Plazatik

Malgusegurtasuna

Andoni Egaña -

2012ko maiatzak 26
Aspaldian esan zuen norbaitek, politikaria dela zer gertatuko den aurreikusi, hala aditzera eman, eta aurreikusia gertatzen ez zenean, gertatu ez zenari eta aurreikuspen okerrari buruzko azalpenak dotore emateko gai dena.

Ahalmena behar du horretarako, eta ez ahalmena bakarrik. Ni, azken urteetako zurrunbiloan txiki sentitzen naiz. Badakit zer den gastu handia. Sumatzen dut ez dudala abiadura handiko tren bat behar Zarauztik Bilbora urtean dozena bat aldiz edo Gasteizera beste hainbat bider joateko. Badakit Jaizkibelgo maldak eta itsas-labar hura gustuko ditudala eta ikusi izan dudan superportu egitasmoak izutu egin nau bere handitasunean. Horraino ulertzen dut. Baina eztabaida propio kontzeptualago bihurtzen didatenean, lanbroak ezkutatzen dizkit bazterrak eta ez dakidala onartu beharra izaten dut. Ez dakit azpiegiturak funtsezkoak diren zinez eta haiek ezean gure enpresa-ehunak kalterik izango duen eta etorkizuna ainguratzeko aukera ezin hobea galtzen ari garen edo ez. Izan ere, hori jakiteko lehenik hitzak ulertu behar baitira, gero edukiak eta azkenik aurreikuspenean asmatu. Eta hori gehitxo zait. Baina Patxi Lopez lehendakariak badaki. Eta Pello Gibelaldek, Adegiko presidente berriak, ere bai. Niri susmo txarra sortzen dit poetak publikatu ezinik dabiltzan bitartean agintariek poesia antzeko zerbait egin dezaten uzten duen gizarte moduak.

Susmo txarra sortzen didan bezala substantiboen gehiegizko premia honek. Txoko honetan bertan kontatu nizuen ekimena txalotu eta egitea baliogutxitzen den garaiotan gaizki goazela; pairamena gauza bat dela eta sufritzea beste bat, askoz okerragoa; ongizatea ez dagoela gaizki baina aukeran nahiago dudala ongi izan. Substantiboek, askotan, errealitatea bihurritzen digute eta ulertzen nekezagoa bihurtu. Eta horren adibiderik behinena aste honetan ezagutu dugu gutariko askok behintzat. Malgusegurtasuna hitza gizarteratu da. Aho-korapilo jolastia dirudi baina kontu serioa da nonbait. Adegik presidente aldaketa zuela eta gonbidatu zutenen arteko bat Danimarkako Sindikatuen Konfederazioaren aholkularia zen, Christian Solyst, eta berak eman zuen kontzeptuari buruzko azalpena.

Malgusegurtasuna omen da, batetik lan merkatuaren malgutasuna enpresaburuek errazago kontratatu ahal izateko, eta bestetik, langileentzako segurtasuna langabezian geratuta ere gizarte laguntzak jasoko dituztela ziurtatzeko. Eta beste behin ere ez dakit… baina ez naiz fio. Usaina baino kiratsa dario. Gogora datorkit laurogeiko hamarraldiaren hasierako Koldo Mitxelenaren purrustaldia. Beste substantibo bat, langabezia hitza, orduan hasi zen hedatzen. Eta Mitxelenak zioen, oker ez banago, gaztelerarekiko menpekotasun handiegia adierazten zuela hautuak. Gazteleraz paro hitz bakarrean esaten zelako ez zeukala euskarak zertan hitz bakarrean esanik. Berak lanik eza hobesten zuen, nahiz bi hitz izan. Nago, hizkuntzak komunikatzeko adina balio duela inkomunikatzeko, langabezia-k indarra galdu duela erabiliaren erabiliz, eta langabezia-ren ordez lanik gabe edo kale gorrian ipiniko bagenu aurretxoagoko esaldian, malgusegurtasuna ez litzatekeela inola ere erakargarri. Egizue proba. Honela geratuko litzateke esaldia: «Malgusegurtasunak, batetik lan merkatuaren malgutasuna dakar enpresaburuek errazago kontratatu ahal izateko eta bestetik langileentzako segurtasuna kale gorrian geratuta ere gizarte laguntzak jasoko dituztela ziurtatzeko». Harrapazank!

Marketinak hizkuntza propio bihurritu zuen gure arreta erakartzeko. Aspalditxokoak dira ¿Qué me dices? ¡ Que te Fagorices!» edo Me siento Flex haiek. Aginteak gauza bera egiten du orain gu nahasteko. Eta nahasmenak, ezagutzeko zailtasunak, ulertu ezinak, beldurra dakar. Eta beldurrak, perlesia. Hala esaten zioten gure aitona-amonek paralisiari. Baina geldirik ez egoteko, protestan hasteko, kexua ozentzeko esaiozu ba hitz bat esan orduko kalera joango dela dakien langileari! Lan bila eta ate-joka beste ehunka dabiltzala erantzungo dizu eta ez doala arrisku hori hartzera. Eta beldur hori, txarrean txarrari eutsi nahi hori da azken batean uler zenezakeen bakarra.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna