Azken hitzerako babesa eskatu dute 'herrikoen' auzian epaituek

Fiskalak bihar zigor eskaerak bertan behera utziko dituen esperantza dute epaituek; epaiketa gaur zortzi amaituko da

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2014ko martxoak 5
Herriko tabernen auzi gisa ezagutu den 35/02 sumarioari dagokion epaiketa aurki amaituko da; aurreikuspenen arabera, gaur zortzi. Luze egin zaie ia bost hilabete iraun duen ahozko saioa epaituei, eta azken hitza prestatzen ari dira. Bost hilabeteok utzi dutena ezereza dela sentitu dute; egiazki, ez dagoela haien aurkako akusazioak egiteko oinarririk «frogatu» dela. «Ez da inputazio penal zehatzik egin, eta ez da akusazio elementu pertsonalizatu bakar bat ere aurkeztu», ohartarazi du Karmelo Landa auzipetuak akusatuen aulkian kide duen Sabin del Badorekin egindako agerraldian. Hortaz, epaituak zigortu nahi izatea konponbidearen eta demokraziaren aurka egin nahi izatea besterik ez litzatekeela diote.

Horixe plazaratzeko baliatu nahi dute epaiketa amaierako hitza. Jardun politikoak zigortzeak ez duela lekurik adierazteko eta konponbiderako deia egiteko. Aldarri hori epaituena beraiena baino zabalagoa izan dadin saiatuko dira, gainera. Babesak biltzeari ekingo diote hartarako.

Hala ere, bada epaituak itxaroten ari diren beste egun bat: biharkoa. Aldeek behin betiko eskaerak egingo dituzte. Epaiketak utzi duena aztertuta, seguru daude akusazioei eusteko heldulekurik ez dagoela. Hortaz, fiskalak zigor eskaerak bertan behera utzi behar lituzkeela diote: «Fiskalak, hau da gobernuaren ordezkariak, aukera bakarra du: akusazio penalik ez dagoenez, zigor eskaera guztiak bertan behera uztea».

Hala egingo ez balu, auziaren zio politikoa eta Espainiako Gobernuaren bultzada agerian geratuko liratekeela ohartarazi dute: «Akusazio penalik ez dagoenez, fiskalak, gobernuak, zigorrak eskatzen badituzte, inoiz baino nabarmenago agertuko da epaitegiak erabiltzen dituztela politika maltzurra egiteko». Landaren esanetan, gainera, epaitegiak «bakearen eta demokraziaren alde lanean diharduten ordezkari politikoak kartzelatzeko» erabiltzen dituztela erakutsiko lukete, hori baita, dioenez, politikan arituta akusatuek egin duten gauza bakarra.

Izan ere, Landak azaldu duenez, fiskalak eta akusazio partikularrak akusazioei eusteko peritu gisa erabili dituzten poliziek aitortu dute epaituei egiten zaizkien akusazioak «hipotesi» hutsak direla, akusatuek ez dutela ETArekin harremanik, eta herriko tabernek beste edozein tabernak bezala funtzionatzen zutela

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna