Noiz sortua: 2017-07-12 00:30:00

Lehen aldiz alderdi guztiak egon dira Miguel Angel Blancoren omenaldian

PPri ez zaio ongi iruditu Sortuko kide Julen Arzuagak ekitaldian parte hartzea. Alfonso Alonsok esan du «sobera» zegoela, bere garaian hilketa «txalotu» egin zuela, eta «bere irudia garbitzeko» joan dela
Alderdi guztietako ordezkariak, atzo, Ermuko San Pelaio plazan.
Alderdi guztietako ordezkariak, atzo, Ermuko San Pelaio plazan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2017ko uztailak 12
Ermuko (Bizkaia) San Pelaio plazan egin zioten atzo omenaldia Miguel Angel Blancori. Atzo hogei urte bahitu zuen ETAk herriko PPko zinegotzi zena. Blancoren eta terrorismoaren gainontzeko biktimen omenez Agustin Ibarrola artistak eraikitako monolitoaren aurrean hartu zuten hitza duela hogei urte eta gaur egun ere Ermuko alkate den Carlos Totorikak lehenik, eta Jose Mari Calleja kazetariak ondoren. Omenaldira joan zirenen artean, alderdi politikoetako ordezkaritza zabala, enpresariak, Ertzaintzaren, Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren ordezkariak eta Ermuko eta inguruko herrietako dozenaka lagun zeuden. Guztira, 500 pertsona inguru. EAEko PPren buru Alfonso Alonsok Sortuko kide Julen Arzuagaren presentzia kritikatzean sortu zen polemika.

Monumentuaren ingurura gerturatu ziren lagunei ongietorria emanez abiatu zuen hitzaldia Totorikak, baina, batez ere, Ermuko herritarrei, «duela hogei urte askatasunaren alde kalera irten zirenei». Totorikak, bere hitzaldia hastean, hogei urte egin zuen atzera. Garai hartan herritarren zati batentzat «mina eta sufrimendua» errealitate zirela azaldu zuen sozialistak. Blancoren bahiketa gertatu zen egunean kokatu zen: «Blanco askatua izateko aukerak eskasak zirela uste genuen batzuk, baina erantzun beharra geneukan».

Ermuko alkateak gogor kritikatu zituen ETA eta Herri Batasuna: «Herriak, eskolak, egunkariak... kontrolatzen zituen sare mafioso bat zen». Hilketek herria «minez paralizatzea» zuten helburu Totorikarentzat. Orduan sortu zen Alderdien Legea goraipatzeko ere baliatu zuen hitzaldia, HB «bi karta sortarekin» aritzea galarazi zuelako. «Ez zen politikaz hitz egiten, eta egiten bazen ahapeka», azaldu zuen alkateak, «baina Blancoren bahiketak eta hilketak gizartea mugiarazi zuen». «Blanco hilketa bakoitzaren atzean zegoen biktimaren aurpegia bihurtu zen», adierazi zuen, «gizartea indiferentziaren horma botatzera eta beldurrak gainditzera bultzatu zuena».

Herri ekinaldien garrantzia azpimarratu zuen alkateak: Ermuko Foroa eta Aski Da taldeena. Horiekin batera kalera irten zirenak ere gogoratu zituen.

Eta, bere hitzaldia amaitzeko, egungo egoerara egin zuen salto Totorikak. «Iraganari kritika egin beharra» adierazi zuen, «gorrotoa bultzatzen bada» bizikidetza ezinezkoa dela argudiatuz.

Edalontzia, gainezka

Totorikaren ondoren, hitza hartu zuen Jose Mari Calleja kazetariak, eta atzokoa egun «pozgarri eta tristea» zela adierazi zuen. Pozgarria «herritarrek beldurra garaitu dutelako» eta tristea «hildakoak ez direlako itzuliko».

Callejak, Totorikak bezala, atzera egin zuen denboran, Blancoren hilketarekin edalontziak «gainez egin» zuela azalduz.

Kazetariak pozik egoteko arrazoiak daudela azaldu zuen, «askatasuna eta bakea» lortu direlako. Azkenik, Totorikari eskerrak eman zizkion «borrokan aritu ziren kargu publikoen erakusle» izateagatik.

Hitzaldien ostean, Totorikak eta Callejak plazan dagoen monolitoaren egile Agustin Ibarrolaren omenezko plaka bat erakutsi zuten —Ibarrolak, osasun arazoak medio, ezin izan zuen omenaldian parte hartu—.

Ordu erdi inguruko omenaldiari amaiera emateko, kargu politikoek, eta gainontzeko herritarrek, lore eskaintza bat egin zuten, arrosa gorriak kokatuz monumentuaren aurrean prestatutako loreontzietan.

Ordezkaritza plurala

Aurreko urteetan baina ordezkaritza politiko zabalagoa egon zen aurten Ermuko omenaldian. Eusko Jaurlaritzako ordezkariak Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua izan ziren. Horiez gain, alderdi guztietako politikariak egon ziren: besteak beste, Itxaso Atutxa EAJren BBBko burua, PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendia, EAEko PPren buru Alfonso Alonso eta Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Nagua Alba.

Bestalde, Sortuko kide bat Blancoren omenaldian egon den lehen aldia izan da aurtengoa. Sortuko Askatasun Demokratikoen idazkari Julen Arzuaga izan zen alderdiaren ordezkaria. Alderdi gehienek guztien arteko elkartasunaren alde egin zuten arren, bertaratze hori ez zen denen gustukoa izan. Alderdi guztien arteko batasunaz galdetzean, Alfonso Alonsok batzuetan alderdi «gehiegi» daudela azaldu zuen. EAEko PPren buruak Arzuagaren presentzia kritikatu zuen, «sobera» zegoela azalduz. «Bere irudia garbitzeko» joan izana leporatu zion Alonsok Sortuko kideari: «Blanco hil zuten egunean hilketa txalotu zuen, hiltzaileak defendatu zituen, eta, oraindik ere, haien kausa defendatzen jarraitzen du».

Arzuaga ez da izan EH Bilduko ordezkari bakarra, harekin batera egon dira Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Maddalen Iriarte eta EAko idazkari nagusi eta parlamentari Pello Urizar.

Iriartek biktimekin enpatia izateko orduan ez dela «inor» kanpoan utzi behar adierazi zuen: «Gizarte moduan lan egin behar dugu guztion artean Euskal Herrian bakea lortzeko». Horrek biktimen eta giza eskubideen defentsan egunero lan egin beharra eskatzen duela gehitu zuen. EH Bilduko bozeramaileak euskal presoen dispertsio egoera eta «Altsasuko gehiegikeria» ere gogora ekarri zituen.

Gainontzeko ordezkari politikoek elkartasuna izan zuten hizpide. EAJko Itxaso Atutxak aurrera begirako analisia egin zuen, «elkarbizitza eraikitzeko bidean» elkartasunaren garrantzia azpimarratuz. PSE-EEko Eneko Anduezak, berriz, garai hartako sufrimendua ekarri zuen gogora eta horren aurrean «askatasunaren alde» manifestatu zen jende guztia.

Albiste gehiago

Martxoaren 30ean eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 8.225 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, administrazioen arabera. 400 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 1.807 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Lantegiak itxita, Basaurin. ©Marisol Ramirez / Foku

Kutsatzeko kezka dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen bi herenek

Berria

Espainiako Gobernuak atzo onartutako dekretua indarrean da, eta funtsezkoak ez diren jardueretan aritzen diren langileek etxean geratu beharko dute gaurtik aurrera. Urkullu ez dator bat neurri horrekin, ezta patronala ere. Txibitek, Europara begira, Sanchez babestu du, eta onartu du egoera «oso konplexua» dela, baina hobe litzatekeela jarduera ekonomikoa ez geratzea eta erabaki hori malgutzea.

Sidenor enpresako langileak jarduera eteteko eskatzen, aurreko astean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Jaurlaritzak letra txikiari heldu nahi dio gutxieneko jarduera bati eusteko

Xabier Martin

Madrilen azalpen gehiagoren zain dago, baimena nahi duelako enpresei isunik jar ez diezaieten

Ospitale bateko larrialdietako sarrera ©Jon Urbe / Foku

Koronabirusa zuten 400 pertsona hil dira Euskal Herrian, eta 8.225 pertsona kutsatu

Irati Urdalleta Lete

50 pertsona hil dira atzotik, eta 452 pertsona gehiagori atzeman diete birusa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna