Obama eraso gune guztietara joango da

Zero eremuan Irailaren 11 Memoriala zabalduko dute, eta hildakoen senitartekoak izango dira ikusten aurrenak

New York
2011ko irailaren 11
00:00
Entzun
Aste osoan egin dira AEBetako hiri handi eta txikietan 2001eko irailaren 11 hartan hildakoen omenezko ekitaldiak; batzuk, ofizialak, eta besteak, ez. Argazki erakusketak, kontzertuak, hitzaldiak, denetarik antolatu da ekialdetik mendebaldera.

Ekitaldi nagusiak, ordea, gaur egingo dira New Yorken eta Washingtonen, eta bertan izango da Barack Obama presidentea. Atentatu haietan bizia galdu zuten ia 3.000 lagunen omenaldi ekitaldietan izango da George Bush bere aurreko presidentea ere.

Haien ondoan eseriko dira Michael Bloomberg New York hiriko alkatea, New Yorkeko eta New Jerseyko gobernadore Andrew Cuomo eta Chris Christie, erasoak izan ziren garaian New Yorkeko alkate zen Rudy Giuliani eta George Pataki gobernadorea.

Irailaren 11n hildakoen familiartekoek boz goran irakurriko dituzte atentatu haietan hildako guztien izen-abizenak, eta baita lehendabiziko aldiz Pennsylvanian eta Pentagonoan hildakoenak ere.

Obama presidenteak eta ekitaldian parte hartuko duten beste hainbatek zenbait pasarte eta olerki irakurriko dituzte. «Honek ezin du zerbait politikoa izan; ez da inolako hitzaldirik egongo», argitu du aste honetan Bloomberg alkateak.

Egun hartan hildakoen senitarteko eta familiakoak izango dira gaur haien omenez zero eremuan zabalduko den Irailaren 11 Memoriala ikusten lehendabizikoak, eta bihartik aurrera nahi duen guziarentzat zabalik egongo da. Oraingoz, aurrez Internet bidez izena ematea beharrezkoa izango da.

Ez da horrekin amaituko gaur Obamaren ekitaldi agenda. United 93 hegaldia erori zen Shanksville herrian biktimen omenezko monumentuaren inaugurazioan parte hartuko du Michelle Obama emaztearekin, Laura Bush lehendabiziko dama ohiarekin eta Dick Cheney presidenteorde ohiarekin batera.

Ilundu aurretik, Pentagonora egingo du bisita, han hildako 184 lagunak omentzeko, eta, bukatzeko, hitzaldi bat emango du Washingtongo Katedral Nazionalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.