Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia. Erreakzioak

Jauregi: «Aieteko ebazpenak ez du eraginik izango gobernuarengan»

Nazioarteko konferentzia «ETAren amaiera antzezteko gidoiaren zati bat» dela iritzi dio Espainiako Presidentetza ministroakRubalcabak esan du ez ziola «oniritzirik» eman PSE-EEri Bakearen Etxera joateko

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2011ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuari «etsigarria» iruditu zaio Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Nazioarteko Konferentziaren adierazpenaren edukia. ETAri armak behin betiko uzteko egiten zaion eskaera izan ezik, gainerako eskakizunen edukia «nahiko etsigarria» dela iritzi dio Ramon Jauregi Presidentetza ministroak. Hori horrela, argi utzi du «Espainiako Gobernuarengan ez duela eraginik izango biltzarrean adostutako adierazpenak». Agiri hori «paper bat gehiago» dela iritzi dio Presidentetza ministroak.

Donostiako konferentziaren inguruan baloraziorik ez duela egingo iragarri zuen herenegun Espainiako Gobernuak, eta gauza bera berretsi zuen atzo Presidentetza ministroak, Ser irrati kateari emandako elkarrizketan. Hala ere, konferentziari buruzko iritzia plazaratu zuen, adierazpenaren edukietan sakondu gabe.Jauregiren ustez, agiriaren zatirik azpimarragarriena da ETAri «irmo» esaten zaiola armak behin betiko utzi behar dituela. Baina hortik aurrera, Donostiako biltzarrak ETAren amaiera «antzezteko gidoiaren edo liturgiaren zati bat» izan daitekeela iritzi dio, «erakunde armatuak beti nahi izan duelako nazioarteko bitartekaritzaren parte hartzea».

Presidentetza ministroa ziur da «bakea ukitzetzear» gaudela baina hori Espainiako gizartearen eta demokraziaren garaipena baino ez dela izan: «Hori da egia bakarra, izan daitekeen kontakizun bakarra». Jauregik uste du konferentziaren ostean «distantziakidetasuna eta gatazkaren kontakizun okerra» egiteko arriskua egon daitekeela, eta hori saihesteko eskatu du: «Ez da egongatazkarik, ez Espainiaren eta euskal herritarren artean, ezta euskal herritar batzuen eta besteen artean ere. Kontakizun hori ezin da aldatu, benetako lekukotza milaka biktimek emango dutelako».

ETA«erabatisolaturik eta bazterturik» dago, eta haren jardueraren amaiera ekar dezakeen «gidoia» izan da Donostiako nazioarteko konferentzia, Jauregik azpimarratu duenez. Ordea, Espainiako Gobernuak eutsi egingo dio «bere estrategiari», ETAk hiltzeari utzi arte, haren hitzetan. Argi utzi du, gainera, «demokraziak ez duela inolako ordain politikorik emango» indarkeria uztearen truke. ETAri behin betiko biolentzia uzteko exijentzia egin dio atzera ere Jauregik, Espainiako Gobernuaren izenean.

Antonio Camacho Espainiako Barne ministroak ere ildo beretik hitz egin du. Konferentziak onartutako bost puntuko adierazpenetik gobernuak ez duela «bat bera ere» bere egiten esan du: «Ez dugu ezer gure gain hartuko. Horixe da gure jarrera, historikoki izan dugun jarrera, eta horrela izango da erakundea desagertu arte». Donostiako agiriaren ondorioei garrantzia kendu die Camachok, «garrantzitsuena» ETAk biolentzia uztea dela azpimarratuta.

Camachok argi dauka «demokraziak» garaitu egin duela ETA, eta berretsi du gobernuak behin betiko uzteko exijitzen diola talde armatuari.

Horrez gain, Frantziako Atzerri Ministerioko bozeramaile batek armak behin betiko utz ditzan eskatu zion atzo ETAri, eta Espainiako Gobernuari sostengua eman zion «indarkeria amaitzeko ahaleginetan».

Gobernuaren baimenik gabe

Asteleheneko konferentzia baino lehenago PSE-EEk bertan parte hartzeko asmoa zuela bazekien Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren Espainiako presidentegaiak, baina argitu du ez ziola «oniritzia» eman Jesus Egiguren buru den alderdiari. Joan den astean Jose Blanco eledunak adierazi zuen PSE-EEk ez ziola gobernuari jakinarazi konferentziara ordezkaritza bidaliko zuela baina alderdi barruan horren berri bazutela. Blancok esandakoarekin bat egin du orain Rubalcabak.

Konferentziako agiriaren edukiaz iritzirik ez du eman PSOEren presidentegaiak, ezta Espainiako eta Frantziako gobernuei egindako elkarrizketa deiaren inguruan ere. «Biltzarra antolatu dutenek baloratu beharko dute, nik ez baitaukat zerikusirik konferentzia horrekin», nabarmendu du, prentsaurreko batean. Sarritan galdetu diote kazetariek nazioartekokonferentzia sustatu duten adituen lanaren garrantziaz eta haiek kaleratutako adierazpenaren edukiaz, baina Rubalcabaksaihestu egin du galdera oro.

Bestelako mezua zabaldu nahi izan du PSOEren presidentegaiak. Haren aburuz, une honetan «benetan garrantzitsua» da ETAren kontrako borrokaren azken pausoak ematen ari direla: «Hau amaitzear dago», gaineratu du. «Terrorismoaren amaieragertu dago», esan du behin eta berriz. Hala, egungo egoera sortzen lagundu duen «metodoari» eustea galdegin diote «demokrata» orori: «Irmotasuna, batasuna eta zuhurtzia» eskatu ditu Rubalcabak, «urte luzetako esfortzuak emaitzak izan ditzan eta ETAk behin betiko indarkeria utz dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.