mikel lizarralde
Analisia

Zarata asko isilik egoteko

2014ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Donostia 2016an Europako kulturaren hiriburu izateko proiektuaren gainean zalantza ugari piztu dira azkeneko hilabeteetan. Itziar Nogeras egitasmoaren zuzendari nagusiaren izendapenak berak hautsak harrotu zituen iazko uztailean, eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate eta 2016 Fundazioko presidenteak komunikabideen aurrera atera behar izan zuen hautaketaren gardentasuna defenditzera. Gerora etorri dira Fernando Bernuesen eta Igor Otxoaren kargu uzteak, proiektuaren ziklo amaierekin eta berrien hasierekin justifikatu nahi izan direnak.

Ados egon edo ez, orain arte gertatutakoek beti izan dute erantzun arrazoitu bat, nahiz eta estrategia komunikatiboak hutsune asko erakutsi dituen —noizko, esaterako, proiektura gehitu direnen, zuzendaritza taldea osatzen dutenenen, aurkezpen ofizial bat?—. Atzokoak, ordea, ez. Atzokoak erakusten du Donostia 2016-ren barruan urak ez doazela bare. Nola ulertu, bestela, Nogerasek prentsa deitzea agerraldi baterako, eta prentsaurrekorako ordua aise igarota zegoenean, bertan behera uztea agerraldi hori?

Donostia 2016 Fundazioaren patronatuak bilera zuen atzo arratsaldean, 16:00etan, eta bertan kultur hiriburuaren bulegoak Donostia 2016ko programazioaren aurrerapena aurkeztu behar zien patronatu kideei —El Diario Vasco-k igandean aurreratutakoa—. Alabaina, bilera hasi baino bi ordu lehenago Nogerasek prentsa deitu zuen 18:00etarako. Deialdirako arrazoirik eman gabe.

Eta hor hasten da hipotesi dantza. 18:00etan, kazetari mordoxka Donostia 2016ren egoitzan. Zain. Nogerasek zer adierazi edo jakinarazi behar zuen. Minutuak aurrera eta zuzendari nagusiaren berririk ez, harik eta 18:45ean, Itziar Elizondo bulegoko komunikazio arduradunak iragarri zuen ez zela prentsaurrekorik egongo, «baldintzak» aldatu zirelako. Eta bost minutura Izagirre, Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Cristina Uriarte Jaurlaritzako Kultura sailburua bilduta zeuden bulegotik atera ziren. Nogerasen berririk ez zegoen.

Zarata handiegiko isiltasuna atzokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.