Kataluniako erreferenduma

Kataluniak leporatu dio Madrili 155. artikulua «atzeko atetik» aplikatzea

Puigdemonti 48 ordu eman dizkio Madrilek, oinarrizko zerbitzuetarako ez den aurrekontua izozteko; oinarrizko gastuak Madrilek pagatuko ditu. Rajoy: «Egin nahi ez duguna eginaraziko digute»

Jendea protesta egiten, atzo Guardia Zibilak Sant Feliu del Llobregaten miatu zuen inprentaren sarreran. QUIQUE GARCIA / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Prozesu subiranista dela eta, Katalunian Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzeko eskatu izan dute PPko zenbait kidek. Artikuluak autonomia kentzeko aukera ezartzen du. Espainiako Gobernuak baztertu egin izan du, ordea. Baina azken astean indarra hartu du ideiak; areago, Espainiako Gobernuak atzo hartutako erabakiarekin. Izan ere, Cristobal Montoro Ogasun ministroak atzo jakinarazi zuenez, Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak 48 orduko epea du oinarrizko zerbitzuetarako ez den Generalitatearen aurrekontuko dirua izozteko. Oinarrizko gastuena eta funtzionarioen ordainketa bere gain hartuko du Madrilek. «Ez gabiltza eskumenak ordezkatzen, baizik eta ordainketak legez kanpoko ekintzetarako ez direla erabiltzen bermatzen», esan zuen Montorok. Generalitateak urriaren 1eko erreferendumerako dirua, «euro bakar bat», bideratzea eragotzi nahi du Madrilek, atzo emandako ultimatumarekin.

Horren berri eduki ondoren mintzatu zen Pere Aragones Kataluniako Gobernuko Ekonomia idazkaria: «Madrilek atzeko atetik aplikatu du 155. artikulua». Are argiago mintzatu zen Oriol Junqueras Kataluniako Gobernuko presidenteordea: «Generalitateko kontuetan esku hartzeak esan nahi du konstituzioko 155. artikulua aplikatzea, autonomia bertan behera uzteko eta kitatzeko». Eta Puigdemontek salatu zuen Badalonan, kanpainako ekitaldi batean, Kataluniaren egungo egoera «ezkutatutako salbuespen estatua» dela. «Fraga Legea ere ez zen hainbesteraino ausartzen!».

Espainiako Gobernua eskura dauzkan karta guztiak jokatzen ari da galdeketa eragozteko asmoarekin. Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak akordioa BOEn argitaratu ondoren —gaur, ziurrenik— abiaraziko dute 48 orduko epea. Montorok Puigdemonti exijitu diona da «ezinbesteko zerbitzu publikoetarako» ez diren diru partidak izoztu ditzala. Zerbitzu horiek dira, Espainiako Ogasun ministroaren esanetan, «soldatak, osasuna, hezkuntza eta zerbitzu sozialak» dira.

Kataluniako Gobernuak eskutitz bat helarazi zion Espainiakoari, herenegun, jakinaraziz ez diola gehiago bidaliko galdeketaren gastuen berririk —Montorok uztailean ezarri zuen betebehar hori, astero egin beharrekoa—.

Eta Madrilek jarraitzen du Kataluniako Gobernua ahal duen neurrian estutzen. PPk antolatutako ekitaldi batean parte hartu zuen Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak atzo, eta Espainiako «demokrazia» ez «gutxiesteko» eskatu zien Kataluniako agintariei. Mehatxatzera ere heldu zen Rajoy: «Egin nahi ez duguna eginaraziko digute».

Bien bitartean, Kataluniako Gobernuak ez du etsitzen, eta elkarrizketa eskaintzen dio Madrili. Puigdemontek, Ada Colau Bartzeloko alkateak, Junquerasek eta Carmme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak Espainiako Gobernuari eta Espainiako erregeari bidalitako gutun bat argiratu zuen atzo, TheFinancial Times egunkariak. «Beti eutsiko diogu hitz egiteko prestasunari»: Madrilek dio ez duela gutun hori jaso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.