Aberri Eguna. Deialdiak

Nazio izaera aldarrikatuko du EAJk Aberri Egun «berezi honetan»

Atutxaren ustez, Nafarroako aldaketa itxaropenak berezi egingo du aurtengo Aberri Eguna.Bilbon egingo du etzi EAJk ospakizuna, eta kalera ikurrinak ateratzeko deia egin du

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2015eko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Euskal abertzaletasunak data seinalatua du etzi egutegian: Aberri Eguna. Azken urteetan bezala, ordea, indar abertzale nagusienek bereizita ospatuko dute egun hori. Aste honetan batera aurkeztu dute euren ospakizuna EH Bildu eta EH Bai koalizioek, eta atzo EAJk berea azaldu zuen. Urtero legez, Bilbon elkartuko dira jeltzaleak, eta bertan izango dira Diana Gonzalez EGIko bozeramailea, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Andoni Ortuzar EBBko presidentea. 11:30ean izango da ordua.

Igandera arte ez da itxaron behar izango, ordea, Bilboko Plaza Barrian entzungo diren hitzen norabidea zein den jakiteko. Itxaso Atutxa BBBko presidenteak atzo aurreratu zuen jeltzaleen mezua: «Euskadi nazio izatea nahi dugu, Europako beste nazioek osatzen duten maparen barnean». Hori lortu ahal izateko azken urteetan defendatzen ari diren ildoari eutsi behar zaiola azaldu du Atutxak. Hau da, «bizikidetza politikorako [Espainia eta EAEren arteko] akordio bat». Abiapuntua nazio onarpena izango litzateke, eta hortik «bi aldeak maila berean jarrita lortutako» akordio bat aldarrikatu du. Erabakitzeko eskubidea ere defendatu du, eta, era berean, legebiltzarrean adosten ari diren estatus politikoari garrantzia eman nahi izan dio. Hori esanda, Atutxak argitu nahi izan du abertzaletasuna ez dela «ezeren edo inoren aurka egiteko mugimendu bat, nortasun propioa aldarrikatzeko apustu irmoa baizik».

Aberri Egun hau, gainera, «berezia» izango dela uste dute jeltzaleek. Hori horrela dela ziurtatzeko, hainbat faktore aipatu ditu BBBko presidenteak. Hazkunde ekonomikoa, enplegu sorrera, aurrerapena eta elkartasuna. «Euskal nazioarentzat ziklo erabakigarria» dela esan du. Baina ziklo erabakigarria ez da hazkunde ekonomikoagatik bakarrik, baita testuinguru politikoagatik ere. «Sasoi berri honek bat egingo du Nafarroan beharrezkoa den aldaketaren itxaropenarekin, estatuaren egiturak errotik behar duen ezinbesteko berrikuntzarekin eta zilegi eta legezko dugun estatus politiko berri bat lortzeko ahaleginarekin». Era horretan, Atutxak itxaropentsu begiratu dio hauteskundez beteriko garaiari—udal eta foru hauteskundeak, Espainiakoak eta legebiltzarrerakoak datorren urtean—. Horrek egiten du aurtengo Aberri Eguna berezi, haren ustez.

Baina ez da aurreko urteetakoa baino bereziagoa izango, ospakizunen aldetik behintzat. Izan ere, alderdi nagusiek bereizita egingo dituzte ospakizunak. Edonola ere, ekitaldiekin bat egiteko deia denei egin die Atutxak. «Bake eta askatasunerako dugun eskubidea aldarrikatzeko, kalera atera dezagun gu guztiok identifikatzen gaituen ikurrina, keinu horren bidez herri berria eraikitzeko dugun borondatea erakutsiko baitugu». Era berean, dei egin du antolatu diren ekitaldi guztietan parte hartzeko, «bakoitzari dagokion begirunea gorderik, euskal aberrikoak garela adierazteko». Norberak atxikimendu askerako duen eskubidea errespetatuz, «herri honek bere etorkizuna demokratikoki erabakitzeko duen eskubidea defendatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.