Metro eta erdi beherago

Jon Ander Albisuren jarduna aztertu du Ruben Belokik, eta bere miresmena onartu: «Gutxitan ikusi dut atzelari bat hark azken partidan adina jokatzen».

Imanol Magro Eizmendi.
Iruñea
2013ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Hasteko, gorazarrea. «Irujo-Zabaletaren aurkakoa ikusgarria izan zen. Nire bizitzan 8-10 aldiz ikusiko nuen atzelari bat Albisuk egun hartan jokatu zuen adina jokatzen». Analisia Ruben Belokirena (Burlata, Nafarroa, 1974) dela azaltzean hartzen du iritziak benetako garrantzia. Pilotari ohia egun Asegarceko teknikaria da, eta gerturik jarraitu du Albisuren txapelketa. «Hutsekin buelta asko eman dizkio buruari, ernegatzeraino. Arazoaren %80 konfiantza zen. Gero ere gipuzkoarra izatearen presio hori du, eta nik uste dut une jakin batzuetan sumatu duela».

Albisuk behetik gora egin du txapelketan; hala uste du Belokik. «Estatistika da arazoa. Hutsak zenbatu egiten direla. Albisuk sei huts egin ditzake eta partidako onena izan. Beti galduko du Beroizek baino gehiago, jotzailea delako, baina berak betidanik agindu du. Entrenatu ezin daitekeen hori du». Txapeldun ohiak, era berean, defentsa lana goratu du. «Berasaluzerekin jokatzea ez da erraza. Lau t'erditik aurrera hura artista da, baina hortik atzerakoak zuk zaindu behar dituzu».

Hobekuntza tartea baduela uste du teknikariak. «Goiko harlauzara botatzen ditu beti, eta huts asko horregatik egiten ditu. Metro eta erdi beherago ematearekin berdin-berdin aginduko luke, eta hori esaten diogu». Finalera begira, lasai dago Beloki: «Une garrantzitsuetan bere maila eman duelako». Hala ere, Irujo eta Zabaleta ikusten ditu faborito, baina azken ligaxkako azken jardunaldiko partidak gauzak orekatu dituela uste du: «Berasaluzek eta Albisuk irabazteak beste pizgarri bat eman dio. 'Guk ere irabaz dezakegu', esan dute. Nik irekia ikusten dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.