Enpresa digitalak. Zergapetzeko proposamenak

EBk bidea ireki du erraldoi digitalek 5.000 milioi euro gehiago ordain ditzaten

Fakturazioaren %3ko tasa ezarri nahi die Googleri, Facebooki eta enparauei, sozietate zerga arautzeko modua sakon erreformatu artean. Estatu kide batzuen errezeloari, AEBen erreakzio posibleari buruzko kezka gehitu zaio
Pierre Moscovici Finantza eta Ekonomia Gaietarako komisarioa, atzo, tasa digitala aurkezten.
Pierre Moscovici Finantza eta Ekonomia Gaietarako komisarioa, atzo, tasa digitala aurkezten. OLIVIER HOSLET / EFE

Ivan Santamaria -

2018ko martxoak 22
Google, Facebook, Airbnb, Twitter eta halako enpresen zerbitzuetan erabiltzaile batek klik egiten duen bakoitzean, engranaje komertzial konplexu bat jartzen da martxan. Dirua badago klik bakoitzaren atzean, baina erraldoi digitalen irabazien parte handi batek ihes egiten dio zergapetzeari. Enpresa arrunt batek irabazten dituen ehun eurotatik 23 ordaintzen ditu zergetan, eta hamar baino gutxiago oinarri digitala duten konpainia berriek. Batzuetan, ezta hori ere. Europako Batzordeak hutsune hori estaltzeko proposamen bat aurkeztu du.

Zergatik ordaintzen dute horren gutxi irabazi gehienak sarean eskuratzen dituzten enpresek? Arrazoietako bat da sozietate zergaren egitura bera, mende batez oinarri bera izan duena. Konpainia bat zergapetzeko, lurralde batean lantegi bat, saltokiak edo langileak eduki behar zituen. Presentzia fisiko bat, azken finean. Interneten loraldiak hankaz gora jarri du eredu hori.

Ekonomiaren izar berriak dira multinazional teknologikoak, eta, horien artean, digitalak dira distiratsuenak. Urtero %14 handitzen dituzte salmentak, batez beste; telekomunikazio enpresen hazkundea, berriz, %2 da, eta %0,2 bestelako multinazionalena. Krisiak estututa, gobernu ugari erne jarri ditu erraldoi digital horien negozio gehiena zergapetze sistematik at geratzeak.

Zerga kontuetan Europako Batasunak daukan adostasun bakanetako bat da sozietate zerga eguneratzeko hartu behar den norabide orokorra: negozioa egin eta irabazia lortzen den eremu geografikoan ordaindu behar dira zergak. Hori da, era berean, Bruselak hartu duen oinarria multinazional digitalei nondik heldu erabakitzeko tenorean.

Batzordearen proposamenak bi atal ditu. Egokiena litzateke sozietate zerga arautzeko modua sakon aldatzea, nazioartean koordinatuta, ahal den neurrian. Erreforma horren helburua litzateke, garai batean presentzia fisikoa kalkulatzeko egin zen bezala, konpainia baten presentzia digitala neurtzeko modua adostea, ondoren lurralde bakoitzean zergak horren arabera ordain ditzan.

OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundean emandako pausoak gutxi izan dira, eta estatu kide batzuk, Frantzia buru, enpresa digitalak zergapetzeko alternatiba bila aritu dira. Saiakera horretan sortu zen enpresei tasa finko bat ezartzeko ideia, salmentetan oinarrituta.

Tasa, bitarteko irtenbidea

Bruselak nahiago du luzera begirako konponbidea —sozietate zerga gaurkotzea—, baina bien bitartean tasa bat jartzeko modua proposatu du, ezer egin ezean estatu kide bakoitzak irtenbide propio bat bilatzeko arriskua ikusita. Galerarik premiazkoenak estali ahal izateko, diru sarreren %3ko tasa bat izango litzateke.

Nork ordaindu beharko luke tasa hori? Batzordeak erabiltzailearen parte hartze aktiboena behar duten jarduerak ditu jopuntuan: sarean jarritako publizitatea, erabiltzaileen datuen salmenta, eta erabiltzaileen arteko bitartekaritza errazten duten plataformak.

Google, Facebook, Twitter eta Airbnb sartuko lirateke sailkapen horretan, besteak beste. Amazonen eta Appleren negozioaren parte handiena kanpoan geratuko litzateke, eta gauza bera gertatuko litzateke Netflix eta Spotify plataformekin, proposamenak kanpoan utzi baitu ondasun fisikoen salerosketa eta ikus-entzunezko edukiak tasa bidez zergapetzeko aukera.

Munduan gutxienez 750 milioi eta Europako Batasunean 50 milioi fakturatzen dituzten enpresek ordainduko lukete tasa berria. Aurreikuspenen arabera, 150 bat enpresari ezarriko litzaioke, eta urtero gutxienez 5.000 milioi bilduko lituzkete ogasunek.

Bitarteko konponbide gisa aurkeztu dute tasaren diseinua. Helburu nagusia litzateke luzera begira negozio digitalak zergapetzeko formula komun eta egonkor bat adostea, eta, eztabaida hori bideratzeko asmoz, aldagai posibleak aurkeztu ditu batzordeak.

Enpresek lurralde jakin batean zergak ordaindu beharko dituzten edo ez erabakitzeko, hiru muga aurreikusi dira: zerbitzu digitalen fakturazioa zazpi milioi eurotik gorakoa izatea, 100.000 erabiltzaile baino gehiago izatea, edo sarean sinatutako negozio kontratuak 3.000 baino gehiago izatea. Hiru baldintzetatik bat betez gero, enpresak zergak ordaindu beharko lituzke lurralde horretan.

Tasa baino zabalagoa litzateke, jarduera gehienak kontuan hartuko bailituzke: publizitatea, datu salmenta, bitartekaritza zerbitzuak, eta baita streaming bidezko harpidetzak ere. Eredu berriak Europa mailako sozietate zergaren oinarri bateratuarekin funtzionatuko luke, eta bi aldiz zergapetua ez izateko araudia berrikusi beharko litzateke.

Zailtasunak aurrera begira

Zalantza ugari daude tasaren proposamenari buruz. Hasteko, sozietate zergaren fundamentuetako batekin haustea dakarrelako. Sozietate zergaren erreferentzia irabaziak dira; hau da, enpresa batek zergak ordaintzen ditu irabaziak dituen neurrian, eta ez baditu, ez du ordaintzen. Bruselak proposatu duen tasan diru sarrera gordinak bihurtu dira kontuan hartu beharrekoa —saldutakoa, azken finean—. Pierre Moscovici Finantza eta Ekonomia Gaietarako komisarioak argudiatu zuen gaur-gaurkoz ez dagoela modurik mozkinak erabiltzeko, eta bide bakarra zela fakturazioari erreparatzea.

Bidea ez da erraza izango. Gaur bertan egingo den Europar Kontseiluan estatuburuek lehen eztabaida izango dute gaiari buruz, baina ez da erabakirik hartuko. Batasuneko bost herrialde handiek (Alemania, Frantzia, Italia, Erresuma Batua eta Espainia) ezohiko aliantza eratu dute enpresa digitalen zergapetzea zorrozteko. Kontrako aldean, zerga politika gogortzeko edozein keinuren aurkakoak izango dituzte: Irlanda, Luxenburgo, Herbehereak eta Austria. Estatu kide guztiek akordioa egitea beharrezkoa da aurrera egiteko, eta hor daude bestelako esperientziak —Tobin tasa ezartzeko ezintasuna, kasurako—.

Barruko errezeloei kanpokoak gehitu behar zaizkio. Europako Batasuna eta AEBak justu guda komertzial baten hastapenetan daudela iritsi da iragarpena. Moscovicik behin eta berriro ukatu zuen AEBetako konpainiak zigortzea dela helburua, baina beste kontu bat da nola ikusiko den Atlantikoaren beste aldean, jakinda erraldoi digital nagusiak bertakoak direla. Arriskua dago tasa digitala altzairuarekin eta aluminioarekin hasi den eztabaida garratzaren erdian kokatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna