Zuzendariari

Ni ez naiz 'Mikel Antza'

Mikel Albisu Iriarte. -

2012ko irailak 4
1979an, Susa aldizkari literarioaren lehen zenbakian argitaratu behar nuen ipuina sinatzeko asmatu nuen Anza izengoiti literarioa. Aldez, etxekoak ipuintxo horren edukiarekin lotsaraz ez zitezen nortasuna mozorrotzeko, eta aldez, irakurzaletasuna sustatu zidan amona Juliri begi-kliska egiteko: bigarren abizena baitzuen Anza, birramona Encarnacionengandik (antiguatar petoa nonbait, Txillardegi zenak bere Antigua 1900 liburu ederrean anzatarrena omen zen baserriaren kokalekua aurkitu baitzuen auzoan).

Gerora Mikel Antza gisa sinatu izan ditut nire idazki literarioak.

Tamalez, Poliziak eta Espainiako hedabideek goitizen literarioa guda-izen gisa atxiki zidaten, nahaspila sortuz.

Euskadi Ta Askatasuneko kidea eta euskal preso politikoen Kolektiboko partaidea naiz. Eta, ongi irakatsi zidaten legez, hausnarketa politikoak dagokidan antolakundeen baitan egiten ditut, ez beste inon.

Ez naiz, beraz, azkenaldian BERRIA egunkarian idazki parea argitara emanez Orreaga Taldeko kidetzat agertzen den Mikel Antza delako hori.

Gaizki ulertuak ekiditeko, berari erregutu nahi diot gisa horretako hausnarketak argitaratzen jarraitzeko asmotan badabil, lehen abizen horri bigarren bat gehi dieziola, idazki horiek direla-eta heldu zaizkidan mota askotako iruzkinak aurrerantzean dagozkionak jaso ditzan.

ZUZENKETA: Joan den larunbateko eta igandeko BERRIAn, azken orrian, Olariagaren zinta bera atera zen. Barkamenak egileari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna