EPPKren bitartekariak preso eduki ditzatela eskatu du fiskalak

Operazio egunean Bilbon protestan ari zirenei ertzainak nola oldartu zitzaizkien ikertzen ari da auzitegia

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Aitziber Sagarminaga, Egoitz Lopez de la Calle, Jose Luis Campo, Mikel Almandoz, Asier Aranguren eta Aintzane Orkolaga espetxean edukitzeko eskatu du Miguel Angel Carballok, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak. EPPKren zortzi bitartekariak urtarrilaren 8an atxilotu zituzten;berehala askatzeko eskatu zuen defentsak, eta aurkako iritzia eman du fiskalak. Bitartekariek ihes egiteko eta delitua berriz egiteko arriskua dagoela argudiatu du aske uztearen aurka egiteko.

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu zuen urtarrileko operazioa, baina auzia ez dagokiola berari ohartarazi zuen defentsak. Dio aurrez martxan dagoen beste auzi baten oinarri bera duela oraingoak, eta, beraz, hori hasi zuenaren esku egon behar lukeela atal horrek ere: Javier Gomez Bermudezen esku.

2010ean, besteak beste, Zulueta eta Enparantza atxilotu zituztenean sortutako auziarekin alderatu du oraingoa defentsak. Orduan, Halboka taldearen bidez presoak kontrolatzea egotzi zieten bi abokatuei, orain bezala. Fiskalaren ustez, ordea, auzi desberdinak dira, eta, beraz, Velascoren esku jarraitu behar du bitartekarien aurkakoak.

Bestalde, operazioaren egunean abokatuen Bilboko egoitzaren kanpoaldean protesta egiten ari zirenei Ertzaintza nola oldartu zitzaien ikertzen ari da Bilboko Auzitegia. Gazte bat larri zauritu zuten buruan, atxilotu egin zuten ondoren, eta Ertzaintzaren aurka egitea egotzi diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.