Euskal presoak. EPPKren erabakia

Presoak hasi dira Euskal Herrira ekartzeko eskaerak aurkezten

Gaixotasun larriak dituzten presoak eta 70 urtetik gora dituztenak aska ditzatela galdegiten ari dira astelehenaz geroztik

Gainerakoek Zaballara edo etxetik gertura aldatzeko eskatuko dute, txandaka
Txus Martin presoaren aldeko plataformak 2011n Zaballara egindako martxa. Gaixotasun larria du.
Txus Martin presoaren aldeko plataformak 2011n Zaballara egindako martxa. Gaixotasun larria du. J. HERNAEZ/ ARP

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2014ko martxoak 12
Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK) hasita dago Euskal Herriratzeko eskaerak formalki egiten. BERRIAk jakin duenez, astelehenean hasi zuen ekinaldia, eta ekainarekin batera amaituko du. Marixol Iparragirre eta Jon Olarra EPPKren mintzaideek otsailean egunkari honi eskainitako elkarrizketan azaldu zuten bezala, Arabako Zaballa espetxera eramateko eskatuko dute Espainiako presondegietan daudenek. Frantziakoetan dituztenek etxetik gertuen dauden espetxeetara eramateko eskatuko dute.

Eskaera pertsonalak dira herenegundik egiten ari direnak, preso bakoitzak banan-banan aurkeztutakoak. Baina EPPK-k orain arteko adierazpenetan nabarmendu duenez, kolektiboa da neurria; iazko udan egindako hausnarketaren ondorioz hartutako erabaki bateratua. Eskakizunak kide guztiek egitea da asmoa, baina ez dituzte guztiek aldi berean egingo. Premien araberako sailkapena egin dute, eta multzoka banatu dituzte proposamenak egiteko epeak.

Osasun arazoengatik egoerarik okerrenean dauden presoek abiatu dute ekinaldia. Egoera larrienei irtenbidea berehala ematea premiazkoa dela eta, gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenak ari dira astelehenaz geroztik eskakizunak euren presondegietan aurkezten. Adinagatik kartzela eragin bereziki kaltegarria egiten ari zaiela eta, 70 urtetik gora dituztenak ere ari dira espetxeetan eskaera egiten.

Gainontzeko presoek egingo duten bezala, Euskal Herrira eramatea galdegiten ari dira lehen multzoko preso horiek. Baina ez hori bakarrik. Espetxea eta haien osasuna ez direla bateragarriak argudiatuta, berehala aska ditzatela ere eskatzen ari dira.

Gainontzeko presoei dagokienez, espetxean egindako denboraren araberako sailkapena egin du kolektiboak, kartzela urteek pertsonarengan eragin zuzena dutela ikusi duelako. Hartara, bizkar gainean espetxealdirik luzeenak dituztenek abiatuko dute bigarren txanda, apirilarekin: azken hogei urteak baino gehiago preso daramatzatenek.

EPPKren zuzendaritza osatzen duten hogei kideak ere sartuko dira bigarren multzo horretan. Kolektiboak konponbidearen aldeko urrats gisa hartu du legea baliatuta Euskal Herrian batzeko eskaerak egiteko erabakia; Euskal Herrian zabaldutako egoera politiko berrian sakontzeko pauso gisa. Konponbiderako bidean lagundu eta ekarpenak egiteko prestasuna adierazi du, eta hori egin ahal izateko proposatu du kolektiboko kideak Euskal Herriko espetxe berean biltzea: guztien artean hausnartu, eztabaidatu, eta egin beharreko urratsak adostu ahal izateko. Euskal Herrian biltzea, kaleratze biderako pausotzat hartzen dutela ere esana dute EPPK-ko kideek.

Prozesua bultzatuko lukeen bidea antolatu eta parte hartzea sustatu ahal izateko eskatuko dute Zaballako kartzelan biltzeko EPPKren zuzendaritzako kideek, apirilean. Kolektiboak bere «jarrera politikoa» finkatua duela gogoratu du, eta «horren haritik datorren ildoa» garatzeko garaia dela zehaztu. Hor kokatu du astelehenean abiatutako dinamika.

Lehen bi multzo horien ondoren, hamabost egunetik behin hartuko dute lekukoa gainontzeko txandek, bata bestearen atzetik, bakoitzak kartzelan daraman denboraren arabera antolatuta.

Pertsonala, politikoa, juridikoa

Eskakizunak idatziz aurkeztuko dituzte presoek, nork bere espetxean. BERRIAk jakin duenez, bakoitzak bere idazkia egingo duen arren, irizpide berberak izango dituzte guztiek oinarri. Hiru atal jasoko dituzte eskaera txostenek: Arlo pertsonala, politikoa eta juridikoa.

Espetxe politikak norberarengan zein familiarengan izan duen eraginaren berri emango du preso bakoitzak lehen atalean. Kartzelan zenbat urte daramatzan azalduko du bakoitzak, urte horietan zenbat eta zein espetxeetan izan duten, eta horiek bere etxetik zenbat kilometrotara dauden. Sakabanaketak presoarengan zein haren senide eta lagunengan izan duen eragina ere azalduko dute arlo pertsonalari dagokion atalean: familiari zenbateko gastu ekonomikoa ekarri dion, istripurik eragin dion eta hurkoekiko harremana zenbateraino mugatu duen, esaterako. Kartzeletako bizi-baldintzek presoaren osasunean zer-nolako eragina izan duten ere jasoko dute, besteak beste.

Arlo politikoari dagokion atalean, EPPK-k hartutako bidearen berri emango diete presoek espetxeetako arduradunei: Ezker abertzaleak adostutako estrategiarekin bat egiten duela azalduko dute, Euskal Herrian sortu den egoera berriaren aldeko jarrera agertuko dute, eta, aurrera begira ere, gatazkaren konponbidearekiko konpromisoa adieraziko dute: EPPK «etenik gabeko ariketa politikoan murgildurik» dagoela, eta urratsak egiten jarraitzeko asmoa duela.

Ikuspegi juridikoari ere helduko diote. Pertsona guztien eskubideen errepasoa egingo dute, eta ohartaraziko dute sakabanaketa politikak ez duela mundu osoan legezko esparrurik.

EPPKren ustez, kolektiboko preso guztiak Euskal Herrian biltzeak «zaurien, gaixotasunen eta heriotzen ondotik datorren sufrimendua amaitzea» ekarriko luke. «Deportazioa eta bakartzea» amaitzea gatazkaren konponbidean «urrats handi bat» egitea litzatekeela ere seguru dago. Gainera, guztien eskubideak errespetatzeak eta presoek «kaleko eztabaida guneetan» parte hartzeak prozesuaren garapenari «indarra» emango liokeela dio.

Hori dela eta, ekinaldia babestuta Espainiako zein Frantziako gobernuak espetxe politika aldatzera behartzen laguntzeko eskatu die EPPK-k euskal herritarrei, eragileei eta instituzioei. «Borondateak» bildu eta indar hori «aktibo» bilakatzera deitu ditu, «sufrimendua besterik sortzen ez duen espetxe politika amaitzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna