Batzarrean baietz, kalean ezetz

Erraustegia eraiki eta kudeatzeko adjudikazioa onartu dute GHKren batzarrean, botoen %90rekin. Protesta egin dute aldundiaren egoitzaren aurrean, osasunarentzat kaltegarria dela salatzeko

Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2016ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Oniritzia lortu du Zubietako erraustegiaren diseinua, eraikitzea, finantzatzea, mantentzea eta kudeatzea jasotzen dituen adjudikazioak, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren batzar orokorraren gehiengoak alde bozkatuta. Partzuergoko kide guztiak joan ziren atzo bilerara, eta bozketaren emaitzak baiezko biribila jarri zuen mahai gainean: %89,7 alde, %10,3 kontra. Tolosaldeko eta Urola erdialdeko mankomunitateek bozkatu zuten kontra, bilera amaitu ostean Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatu eta GHK-ko presidenteak jakinarazi zuenez.

Partzuergoa biltzekoa zen ordu bererako zuen deituta mobilizazioa Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, Zuen negozioa, gure minbizia lelopean. Bi-biak aldundian egin ziren: bata kalean, bestea egoitza barruan. Erraustegiari baietza eta ezetza metro koadro gutxiren espazioan eman zieten batzuek eta besteek, aldundiaren egoitza izanik bien bereizle.

Hileta soinuak eman zion hasiera erraustegiaren aurkako mobilizazioari. Aldundiaren atea dagoen kalean etzan ziren ehunka lagun, eta maindire zuriz estali. Hileta soinuari jarraikiz, pauso motelean, herio alderik alde ibili zen etzandakoen artean. Erraustegiak osasunean izango duen kaltea irudikatu, eta, gainera, azpiegitura eraikitzea eta kudeatzea diru publikoarekin ordainduko den enpresa pribatu baten esku geldituko dela ohartarazi zuten.

«Ez gure izenean»

Osasunarentzako kaltegarria izatea proiektua ipso facto bertan behera uzteko arrazoi nahikoa dela nabarmendu zuten. «Hori gutxi balitz bezala, herritarrok sekulako dirutza ordaindu beharko diogu enpresa pribatu bati 2051 arte: ikaragarria da guri eta ondorengoei ordainaraziko digutena», salatu zuen Julen Begiristainek antolatzaileen izenean.

Adjudikazio agiriak onartu izanak diru publikoaren «lapurreta masiboari lege estaldura» emango diola salatu zuen. Eta gaineratu zuen prezioak argitaratu diren arren ezin dela jakin «zehatz-mehatz» zenbatekoa izango den faktura osoa: «Baina ez da matematikan aditua izan behar ondorioztatzeko erraustegiak, egingo balitz, hondakinak ez ezik, gipuzkoarron zerbitzu publikoak, gizarte laguntzak eta udalen aurrekontu asko ere erreko lituzkeela». Dena den, azpimarratu zuen erraustegiak euro bateko kostua balu ere «garestiegia» litzatekeela azpiegituratik hamar kilometrora bizi direnentzat.

Enpresei, agintariei eta adjudikazioa onartu duten GHK-ko ordezkariei ohartarazi zien erraustegia gelditu artean herritarrek ez dutela etsiko. «Alternatiba garbiago, merkeago eta osasuntsuago bat badela ondo demostratu denean, zor ilegitimo bat onartzera zoazte. Gutxi batzuen negozioa egitera zoazte, baina ez gure izenean».

Protestak egon arren, Asensio pozik agertu zen: «Erabakiak, gaikako bilketa eta birziklatze tasekin batera, Europako herrialde aurreratuenen buruan jartzen gaitu». Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko bozeramaile Juanmi Galatas ere pozik zen mobilizazioak izandako jarraipenarekin: «Ez zen deialdi masibo bat, baina jendeak oso ondo erantzun du». Hainbat alderdi politiko, sindikatu eta talde bildu ziren protestan; EH Bildu, Ahal Dugu, Ezker Batua, ELA, LAB, ESK, Eguzki, Ekologistak Martxan eta Greenpeaceko ordezkariak, kasu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.