Imanol Murua Uria.
Handik eta hemendik

Sabin Etxeko sekretua

2013ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Irlandako prozesuaren giltzetako bat onespen printzipioa izan zen, principle of consent jatorrizko bertsioan. Errepublikanoentzat ez zen erraza izan onartzea, subjektutzat ez zuten eremuaren erabakimena onartzea baitzen (Ipar Irlandako sei konterriak), baina etsi zuten. Azken batean, zera hitzartu zuten: bi eremu bereizietako gehiengoen onespenik gabeko Irlanda baturik ez zela izango; Ipar Irlandako gehiengoaren onespena ere beharrezkoa zela. Ibarretxe Planari buruzko saltsaren garaian, ordea, printzipio horren bestelako irakurketa zabaldu zuten ez gutxik: alegia, onespen printzipioa onartuz, Irlandaren batzea bi komunitateen adostasunarekin baino ezingo zela gauzatu hitzartu zutela; hots, errepublikanoek onartu zutela Irlanda baturik ez zela izango unionisten onespenik gabe; hau da, unionistek unionista izateari utzi arte ez zela Irlanda baturik izango. Ez zen hori, jakina: errepublikanoak unionisten betoa onartzeko prest zeuden, baina unionistak gehiengo ziren bitartean bakarrik. Aldea dago.

Ibarretxeren bigarren plana ehortzi eta bost urtera, Euskal Autonomia Erkidegoaren estatus politikoa aldatzeko makina martxan jarri du berriro EAJk. Eusko Legebiltzarreko lau indar nagusien arteko adostasuna da helburua, Gernikako Estatutuak baino adostasun handiagoa —edo parekoa— lortzea. Onespenaren printzipioa, beraz, baina ez esanahi irlandarrean —gehiengoaren onespena—, baizik eta bestean—denen adostasuna—. Agerikoa baizik ez du esan ELAko buru Adolfo Muñozek: ezinezkoa da.

Ezinezkoa da, baldin eta akordioan erabaki eskubidearen aitorpena jaso nahi bada. PPri buruz, ez dago zalantzarik. PSE-EErekin, ez askorik. Loiolan erabakimenaren formulazio adostua onestera iritsi zen, baina: 1) Aresek orain dio sozialistak ez zeudela prest zirriborro hura bere horretan onartzeko; 2) Egigurenek dio baietz, baina, sinatuz gero, gero lanak izango zituztela hitzartutakoa betetzen; 3) PSE-EEren diskurtsoak nahiz praktikak garbi utzi dute, geroztik, Loiolakoa bake truk zelako iritsi zirela hain urrun baina, orain, inola ere ez daudela horraino ailegatzeko gertu; eta 4) oraingoan ez dute negoziatzera Egiguren bidaliko. Beraz: edo PP etaPSE-EE barne hartuko dituen akordiorik ez da izango; edo akordioak ez du erabaki eskubidea jasoko.

Jeltzaleek, oraingoz, ez dute argitu zer estatus proposatuko duten. Eta ahalegin berezia egin dute, ponentzia proposamena aurkeztu osteko azalpenetan, erabaki eskubidea aipatu ere ez egiteko. Taktika izan daiteke: erabaki eskubidea ez aipatzea, PSE-EE eta PP lantalde parlamentariora erakartzeko; ahalik eta onespen zabalena lortzeko helburua, gerora argudiatu ahal izateko denen adostasuna bilatu zutela baina batzuek ez zutela nahi izan. Ortuzarren azalpenen musikak besterik adierazten du, ordea. Gernikako Estatutua arbuiatu zuten «bi muturrak» —AP eta HB— parekatuz eta haiek adostasun berrira erakarri behar direla argudiatuz, batetik, eta erabaki eskubidearen monopolioa mutur horietako bati utziz, bestetik, abiapuntu eskasa jarri du EAJk: arbitroaren plantak eginez, erabaki eskubidea lautik bakarraren aldarrikapena dela irudikatzen ari da, %64ko gehiengoaren marra gorria irudikatu beharrean. Hauteskunde arteko denborapasa baino zerbait gehiago dela sinetsarazten zaila izango dute, kartak erakusteko garaia iristen denean ausartago jokatzen ez badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.