Albistea entzun

Euskal Lurralde Elkargoa. Ekainaren 1eko manifestazioa. Xabi Larralde. Sortuko ordezkaria

«Ezer ez mugitzea agintzen dio Madrilek Parisi»

GAIZKA IROZ

Jenofa Berhokoirigoin -

2013ko maiatzak 31

Manuel Vallsen adierazpenak baino lehen egindako elkarrizketa izan arren, Xabi Larralde Sortuko ordezkariak argiki dio ez dela erraza izanen euskal lurralde elkargoaren lortzea. Besteak beste, «kultura jakobinoa biziki azkarra delako».

Zergatik da inportanta biharko manifestazioa?

Bi berezitasun ditu. Batetik, edukiari begira, Ipar Euskal Herriak bere esku behar lituzkeen politika publikoei buruzko lan bat abiatu da eta lurralde elkargo bereziaren proposamena atera da. Erran nezake abertzale gisa ez dela Ipar Euskal Herriarentzat nahi nukeena, baina bigarren berezitasun inportant bat ere badu, eta da Ipar Euskal Herriarentzako izaera berezia duen estatutuari begira adostasun orokor bat finkatzen duela. Ipar Euskal Herriaren ahotsa konfiguratzen duen indar metaketa biziki zabala eraiki da. Bi berezitasun horiek zentzu politiko berezi bat hartzen dute murgildurik gauden testuinguruan. Alde batetik, deszentralizazio erreforma gauzatzen dabil estatua, eta, bestetik, bake prozesu baten aitzinarazten saiatzen gabiltza. Aro berri bat ireki da Euskal Herrian eta bada garaia Ipar Euskal Herriari onarpen politiko bat emateko. Horregatik da biziki inportanta.

Diozu lurralde elkargoaren proposamenak ez zaituela asetzen. Baina, hala ere, alde mobilizatzen zarete.

Burujabetza prozesu bat hiru geltokitarik igaro behar da: autoafirmazioa, autoantolakuntza eta autodeterminazioa. Lehenik, gizarte zabalera iritsi behar da, eta Ipar Euskal Herrian oraindik lehen pauso horretan gaude. Nahiz pentsatzen dudan lurralde elkargoa ez dela bestelako aldarrikapen bat, kontzeptuan ematen du aldaketatxo bat. Hala ere, ez da formula estandar bat. Ipar Euskal Herriaren beharretarik osatutako formula bat da. Beharrezkoak ditugun eskumen batzuk planteatzen ditu. Galdera ez da nahikoa den ala ez, baizik eta zein ibilbide egin daitekeen geroari begira. Euskal lurralde elkargoak lurraldetasuna finkatzen du, eta hainbat lerrotan Euskal Herriari begirako proiekzioa ekar lezake.

Elkargoaren alde direnen artean ere frantses alderdietako hainbat hautetsik ongi zehazten dute ez dela aldarrikapen abertzale bat. Zer diozu horretaz?

Iritzi politiko ezberdinetako eragileen artean adostasun bat dagoen unetik, bakoitzak du adostasunaren interpretazio propioa. Horrela izan behar du, adostasun eremuak guztiei kabitzeko aukera utzi behar du. Lehen erran bezala, egin daitekeen ibilbidea dut begiratzen. Guk, hain zuzen, jokaleku politiko baten eraikitzearen parioa dugu egiten une honetan; horren baitan proiektu guztiak era librean gauzatzeko zelaia eraiki nahi dugu, Ipar Euskal Herriaren lurraldetasunaren eremua finkatuz eta tresna batzuk hornituz. Uste dut Euskal Herriak lortzen balu bere bidea egiten burujabetzaren bidean, praktikoki aukera genukeela hainbat sektoreei frogatzeko gure proiektuan kabitzen direla eta, gainera, ongi izate hobea lortuko luketela.

Parisetik egin adierazpenetan ezetzaren doinua sendi da. Zeren isla litzateke erantzun ezkor bat?

Batetik, kultura jakobinoa biziki azkarra da, eta ez bakarrik Euskal Herriari begira. Berdintasun kontzeptuan oinarriturik edo horren aitzakiaz, kultur ezberdintasunak aintzat hartzeko arazo bat dute. Bestalde, badu zenbait urte Ipar Euskal Herriari begirako analisi politikoa ez dela hiru probintziei mugatzen, baizik eta maila batean izaera nazionala duela, Ipar eta Hego Euskal Herria. Beraz, urrats ttipi bat emanda, kontrolatzea zaila izango zaien bide bat ireki daitekeela pentsatzen dute. Espainolek egiten duten presioa ere hor da. Ezer ez mugitzea agintzen dio Madrilek Parisi. Hori arazo orokorrago batean kokatzen da. Nabari da estatu espainolean nazio identitatearen aldarrikapenak indartu direla azken urteetan. Independentismoarentzat indar artikulazio handi bat egiteko aukera bezala ikusten du Madrilek ireki den fasea. Oraingo fase orokorra arazo horren harian korapilatua da, eta konponbide prozesua trabatzen dabil Madril, Parisetik egin kolaborazioarekin. Horren barnean kokatzen da Frantziaren Espainiarekiko lerrokatzea, besteak beste eztabaida instituzionalean.

Tokiko hautetsien ahotsak Madrilek baino indar handiagoa ukaiteko zer egin behar da?

Burujabetza prozesuan bigarren fasera pasatu behar dugu, autoafirmaziotik autoantolakuntzara pasaz. Horretan da gakoa eta gainera hori pentsatuz Euskal Herri osoaren perspektiban.

Nazio ikuspegitik zer ekarriko luke euskal lurralde elkargoak?

Gaur egun, ez dugu ezagupenik, eta horrek erran nahi du ez dagoela izaera publikoa duen solaskiderik Ipar Euskal Herrian. Beraz, lehenik eta behin subjektua. Horregatik da koordinazioaren pausoa garrantzitsua, subjektuaren eraikitzearen adierazle delako. Behin hori dugula, baldintzak sortuko lituzke Hego Euskal Herriarekin harreman instituzionalak gauzatzeko. Europako testuinguruan aukerak badaude, baina ezin ditugu baliatu Ipar Euskal Herrian ez dugulako izaera instituzionalik!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Rufi Etxeberria eta Oihana Garmendia Sortuko kideak, gaur, Donostian, Ion Telleria kazetariak gidaturiko solasaldian. ©jon urbe / foku

Hurrengo urratsa: kaleratzea

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Espetxe politika «humanizatuta», betetako urteen araberako baimenak, hirugarren graduak eta baldintzapekoak lortzea du xedea Sortuk: 168 presok «kalea zapaltzea».

Luzia Ezker, Jon Alonso, Eneko Etxeberria, Amaia irigoien eta Iñaki Alforja, Nafarroako Parlamentuan, agerraldiaren ostean. ©Iñigo Uriz / Foku

Naparra biktima gisa aitortua izateko eskatu dio sendiak parlamentuari

Joxerra Senar

Eneko Etxeberria Naparraren anaiak 2015etik hona kasuak izan dituen nondik norakoen berri eman die taldeei, eta hainbat eskaera egin dizkie: besteak beste, legebiltzarrak ahal duen guztia egin dezala Jose Miguel Etxeberriaren arrastoak bilatzeko bigarren araketa egiteko.

78ko Sanferminak Gogoan taldearen elkarretaratzea iragan irailean ©Idoia Zabaleta / Foku

Espainiako Estatuak 1978ko sanferminetako gertaeren erantzukizuna har dezala eskatu dute

Joxerra Senar

Polizia armatuak hildako German Rodriguezen anaia Fermin eta 78ko Sanferminak Gogoan plataformako Sabino Cuadra parlamentuan izan dira, eta taldeei lau eskaera egin dizkiete, estatuak ezarritako «zigorgabetasuna amaiarazteko»

Maiatzaren Leheneko manifestazioa Donostian, 1931n. 26 egun geroago gertatu zen sarraskia Ategorrietan. ©

Ategorrietako 1931ko sarraskiaren biktimak oroitzeko eskatu du EH Bilduk

Jon O. Urain

Guardia Zibilak zazpi langile hil zituen tiroz Donostian. 90 urte beteko dira maiatzaren 27an, eta indar subiranistak nabarmendu du hirian ez dagoela gertakariari buruzko oroigarririk.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.