Rafa Rueda. Musikaria

«Elektrizitateak urrundu egiten du musika tresna benetakotasunetik»

Kontzertu «berezia eta bitxia» emango du Rafa Ruedak gaur Durangon, Xabier Montoiarekin batera. Tresna elektrikoei uko egin gabe, entzuleengana gehiago hurbiltzeko formatu bat probatuko dute.

Edu Lartzanguren.
2013ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Musikaria da Rafa Rueda (Mungia, 1972). Kontzertua emango du gaur, 22:00etan, Durangoko (Bizkaia) Plateruenan. Xabier Montoia izango da gauaren beste protagonista. Bakoitzak bere bosgarren diskoa aurkeztuko du, Enaren geometria bizkaitarrak, eta Xabier Montoiaren mundu miresgarria arabarrak. Oholtza partekatuko dutela esango genuke normalean; baina oraingoan ez. Izan ere, orain arte eman den kontzertu «bitxienetakoa» izango dela iragarri du Ruedak.

Zertan izango da berezia gaurko emanaldia?

Musikarien kokapena izango da berezitasunik handiena. Musikarien eta entzuleen artean agertokiak ezartzen duen urruntasuna ezabatu nahi dugu, eta entzuleen artean joko dugu, haiek ondo-ondoan izateko. Espazio aldetik, Plateruenak hori egiteko aukera ematen du. Horretarako, kantuak moldatu behar ditugu: konponketak ezin dira izan agertoki baterako edo ohiko rock zein pop estetikan bezalakoak. Musikariok entzuleen parte izatea nahi dugu.

Halakoetan, emanaldi akustikoak egiten dituzte musikari askok, eta bakarlari aritzen dira. Zuena bestelakoa izango da, ezta?

Banda osoa arituko gara, eta elektrikoan. Soinuaren indarra eta ekualizazioa hobeto neurtu behar ditugu, arazoak saihesteko. Entzule guztientzat orekatzea ez da erraza, batek tresna bat beste bat baino gertuago izango duelako. Erronka teknikoa lortuta, sentsazio estetikoa oso polita da. Gutxitan lor daiteke, hala ez bada, holako gertukotasun maila.

Musikaren munduan diskoak erreferentzia izateari utzi dion honetan, derrigorrezkoa da entzuleekin bestelako harreman moldeak esperimentatzea?

Agertokia ez dugu zertan baztertu, baina beste aukera batzuk probatzeko bidea badugu, probatu behar ditugu. Izan ere, antzerkia eta musika uztartuko dituen ikuskizun bat prestatzen ari naiz, baina ezin dut asko kontatu izen esanguratsuak daudelako tartean, eta neure kantak sortzen ari naiz, datorren urtean grabatzeko. Kontzertu estandarrak egiteko milaka leku daude, baina halako gauzak egiteko toki gutxi daude.

Oraindik ere badira trebeziarik eza dezibeliokin estaltzen dutenak. Nola eragingo dio halako probak zuen soinuari?

Testuretan igarriko da. Estridentziak albo batera utzi beharko ditugu. Rock kontzertuetan ongi funtzionatzen dute maiztasun ertainek eta agudoek, baina beste halakoetan saihestu behar dituzu. Kantuak biluzik aurkeztu behar dituzu, eta musikariek poliki altxatu behar dituzte, maiztasunekin kalterik egin gabe. Goxotu egin behar duzu anplifikagailu elektrikoek duten estridentzia.

Azken boladan benekotasuna eta zintzotasuna dira musikari askoren hitz fetitxeak. Baina artea ez da, berez, artifizioa?

Joerak, agian, zerikusi handiagoa du filosofiarekin estetikarekin baino. Garaiak horretara bultzatzen zaitu, eta musikaren industrian ere entzuleengana gehiago hurbiltzeko joera dago. Elektrizitateak urrundu egiten du musika tresna benetakotasunetik, eta saiatu behar dugu horri buelta ematen, elektrizitateari uko egin gabe. Asko gabiltza horren bila.

Musikariak zapatak kentzearena eta erretratua oinutsik egitearena, horren metafora da, orduan?

Nik berez ez ditut zapatak batere gogoko. Etxera heldu eta berehala kentzen ditut. Zoritxarrez, ezingo dugu kontzertua oinutsik eman, pedalak eta halako traste elektriko asko egongo delako lurrean. Arriskutsua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.