Malli Txapar. 'Historia de la Real Fábrica de Municiones de Orbaizeta' liburuaren egilea

«Europan, borboien industria arkitekturaren eredu bakarra da ola»

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Malli Txaparrek (Orbaizeta, 1963) afizioa du historia, eta ola leheneratzeko lanetan aritu izan da. Hiru urte eman ditu liburua osatzen, eta lau artxibotan ibili da arakatzen: Nafarroako Agiritegi Nagusia, Madrilgo eta Simancasko (Espainia) Artxibo Militarra eta Madrilgo Zerbitzu Militarra.Txaparrek uste du Europan ez dagoela Orbaizetakoolaren arkitekturaren pareko aztarnarik.

Esaten duzu argitaratu gabeko informazio asko aurkitu duzula lana prestatzean. Ze informazio lortu duzu?

Hiru gerra handik eragina izan zuten olaren martxan: Konbentzioko Gerrak eta Independentzia Gerrak eta I. Karlistaldiak. Indarrez sartu ziren Aezkoan, eta aetzek zer sufritu zuten ohartzea zaila da. Hondamendi, harrapaketa eta konfiskazioak nonahi gertatu ziren eta jendeak izugarri sufritu zuen. Armada asko pasa ziren gure lurretatik, eta erabat suntsitu zuten. Horretaz ohartu beharko genuke. Bestalde, badira beste datu batzuk ere, ezezagunak eta ez hain deigarriak, baina bai interesgarriak: nola funtzionatzen zuen errege olak, zeinen ongi lan egiten zuten garai hartako langileek edota tekniko adituek.

Nola eragin zieten eraso horiek bertako langile eta herritarrei?

Garai hartan, egun baino jende gehiago bizi zen Aezkoan. Egun ez da mila biztanlekoa ere ibarreko bederatzi herrietako biztanle kopurua, baina garai hartan bi mila ere baziren. Zeharkako kalteak handiak izan ziren; batez ere, Konbentzio Gerran. Guda horretan exodo handia egon zen; jende askok alde egin behar izan zuen Nafarroan hegoalderago dauden herrietara. Armada errepublikanoaren inbasioa izan eta gero lagun bakarra gelditu zen etxe bakoitzean; gizonezkoa zen eta adin handiena zuena. Larrainetik eta Donibane Garazitik sartu ziren bi batailoik suntsitu egin zuten ola, baina haraino iritsi aurretik bidean harrapatu zuten guztia ere bai: Orbaizeta erre egin zuten, eta haraneko beste herriak ere bai: Iriberri, Otsagabia... Elizak, etxeak, dena erretzen zuten eta zubiak eraisten zituzten. Sinestezina dirudien arren, duela 200 urte gertatu zen.

Zenbat jendek lan egin zuen?

Eraikuntza garaian, 300 langile izan zituen. Behin martxan jarri zenean, lantegietan 50-55 langile aritu ziren lanean, eta logistikan, ikatza, burdin minerala eta bukatutako burdina garraiatzen, beste 150 inguru. Militarren kuartela ere bazegoen, eta zainketa lanak egiten zituzten 20-25 lagunek.

Gaur egun nola dago lantegia?

Olen jabetza Aezkoako Batzar Nagusiarena da. Leheneratzeproiektu batean ari dira, baina ez dute dirurik. Duela urtebete-edo erabat garbitu ziren; erortzeko zorian zeuden aztarnak egonkortu eta olaren zatiak seinaleztatu zituzten. Dena dela, lantegiaren leheneratzeak haratago joan behar du. Ahal den guztia leheneratu behar da, eta horretan administrazioek gehiago esku hartzea nahi nuke. Eugiko eta Orbaizetako olen beste eredurik ez dago Nafarroan, eta Iberiako Penintsulan nahiz Europan, borboien industria arkitekturaren lekuko bakarrak dira. Bi harribitxiok leheneratu behar dituzte administrazioek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.