Fernandez Iradi askatzeko erabakia atzeratu dute, froga gehiago eskatuta

Epaileak froga gehiago eskatu eta erabakia martxoaren 26ra atzeratu du.Ebatzi du, halaber, Frantziako Estatuan bizitzeko debekuak ezin duela gaitz larria duen preso hori aske uztea baldintzatu

Baionan, suprefetura aitzinean egindako elkarretaratzea. BOB EDME.
Baiona
2014ko urriaren 31
00:00
Entzun
Ibon Fernandez Iradi euskal presoaren aske uzteko eskaera daraman epaileak beste osasun azterketa bat eskatu du. Fernandez Iradik duela urte eta erdi egin zuen galdea, bere gaixotasuna tratatzeko -esklerosi anizkoitza du-. Aukera guziak posible ziren, eta atzo Parisko Dei Auzitegiak zigor etenaren helegitearen deliberoa plazaratu zuen: hirugarren azterketa medikoa izanen du Fernandez Iradik, eta horrek martxoaren 26 arte luzatuko du epailearen erabakia.

Maritxu Paulus Basurko abokatuak adierazi duenez, urriaren 1era arte bi ziren aintzat hartu beharreko azterketak, baina harrezkero bakarra nahikoa da erabakia hartzeko. Horregatik, abokatuak salatu du Frantziak bere legedia urratzen duela: «Jadanik bi adituk ikusi dute, eta esan dute haren egoera ez dela kartzelarekin bateragarria». Epaileak hartu erabaki berri horrek afera atzeratzen du.

Fernandez Iradik esklerosi anizkoitza du, eta, espetxean gaixotasunak okerrera egiten ahal duela eta, zigorra eten diezaiotela eskatu zuten. 30 urteko zigorra du, eta horietako hamabi beteak ditu jada; gehienak, Frantziako espetxeetan; Lannemezanen dute orain.

Zigorra eteteak ez du erran nahi presoa libre uztea, baizik eta baldintzapean karrikan uztea. Sei hilabetean behin berretsi beharko litzateke zigorraren etena, eta presoak eskumuturreko elektronikoa eraman beharko luke.

2011n izan zituen Fernandez Iradik eritasunaren lehendabiziko sintomak, eta 2013ko urtarrilean bi mediku adituk egindako diagnosian jakinarazi zioten esklerosi anizkoitza zuela. Gizarte eragileek hainbatetan eskatu izan dute geroztik euskal presoa aska dezatela, espetxean egotea ez delako bateragarri eritasunaren tratamenduarekin.

Ekainaren 20an, Frantziako auzitegi batek arrazoia eman zion Fernandez Iradiren eskaerari, eritasunaren larritasunak askatzeko eskatzen zuela argudiatuta. Baina bi baldintza jarri zizkion. Lehena, Fernandez Iradiri Frantzian bizitzeko ezarritako debekua indargabetzea. Bigarrena, aske geratu ostean, Pirinio Atlantikoetako departamendutik kanpo bizitzea.

Helegite bana aurkeztu zioten prokuradoreak eta Maritxu Paulus Basurko abokatuak. Prokuradoreak zigorra etetearen aurkako helegitea aurkeztu zuen, haren ustez Fernandez Iradiren egoerak ez duelako justifikatzen suspentsioa. Abokatuak, berriz, epaileak jarritako bi baldintzak kentzeko eskatu zuen.

Aurrerapen juridikoa

Paulus Basurkok adierazi duenez, «juridikoki aurreratu» egin dira. Abokatuaren eta fiskalaren helegiteak jasota, epaileak ontzat jo zuen atzo Fernandez Iradiri jarritako lehen baldintzaren helegitea, eta ebatzi zuen zigorraren bertan behera uztea ezin dela debeku batekin baldintzatu. Paulus Basurkok ontzat jo zuen epailearen erabakia.

Aske utz dezatela eskatzeko, hainbat mobilizazio egin dituzte orain arte. Larunbatean, adibidez, Lasarte-Oriako herritar talde batek elkarretaratze bat antolatu zuen erietxe aurrean. Atzo, Ni Ere Banoa kolektiboak, elkarretaratzea egin zuen Baionako suprefetura aitzinean, eta Etxerat elkarteak bat egin zuen. Haien hitzetan, Fernandez Iradi «larriki eri dagoen preso politikoa da, eta, hortaz, kalean egoteko eskubidea du». Are gehiago, espetxean, haren gaixotasuna ezin dutela artatu gaineratu zuen elkarteak, eta zigorraren etetea giza eskubideak bermatzeko neurria dela.

Ez dira horiek mobilizazio bakarrak izanen. Bihar, Lasarte-Orian manifestazioa eginen dute Okendo plazatik abiatuta, gaixo dauden presoak aske uztearen alde.EH Baik eta EH Bilduk ere Fernandez Iradi aske uzteko eskatu zuten atzo, eta salatu zuten halako erabakiek presoen eskubideak urratzen dituztela. Bide horretan, gaitz larriak dituzten presoak aske uztea «premiazkoa» dela uste dute, baita preso guztiak Euskal Herrira ekartzea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.