrek, euskaraz hitz egiteko irrikaz, elebitasun falta sumatu eta ofizialtasuna eskatuko dute. Irrika horrek euskaltzaleei indarra emango die, euskara bizirik manten dezaten.

Nire miresmena NHBri eta euskara kudeatzeko sistemari. Animatuko nituzke euskarazko mezuak seinaleen hondoaren kolore berean margotzera. Horrela gehiago zorroztu beharko dugu euskaldunok begirada.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.