Saskibaloia. Eurokopako finala: Uxue Bilbo Basket 64. Lokomotiv Kuban 75

Beste orbain bat

Bilbo Basketek ezin izan du Lokomotiven jokoa eta ahal fisikoa gelditu, eta partida handietan duen ezina azaleratu du berriroBilboko taldeak presaka jokatu du, eta zentzu baino adore gehiago erakutsi du

Imanol Magro Eizmendi.
Charleroi
2013ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Uxue Bilbo Basket. Zisis (4), Mumbru (10), Vasileiadis (16), Hervelle (2), Hamilton (4) —hasierako bostekoa—; Raul Lopez (5), Rakovic (11), Moerman (8) eta Grimau (4).

Lokomotiv Kuban. Calathes (10), Kalnietis (10), Jasaitis (7), Brown (11), Hendrix (14) —hasierako bostekoa—; Maric (12), Savrasenko, Bikov (7) eta Baron (4).

Markagailua. 17-16, 30-38 (atsedenaldian); 45-54 eta 64-75.

Epaileak. Rocha, Sahin eta Lottermoser. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 3.862 ikusle Charleroiko Spiroudome pabiloian (Belgika). Uxue Bilbo Basketeko jarraitzaileak izan ziren nagusi harmailetan: 2.000tik gora bildu ziren. Lokomotivek Kubanekoak mila eskas ziren.

Buruz eta gorpuz gutxiago izan zen. Adorea, kuraia, izaera... hitz batean, bihotza gehiago erakutsi zuen Bilbo Basketek, baina finaletan saskibaloiak xakearen antza gehiago du borrokarena baino, eta atzo, Lokomotivek hobeto erabili zituen bere piezak. Fisikoki pieza hobeak zituen, eta nabaritu zen, defentsan bereziki. Burua, aldiz, erasoan, baloia ondo mugitu, jokalari aproposa aurkitu eta uztaira gerturatuz. Bilbo Basketek, aldiz, boladaka erantzun zuen, anabasan aurrera eginez. Baina horrekin ez da aski, eta Charleroi inbaditu zuten zaleek burumakur egin zuten itzulerako bidaia, euren azaletan denbora luzean erremina sortuko dioten orbain berriari begira.

Bilbo Basketek ez zuen ondo jokatu. Egun garrantzitsuenean gauzak ez zitzaizkion irten. Lokomotivi, aldiz, bai. Fotis Katsikarisek atzean antolaturiko ekuazioa ondo argitu zuen. Bilbo Basketek, aldiz, ez zuen saskirako bidea aurkitu. Adoreari hirukoak gehitu zizkionean kolpeak erantzun zituen, baina erasoko argia joan zenean Lokomotiven atzetik korrika joan zen. Badirudi Bilbo Basketek zama handia duela egun handiekin, eta beste behin kirioak kontrolatzea kosta izan zitzaion. Partida garrantzitsu asko galdu ditu honezkero eta oroitzapeneko mamuak handitzen doaz.

Lokomotivek ez zuen inork espero ez zuenik egin. Calathes ondo zaindu zuen Bilbo Basketek hasieran eta Kalnietisek barnekaldien bitartez hartu zuen puntuak pilatzeko ardura lehen laurdenean (3-10). Partida gaizki hasi zen, baina Fotis Katsikarisek Lopez kantxaratu eta haren gidaritzapean Bilbo Basketek kolpea erantzun zuen. Jaurtitzaileak bilatu, aurkitu, eta Bilbo Basketek aurretik bukatu zuen lehen laurdena hiru hirukori esker (17-16).

Lokomotivek estutu egiten zuen, eta hirukoak ziren arnasbidea. Apustu arriskutsua da baina, eta errusiarren defentsa gogorra oztopo handiegi bilakatu zen. Bilbo Basketek giharrekin egin zuen talka. Moermanek eta Grimauk launa puntu sartu zituzten —Katsikarisek saskipean sartzeko agindu zien Mumbru eta Grimauri, Jasaitisen aurka buruz buru joka zezaten—, baina ez zen aski Hendrix —partidako jokalari onenaren saria jaso zuen: 14 puntu eta 9 errebote—, Brown eta Saric saskipean egiten ari ziren triskantza erantzuteko. Lokomotiven pibotak askoz gehiago izan ziren partida guztian. Atsedenaldian, zortzi azpitik (30-38).

Argia behar zuen Bilbo Basketek aurrean zuen taldeari eusteko, eta Vasileiadisek bakarrik aurkitu zuen. Baloia erretzen zuenak greziarrak eskatu egin zuen. Ausarta da, asko gainera, finaletan jokatzeko behar den ezpal horrekin eginikoa da. Kideak urduri eta baloia pasatzen ikusita bere burua eskaini zuen jokaldi guztietan eta zortzi puntu sartu zituen. Mumbru, Hervelle eta enparauak, berriz, ez ziren agertu. Lokomotivek,berriz, sendotasuna eta zentzua erakusten zuen, erabaki zuzenak hartu eta jokaldiak lotzeko ahalmena. Ikusgarria izan zen Hendrix, Brown eta Saricek elkar aurkitzeko izan zuten abilezia (64-75).

Balentria urrun zegoen. Partida oso aldapa gora. Harmailetan ere miraria ezinezkoa zela sinesten ari zenean Bilbo Basketek oldarraldia izan zuen. Burua agertu zen, eta haren eskutik 8-0eko partziala (50-57, 38. min.). Lokomotiv nekea sumatzen hasten ari zela zirudien, eta Rakovicek aldea are gehiago murrizteko aukera izan zuen saskipean bakarrik gelditu zenean. Baina kale egin zuen, eta hor bukatu zen ilusioa. Ezinezkoa zen, eta beranduegi zen ordura arte gaizki eginikoak zuzentzeko. Calathes izan zen borreroa amaieran. Bilbo Basketek beste final bat galdu du, baina zaleek txalo artean agurtu zituzten jokalariak. Horiek bai heroiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.