Oier Gomezen zigorra etetea onartu dute, haren osasun egoera larriagatik

Euskal presoak Portugalen eta Espainiaren hiru euroagindu ere badituenez, bihar erabakiko dute Gomez aske utzi edo ez. Delitua berriz egiteko «arrisku larririk» ez dagoela ere esan dute epaileek
JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS

Hodei Iruretagoiena -

2017ko apirilak 25
Oier Gomez euskal presoaren zigorra etetea onartu du Frantziako Dei Auzitegiak. Epailea Parisko La-Pitie-Sapetriere ospitalean izan zen asteazkenean —han dute ospitaleratua Gomez, espetxe zerbitzu ospitalizatuan—, eta haren osasun egoera larria izan da euskal presoaren eskaera onartzeko arrazoia. Oraindik itxaron egin beharko du, ordea, aske geratzeko; izan ere, Espainiaren eta Portugalen hiru euroagindu eskaera ditu, Frantziatik herrialde horietara estraditatzeko. Bihar arratsaldean erabakiko dute epaileek euroagindu horien inguruan, Gomezen abokatuak eskatu bezala, aske gera dadin. Erabakia bihar bertan jakitea espero da.

Minbizia du Gomezek, Ewingen sarkoma, eta buruan eta aldakan metastasia aurkitu diote. Apirilaren 12an Oiertxo SOSek, Bagoaz-ek, Etxerat elkarteak eta Sare plataformak jakinarazi zuten sei hilabeteko bizi itxaropena eman diotela sendagileek. Presoak DPS estatusa duenez —bereziki zaindutako presoa da—, zelatatua dago ospitalean, bakarrik dute, eta segurtasun neurri zorrotzak betetzera behartua da. Aske uzteak aldatuko luke egoera hori.

Maritxu Paulus Basurko abokatuak BERRIAri azaldu dionez, «osasun egoera bakarrik» hartu dute kontuan epaileek Gomezi zigorra eteteko. Osasun egoerak zigorra etetea justifikatu arren, Frantziako legediak badu salbuespen edo muga bat halako eskaerak atzera botatzeko: presoak delitua berriz egiteko «arrisku larria» egotea. Aukera hori baztertzeko, egoera politikoa ere aipatu dute epaileek; hau da, ETAk jarduera armatua amaitzeko hartutako erabakia eta apirilaren 8ko armagabetzea. «Esan dutena da muga hori ez dagoela», azaldu du Paulus Basurkok. Erabakia bera argudiatzeko, ordea, ez dute irizpide politikorik aipatu.

Azken egunetan babes zabala jaso du Oier Gomez aske uzteko eskaerak. Besteak beste, Eusko Legebiltzarrak eta Arabako Batzar Nagusiek bat egin zuten aldarri horrekin. Larunbatean, Elkartasun Eguna egin zuten Gasteizen —hangoa da Gomez—, Oiertxo SOS plataformak deituta.

Plataforma horrek nabarmendu duenez, «jendartearen mobilizazioari, konpromisoari, elkartasunari eta herriak erakutsi duen maitasunari esker» lortu da Gomezen zigorra etetea. Sarek ere aipatu du «presio sozialari esker» etorri dela erabakia, eta ildo beretik jo du Bagoaz-ek ere: «Gizarte zibilaren gehiengoaren aldarria kontuan hartua izan da».

Oraindik bada zer egin, ordea, eragile horien iritziz. Gomez «baldintzarik gabe» askatzeko eskatu du Oiertxo SOS plataformak: «Ez da ulergarria, Oierren gaixotasunaren kasuan gertatu bezala, horrelako egoera kritiko eta mingarrira heldu behar izatea». Horregatik, «salbuespen lege guztiak» salatu dituzte, eta «bereziki» eskatu dute gaitz larriak dituzten presoak askatzeko.

Mobilizazioek, etenik ez

Aldarri hori nabarmendu dute Bagoaz-ek, Sarek, EH Bilduk eta EH Baik ere: gaitz larriak dituzten euskal presoak aske uztea. Sarek azaldu duenez, «zilegitasun handiagoa» du orain eskari horrek, ETAren jardueren etenaren eta armagabetzearen ondoren, delitua berriz egiteko arriskurik ez dutelako preso horiek.

Gaurko, elkarretaratzeetara deitu dute Sarek eta Bagoaz-ek. Gasteizen, 12:00etatik 20:00ak arte egingo dute protesta, eta 13:00etan jarri dute hitzordua Baionan. Maiatzaren 6an, berriz, manifestazioa egingo du Sarek Gasteizen, gaitz larriak dituzten presoak askatzeko eskatuz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna