Eraso psikologiko eta ekonomikoak, andreen aurkako indarkeriaren parte

Bortizkeria sexistari aurre egiteko lege aurreproiektua aurkeztu du Nafarroako Gobernuak.

Gazteen arteko delituen «larriaz» kezka agertu du.

2002ko araua eguneratu eta prebentzioan eragin asmo du
Nafarroako Gizarte Politiketako sailburu Iñigo Alli eta Berdintasun Institutuko Teresa Nagore, atzo, Iruñean.
Nafarroako Gizarte Politiketako sailburu Iñigo Alli eta Berdintasun Institutuko Teresa Nagore, atzo, Iruñean. VILLAR LOPEZ / EFE

Oihan Vitoria -

2014ko abenduak 31
Nafarroako Gobernuak prest du emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko lege aurreproiektua. Gizarte Politiketako sailburu Iñigo Allik aurkeztu zuen atzo, eta urtarrilaren 17ra arte herritarren ekarpenak jaso ondoren, martxoan eramango dute parlamentura, eztabaidatzeko. Erroko aldaketa dakar proposamenak: nahasketak saihesteko, emakumeen aurkako indarkeria gisa hartuko dituzte andreek pairatzen dituzten erasoak, ez genero indarkeria bezala. Bada berritasunik, gainera; indarrean dagoen legeari bi kontzeptu berri erantsi nahi baitizkio UPNren gobernuak. Eraso sexual edota fisikoak ez ezik, bortizkeria psikologikoa eta ekonomikoa ere andreen kontrako erasotzat jotzea proposatu du. Allik eman ditu detaileak: «Delitu izango da emakumearen eta seme-alaben ongizate fisikoa eta psikologikoa bermatzeko baliabideak —dirua, esaterako— nahita ukatzea».

Erasoen gorakada ere azaleratu du Allik; irailera arte, 836 salaketa jaso dituzte, iaz baino %11,7 gehiago. Eta kezka agertu du nerabeen arteko delituen «larriaz», iragan urtetik «nabarmen» handitu delako kopurua: 18 eta 24 urte arteko gazteenak dira salaketen %17.

Parlamentuaren oniritzia jasoko balu, 2002ko araua ordezkatuko luke lege berriak. Aitzindaria izan zen orduan, onartu zuten lehenetarikoa izan baitzen. Kritika franko eragin ditu, ordea, legearen garapenak; justizian bai, baina prebentzioan ez dute ia neurririk abiarazi. Zehazki, esparru horretan eragiteko asmoa agertu du Nafarroako Gobernuak. «Aitzindari» izan nahi du oraingoan ere.

Besteak beste, hezkuntzan eta osasunean ipini nahi du berebiziko arreta. Maisu-maistren etengabeko formazioa bultzatuko du, kasuen antzemate goiztiarra egiteko. Baina ez hori bakarrik: ikastetxeetako testuliburu eta bestelako eskola materialak ikuskatzeko xedea dauka, «berdintasuna» bermatzen ote duten frogatzeko. Halaber, nazioarteko araudietan jasotako indarkeria mota guztiak zehaztu ditu egitasmoan UPNren gobernuak: bikotekideak edota bikotekide ohiak eginiko erasoak, sexu abusuak, hilketak, andreen salerosketa, ezkontza behartuak edota sexu organoen mutilazioa.

Adingabeak, biktima zuzen

Legeak, bestalde, «eskubide integrala», «babes eraginkorra» eta arreta judizial «berezia» jasotzeko parada emango lieke biktimei. «Erasotzaileak zigortzea, andreei babesa ematea eta prebentzioa» ditu jomuga nagusi legeak, Allik adierazi duenez. Arauak jasotzen duenaren arabera, lanaldia eteteko beta ere edukiko lukete biktimek, lanpostua galtzeko arriskurik gabe. Indarkeriaren arreta eta aurre hartzea ez ezik, prebentzioa eta sentsibilizazioa jorratzen hastea dauka lehentasun gobernuak. Horretarako, orainoko informazio kanpainei eutsi, eta areagotu egingo ditu. Adingabeak andreen kontrako indarkeriaren biktima zuzenak izango dira; haientzako atal bat eratuko du, milioi bat euro baino gehiago emanez.

Hamabi urte dira jada Nafarroak indarkeria sexistari aurre egiteko legea onetsi zuenetik. Zaharkituta geratu ote den susmoa du orain UPNren gobernuak. Hartara, araua gaurkotu nahi du, egungo errealitatera egokituta. Horren haritik, parlamentuaren «babes zabala» lortzea espero du sailburuak, testua alderdi, eragile eta elkarteekin adostua izan delakoan. Agintaldia amaitu aurretik eman nahi dio onespena legeari, eta horretarako astirik badela uste du.

Baliabide eskasia, kritikagai

Moldaketak, oro har, ontzat jo dituzte berdintasunaren esparruan ari diren eragileek. Ez dira erabat ase, alabaina. Hain justu, 2002ko hutsak zuzentzeko eta baliabideak ezartzeko «finantzaketa konpromiso sendoa» galdegina dute emakume taldeek. Beharrezko jo dute testu berri bat onartzea, indarrean dagoen legea hobetzeko. Dena dela, gabeziak ikusi dituzte: uste dute arauak «hobera» egin duela zenbait eremutan, baina, finean, ez dituela baliabideak jasotzen. «Baliabiderik gabe, legea papera baino ez da. Baliabide ekonomiko eta materialik gabe araua hilda jaio da», salatu dute berriki.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna