Naparraren gorpua bilatzeko agindu du Auzitegi Nazionalak

Sendiaren eskaria aintzat hartu, eta balioa aitortu dio «estatu terrorismoari» lotutako iturri baten testigantzari. Mont de Marsan inguruan bilatzen hasteko eskatu dio Frantziako Estatuari

Gorka Berasategi Otamendi.
2016ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Jose Miguel Etxeberria Naparraren gorpua aurkitzeko ikerketa abiatzea agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Hamabi urtez kasua itxia izan ondoren, berriz irekiko da haren hilketa eta bahiketari buruzko auzia. Ismael Moreno epaileak aintzat hartu du Naparraren sendiaren eskaria, eta garrantzia aitortu die gorpuaren kokapenari lotutako informazio berriei. Familiaren eskariak Auzitegi Nazionaleko fiskalburu Javier Zaragozaren babesa ere izan du.

Naparra (Iruñea, 1958) Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zen, eta 1980an desagertu zen, Ziburun (Lapurdi). Batallon Vasco Españolek hartu zuen bere gain haren hilketa. Azkenengoz ikusi zutenetik 36 urtera, «estatu terrorismoarekin» lotutako iturri batek emandako datuek zabaldu dute aukera Naparraren desagertzeari buruzko ikerketa berriz irekitzeko. Informazio horien arabera, Naparraren gorpua Frantziako Mont de Marsanetik hurbil dagoen udalerri batean legoke ehortzita.

Datu berriak helarazi zitzaizkiela jakinarazi zuten Naparraren senideek, Iñigo Iruin familiako abokatuak eta Paco Etxeberria auzi medikuak, urriaren 1ean egin zuten prentsaurrekoan.

Etxeberriak Naparra lurperatuta legokeen tokiari buruz osatu duen txostena ere kontuan hartu du Auzitegi Nazionalak. Moreno epaileak urriaren 26rako deitu ditu deklaratzera Iruin eta Etxeberria: lekuko gisa Iruin, eta aditu gisa Etxeberria. Frantziak bilaketa egiten duenean, Etxeberriari lan horietan egoteko baimena eman dio Morenok.

Datuen sinesgarritasuna

«Iturriak esan du Naparra hil egin zutela, eta non lurperatu zuten ere bai», azaldu zuen Etxeberriak, informazioaren berri emateko agerraldian. 1970eko hamarkadaren bukaeran eta 1980koaren hasieran «estatu terrorismoarekin» lotura izan zuen espainiar bat da iturria, Iruinek azaldu duenez. Egun, Hego Amerikan du bizilekua. Iruinek eta Etxeberriak «iturriaren sinesgarritasuna» nabarmendu dute; dena den, haren izaerarengatik, adierazi dute erne ere ibili beharko dutela.

Iruinen esanetan, iturriak emandako «datuen egiazkotasuna» izan da auzia berriz irekitzeko eskaria aurkeztera bultzatu dituen arrazoietako bat. Joan den udan, Mont de Marsan ingurura Etxeberriarekin egin zuen bidaian, iturriak zehaztutako tokia «arazorik gabe» aurkitu zutela ziurtatu du. Horrez gain, 36 urteren ondoren lekuaz eman duen «zehaztapena» azpimarratudu.

Iñaki Errazkin kazetariari helarazi zizkion iturriak ustez Naparraren gorpua dagoen tokiari buruzko zenbait datu, 2015. urtearen amaieran, eta Errazkin Iruinekin jarri zen harremanetan.

Naparraren desagertzea bi aldiz izan da aurretik epaitegietan. Frantziak 1982an artxibatu zuen auzia, eta Espainiak gauza bera egin zuen, 2004an. Nazio Batuen Erakundeak desagertze behartu modura onartu zuen, eta gomendioak egin zizkion Espainiako Gobernuari, baina hark ez zuen neurririk hartu. Espainiako Estatuak ez du Naparra terrorismoaren biktima modura onartua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.