Sorturentzat, presoen gaia eten nahi du EAJk, besteetan aurrera ez egiteko

Izkok dio jeltzaleek «interesa» daukatela auzia luza dadin, eta azpimarratu du zaila izango dela bi alderdiek elkar ulertzea.Jaurlaritzari eskatu dio Espainiako Gobernuari «aurre egiteko»

jokin sagarzazu
2014ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Gatazkaren konponbide prozesuan elkar ulertzera «deituta» daude Sortu eta EAJ, baina, gaur-gaurkoz, presoen auzia da bi alderdi horien arteko harremanetan punturik gatazkatsuena, besteetan aurrera egitea galarazten duena. Hala baieztatu du Amaia Izko Sorturen bozeramaileak. «EAJk badu interes bat prozesu honek aurrera egin ez dezan», salatu du preso ugariren abokatu ere badenak.

Ia urte erdi bat egon da etenda bi alderdi horiek bakegintzaz eta aurrera begirako planteamendu politikoez hitz egiteko osatu duten mahaia. Uztailaren 24an bildu ziren berriz ere, eta bilera horretan baieztatu zuten elkarrekiko konfiantza apurtuta zegoela. Hala ere, irailean hitz egiten jarraitzeko konpromisoa hartu zuten biek. Izkok, baina, azpimarratu du gaur egun «ezberdintasun garrantzitsuak» dituztela, eta zaila dela elkar ulertzea.

Horren erakusle dira azken aste eta hilabeteetan batzuek eta besteek eginiko adierazpenak. Espetxe politikan, ezker abertzalean eta presoen kolektiboaren zelaian jarri dute pilota jeltzaleek; Sortukoek, berriz, azpimarratu dute presoek, eta ezker abertzaleak oro har, urrats garrantzitsuak egin dituztela, eta gehiago egiteko prest daudela. Salatu dute, aldiz, EAJ «geldirik» dagoela, bere egiten ari dela Espainiako Gobernuaren diskurtsoa, presoei beraiei leporatuz euren egoeraren erantzukizuna; eta «txeke zuria» eman diola, hortaz, Madrili, konponbide prozesua geldiarazteko, «blokeatzeko».

Madrili «aurre egiteko» deia

Izkorentzat, «larria» da jokabide hori, are gehiago «Baskongadetako» gobernuan den alderdia bada horretan ari dena. Hori hala, Sortuko bozeramaileak EAJri eta Eusko Jaurlaritzari bereziki eskatu die Madrili «aurre egiteko» eta «protagonismoa» hartzeko konponbide prozesuan. Izkoren iritzian, gainera, horretarako babesa izango luke Eusko Jaurlaritzak, hori baita herritarrengandik jaso duen mandatua, eta hori egin beharko luke itzulinguru gehiago eman gabe.

Horren harira, abokatuak azpimarratu du oinarririk ez dutela EAJko kideek erabiltzen dituzten argudioek. Gogoratu du presoak beraiek ematen ari direla Espainiako legediak eskatzen dituen pausoak. Banaka ari direla bide hori egiten. Eta egin dutela «hausnarketa sakon bat» eragin duten minari buruz. Ohartarazi du «xantaia, presioa eta mendekuan» oinarritutako «salbuespen legediaren» parte dela, beraz, eskaera gehiago egitea —biktimei barkamena galdegitea eta damua agertzeko exijentziak, kasurako—.

Eta Izkoren ustez, hori da, hain justu, «indargabetu» behar dena, «aurrera egin nahi bada, behintzat, gatazkaren konponbidean». «Salbuespeneko legediarieusteak ez du aukerarik eskainiko normalizazio politikoan eta presoen gaian, gatazkaren ondorio diren beste kontu batzuetan bezalaxe», azpimarratu du. Abokatuak gogoratu duenez, «salbuespeneko legedia» indarrean jartzea «erabaki politikoa» izan zen, eta, beraz, hori bertan behera uztea ere erabaki politikoa izango da. Hala, azpimarratu du etor daitezkeela erabaki judizialak Europatik hori egiteko eskatuz, Parot doktrinaren kasuan bezala; baina azpimarratu du funtsean hori indargabetzea eragile politikoei dagokiela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.