Gorka Menendez. Ingurumen zientzietako lizentziaduna

«Arbel gasaren ustiapena espekulaziorako burbuila bihurtzeko arriskua dago»

Energia krisia menderatu nahian, ezohiko gasak ustiatzen hasi nahi du Jaurlaritzak, AEBetako esperientzia iluna izan arren. Gaur haustura hidraulikoaren inguruko hitzaldi bat emango dute Donostian.

Donostia
2012ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Krisia gainditzeko «mirari ekonomiko berria» izango delako itxaropenez, Arabako Lautadako lur azpiko harriak hautsita gasa ateratzea bideragarria den aztertzen dabil Eusko Jaurlaritza. Teknika horren ondorioen berri iritsi da AEBetatik, eta Gorka Menendezek (Galdakao, Bizkaia, 1986), beste aditu batzuekin batera, horiek azalduko ditu gaur, 19:00etan,Okendo kultur etxean, Donostian.

Labur azalduta, zertan datza haustura hidraulikoa?

Ezohiko gasa ustiatzeko sistema da. Bi erregai mota daude: ohikoak eta ezohikoak. Lehendabizikoak ustiatu izan dira orain arte, ateratzen errazagoak direlako; gasa poltsa handietan biltzen baita. Ezohikoen kasuan, gasa arbel haitzetan zehar sakabanatuta egoten da, burbuila txikietan bilduta. Gas hori lortzeko, arbela hautsi behar da, lurra zulatuz eta leherketak eginez. Ura, hondarra eta hainbat produktu kimikoren nahastura sartzen da, presio handian. Hala, arbela txikituta kanporatzen den gasa eskuratzen da.

Zein produktu kimiko erabiltzen dira?

Zaila da jakiten; normalean, enpresek uko egiten diote argibideak emateari. AEBetako azkeneko ikerketen arabera, 600 produktutik gora erabiltzen dira. Askok minbizia eragiten dute. Oso arriskutsua da hori, sartzen den produktu kantitate bat —%15 eta %90 bitartean— ez delako berreskuratzen; eta denborarekin ur geruzetara iristen da, ezinbestean.

Aldekoen esanetan, ordea, petrolioak baino gutxiago kutsatzen du.

Kutsadura arazo guztiak berotegi efektura murrizteko joera dute. Eta, hala ere, hori ez da egia. Baliteke metanoa erretzean petrolioak baino CO2 gutxiago kanporatzea, baina prozesu osoan metano asko askatzen da eta metanoa CO2a baino 23 aldiz kaltegarriagoa da. Gainera, bitxia da argudioa, sistema batek ez duelako ordezkatzen bestea.

Nola dago Arabako Enara-4 hobia?

Ikerketa baimenaren azkeneko fasean da. Hasieran, zundaketak egiten dira, eta azkeneko urteetan, lehenengo zulaketak, errentagarria den ikusteko. Ezkutuan egon da dena Patxi Lopezek sekulako pagotxa aurkitu duela esan arte.

Ildo horretatik, New York Times kazetak burbuila hitza erabili du.

AEBetan ikusi da haustura hidraulikoa espekulaziorako burbuila bihurtzeko arriskua dagoela. Gobernuek diru asko sartzen dute, gas erreserba izugarria delakoan, baina gerta liteke gero ezer ez lortzea eta enpresek garaiz ihes egitea. Eta badaki- gu hemen ere espekulazioa gustuko dutela hainbatek. Bestalde, halakorik gertatu ezean, beste arazo bat agertzen da: gasa penintsula iparraldean baka- rrik dagoela. Interes asko izango lituzke Espainiak hemen, eta badakigu horrek gurean zer dakarren.

Ustiatzen hasiko balira, zein ondorio ekarriko lituzke ingurumenean?

Paisaia hondatuko litzateke. Hobi asko zabaldu behar dira errentagarria izateko: kilometro karratuko bat. Araban, 1.400 hobi lirateke. Horretaz gain, itzelezko ur kontsumoa. Sei hobik 70.000-200.000 tona ur behar dituzte. Ur horren guztiaren %2guztiz kutsatuta geratuko litzateke. Gainera, berez arroketan dauden metal astunak askatzen dira uretara eta airera. Eta oraindik ez dakizkigunak.

Aldekoek diote ezinbestekoa dela dugun energia beharra betetzeko.

Eta arrazoi dute. Bizimodu aldaketa bat beharrezkoa da etxetik gertu gas ustiapen eta zentral nuklearrik nahi ez badugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.