Astelehenean hasiko da Habanan gipuzkoar baten hilketa argitzeko epaiketa

Alberto Alvarez lasartearra 2016ko abenduan desagertu zen, eta handik bi hilabetera aurkitu zuten haren gorpua, hondartza batean lurperatuta. 30 urte arteko zigorra eskatu dute akusatuarentzat
BERRIA

Iñaki Petxarroman

2017ko urriak 13
Astelehenean hasiko da Habanako Zigor Epaitegiko 4. salan Alberto Alvarez Lopez Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) herritarraren hilketaren inguruko epaiketa. Julio A. Diaz Acosta jo du Kubako Poliziak hilketaren egiletzat, eta fiskaltzak 30 urte bitarteko zigorra eskatu du harentzat.

2016ko abenduaren 27an hitz egin zuten azken aldiz senideek Alvarez Lopezekin. Rosa Lopez amarekin hitz egin zuen gizonak, eta elkarri eguberri zoriontsuak opatu zizkioten. Gero desagertu egin zen: «Hasieran, ez ginen larritu, batzuetan uhartea ezagutzera irteten baitzen Alberto, baina hiru egun pasatu eta erantzunik ez genuela ikusita, arduratzen hasi ginen», adierazi du Jose Mari Alvarez aitak.

Gizonaren berri ez zutela bi aste pasatu ostean, aurretik harekin ibilitako emakume bati deitu zioten senideek, ea zerbait zekien jakiteko. Emakumeak senideei adierazi zien hainbat egun zeramatzala gipuzkoarrak bere etxetik desagertuta. Alberto Alvarez Habanan bizi zen etxea zaintzen, berriz, gizon bat zegoela esan zien emakumeak.

Hori jakin ostean, eta egoeragatik larrituta, familiak bi gauza egin zituen: Ertzaintzan salaketa bat jarri zuen, batetik; eta Alvarez Lopezen lagun bizkaitar batekin hitz egin zuen ea zerbait zekien argitzeko. Kuban bizi da hura, eta, haren izen-abizenak ez argitaratzeko eskatu badu ere, gertatutakoaren inguruko bere bertsioa ere eman dio BERRIAri: «Hainbat egun pasatu nituen Albertoren bila, eta bere desagertzearen inguruko salaketa bat jarri nuen hainbat erakundetan, Kubako administrazioan eta Espainiako Polizian, besteak beste».

Horrekin batera, Alvarez Lopezen etxean «gauza arraroak» gertatzen ari zirela ohartu zen: «Etxea zaintzen ari zela zioen gizon hori etxea husten ari zen, hau da, Albertoren etxeko gauzak saltzen ari zen».

Lehen atxiloketa

Orduan atxilotu zuen Poliziak Julio A. Diaz Acosta, Alberto Alvarezen desagertzeari buruz zerbait ote zekien galdekatzeko. Atzeman eta gutxira, baina, libre utzi zuten berriro.

Ordurako, ikerketa bat abian zuen Kubako Poliziak. Alberto Alvarez Lopezek hilabete batzuk lehenago Habana hirian erositako etxearen inguruan hainbat miaketa egin zituzten poliziek. Jose Maria Alvarezek jakinarazi du aspalditik bere semeak aldi luzeak egiten zituela Kuban, hiru eta sei hilabete artekoak, eta 2016an erabaki zuela etxe bat erostea. Kubako herritar ez izanik, eta atzerritarrek etxea erostea legez kanpokoa denez, kubatar emakume adiskide baten izenean erosi zuen etxea. Hain zuzen ere, epaiketan lekuko gisa deklaratu behar duen Alvarezen lagun bizkaitarrak jakinarazi duenez, Poliziak susmagarriari hainbat dokumentu faltsu atzeman zizkion, besteak beste, etxearen jabe zen andrearen nortasun agiriarenak. «Higiezinen bitartekari batekin ere harremanetan zegoen gizon hori, etxea saltzeko asmoarekin». Bitarte horretan, gainera, Alberto Alvarez Lopezen kreditu txarteletik dirua ateratzen saiatu zen norbait, hiru aldiz gutxienez, Jose Mari Alvarez aitak azaldu duenez.

Alvarez Lopezek ezagutzen zuen etxea saldu nahian zebilen gizon hori; eta, besteak beste, aste batzuk lehenago haren familiak Villa Clara probintzian zuen etxean egona zen aldi labur batean.

Informazioa bildu ahala inguratu zuen Kubako Poliziak susmagarri nagusia, eta berriro atxilotu zuen.

Gorpua, hondartza batean

Bigarren atxiloaldi horretan, desagertutako gipuzkoarra hil eta lurperatu zuela aitortu zuen Julio A. Diaz Acostak. Hain zuzen ere, Habana hiritik kilometro batzuetara dagoen El Chivo hondartzan kable batekin ito eta hil zuela aitortu zuen gizonak Poliziaren galdeketetan, betiere familiak Espainiak Kuban duen enbaxadako iturrietatik jakin ahal izan duenez.

Aitortzaren ostean, atxilotutako gizonak esandako toki horretan bertan aurkitu zuten Alberto Alvarez Lopezen gorpua, 2017ko otsailaren 19an. 48 urte zituen gizonak hil zutenean. Hilketaren egilea zela aitortu zuenetik, Habanako espetxean dago Diaz Acosta, lapurreta eta hilketa leporatuta.

Autopsia egin eta gorpua Euskal Herrira itzultzeko beharrezko tramite guztiak egin ostean, uztailean eraman zuten hegazkinez Habanatik Madrilera, eta handik Lasarte-Oriara, autoz. Gorpua jaso ostean, erraustu egin zuten, baina kezkak ez zaizkio bukatu familiari, oraindik ere zalantza bat baino gehiago dituztelako.

Besteak beste, hilketan pertsona bakar batek parte hartu ote zuen edota jende gehiagok. «Atxilotutako gizona txikia da, eta zaila iruditzen zaigu berak bakarrik ito eta hil izana; laguntzaileak izan zituela susmatzen dugu», adierazi du hildakoaren aitak. Izan ere, uste dute Alberto Alvarezi iruzur egin nahi izan diola talde batek. Hipotesi horren arabera, talde horren asmoa izango zen hildako gizonaren etxeaz jabetu, saldu eta haren dirua bereganatzea.

Alvarezen senideak kexu dira pasatu behar izan duten prozesu mingarri horretan guztian faltan bota izan dutelako erakundeen babesa, besteak beste, bakarrik sentitu direlako. Jaurlaritzatik dei bat jaso zutela esan du biktimaren aitak, eurekin egon nahi zutela esateko, baina geroztik ez dutela gehiago euren berririk eduki. BERRIAri Lehendakaritzatik esan diote familiarekin harremanetan daudela, eta ez dutela bestelako informaziorik ematen halako gertaerengatik. Informazioa Espainiak Kuban duen enbaxadatik jaso dute bakarrik hildako gizonaren senideek.

BERRIA saiatu da Espainiaren Kubako Enbaxadarekin eta Kubako agintariekin ere krimen honen inguruko argibide batzuk jasotzen, baina ez du haien erantzunik jaso. Espainiako Atzerri Ministerioak ere ez du hilketaren inguruko argibiderik eman nahi izan, ikerketa Kubako agintariei dagokiela argudiatuta. Uharteko agintariekin ere ahalegindu da kazeta hau hitz egiten, baina ez du lortu haien bertsioa jasotzerik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna