Elkarlana, «hausturarako»

Sortuk eskua luzatu die erabakitzeko eskubidearen aldeko alderdiei, Euskal Herrian prozesu konstituziogile bat abiatzeko.Babesa eskaini dio Podemosi, baina Uriarteren jarrera kritikatu du

Hasier Arraiz Sortuko presidenteak Bilbon egin zuen urte politikoaren lehen prentsaurrekoa, atzo. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
2015eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Hiru aukera, hiru bide. Eta hirurak «bateragarriak»: Espainian aldaketa politikoa gauzatzea eta horren bitartez Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aitortzea; Kataluniak «ate hori» zabaltzea; edota prozesu konstituziogile bat abiatzea Euskal Herrian. Hiru aukera horiek ikusten ditu Sortuk. Hiruretan saiatuko da, eta, bereziki, hirugarrenean. Indarrak «Euskal Herritik» batu behar direla azpimarratu du, eta, alderdiez gain, gizartea «inplikatu» behar dela. Hasier Arraiz Sortuko presidenteak esan du hori, urte politikoari hasiera emateko eginiko agerraldian, Bilbon. Adierazi du datozen hilabeteak «erabakigarriak» izango direla. «Antzematen dugu espainiar estatuan haustura demokratikoa gauzatzeko aukera posible izango dela. Duela 40 posible izan ez zena, agian, orain, izan daitekeela».

Zehazki, eta alderdien arteko harremanei dagokienez, Podemosekin elkarlanean aritzeko nahia agertu du Arraizek. Azaldu du Sortu «indarrak» batzeko prest dagoela, Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ostean Madrilen Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea onartzen duen aldaketa politikoa lortzeko aukerarik egonez gero. Espainiako alderdien artean, Podemosek eta IUk babestuko lukete aukera hori, baina, Arraizek berak nabarmendu duenez, «oso zaila» izango da bide horretan aurrera egitea, PPk eta bereziki PSOEk uko egiten diotelako. «Aukerarik balego, ezker abertzalea prest legoke Euskal Herritik indarrak biltzeko, beste batzuekin aldaketa politiko hori molde demokratikoetan gauzatu ahal izateko». Elkarlanerako prest azaldu bada ere, Sortuko presidenteak ez du argitu ezker abertzaleak Espainiako bozetan zein formularekin parte hartuko duen. «Egongo gara. Ez gaude geldirik egoteko asmorik. Ezker abertzalea eragiteko prest dago».

Adierazpen horiekin, beste behin, elkarlanerako keinua egin dio Sortuk Podemosi. Eta, aldi berean, kritika; bereziki, alderdi horren EAEko adar Ahal Dugu-ri, eta Roberto Uriarte idazkari nagusiari, zehazki. Hark hasieratik agertu ditu zalantzak ezker abertzalearen eta Ahal Dugu-ren elkarlanerako proposamenen inguruan, eta are gehiago zerrenda bateratuak aurkezteari buruz. Gaur egun, uste du bietako inori ez diola mesederik egiten. Hori hala, susmoa dauka haien balizko boto-emaileengan eragiteko «ezker abertzalearen estrategia» bati erantzuten diotela gisa horretako keinuek, udal eta foru hauteskundeetan izan duen boto galeraren «beldur» eta Espainiako hauteskundeetan aurkezteak sektore horri sortzen omen dizkion «kontraesanek» bultzatuta. Uriartek, halaber, Sortuko kideen jarrera salatu du, hainbat herritan Ahal Dugu-ko kideak «errespetu gabe» tratatzen dituztelako. Era berean, ETAren indarkeriari buruzko autokritikan «ausartago» izan behar lukeela uste du Uriartek. «Ideologia bezain garrantzitsua da jarrera».

Sortun ez dituzte gustuko izan Uriarteren hitzak; Pernando Barren bozeramaileak jo zuen haren aurka duela bi aste, eta antzera egin zuen atzo Arraizek. Sortuko presidenteak ziurtatu du Ahal Dugu-ko militante «askok» ez dutela bat egiten hark esandakoarekin. «Lagun asko joan zaizkie EH Bilduko hainbat militanteri esanez ez daudela ados Uriartek esaten duenarekin, eta gurekin elkarlanean aritzeko prest daudela». Bere jarrerarekin Uriarte «EAJrentzat lanean» ari dela uste du Arraizek. «Zilegi eta errespetagarria da hori, baina hobe luke Sabin Etxetik egitea».

Hiru jokaleku Euskal Herrian

Espainian egoera aldatu edo ez, Euskal Herrian prozesu konstituziogile bat abiatzearen alde azaldu da Arraiz. Horretarako, «hiru jokaleku» daudela azaldu du: Ipar Euskal Herria, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa. Ipar Euskal Herriari buruz, esan du hasi berri den urte politikoan «aukera» egongo dela Lapurdiren, Nafarroa Beherearen eta Zuberoaren instituzionalizazio prozesuan «aurrera egiteko». Datorren urtean «udal mailako galdeketa prozesu bat» egingo dela azpimarratu du.

Nafarroan, berriz, aldaketa politikoa gauzatu dela nabarmendu du, eta hori sendotzeko garaia dela. Hori hala, Nafarroako Gobernua babesten duten lau koalizioek adostutako akordio programatikoan jarriko ditu indarrak Sortuk, «gizarte eragileekin batera». «Aldaketa politikoa izan bada, ez da instituzioetatik bakarrik lortu. Kaletik lortu da batez ere. Aldaketa politikoa sendotzeko eta bururaino eramateko, hori ere kaletik egin behar da».

EAEri buruz, berriz, Arraizek gogora ekarri du Eusko Legebiltzarrean aurten bere lanak amaituko dituen autogobernu lantaldea. «Etorkizunik badu, eratze prozesua martxan jartzeko izango da. Bestela, ez du ezertarako balio. Ezin da mugatu lau alderdiren eztabaidara. Horrek ere behar du herri prozesu bat, herri dinamika bat, eta Sortuk horretan jarriko ditu indarrak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.