Osoko zuzenketak baztertuta, lehen koska igaro dute aurrekontuek

EAJk, PSEk eta PPk atzera bota dituzte EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen zuzenketak. PPrekin eginiko akordioa arbuiatu dute oposizioko bi taldeek. Hilaren 22an onartuko dituzte aurrekontuak

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2017ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Heldu den urteko Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak hilaren 22an onartuko ditu Eusko Legebiltzarrak, baina egun hori iritsi aurretik, proiektuaren tramitazioak hainbat urrats egin behar ditu. Lehen koska atzo gainditu zuen: EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako osoko zuzenketak atzera bota zituzten EAJk, PSEk eta PPk. Ezkerreko bi taldeok aurrekontu proiektua Jaurlaritzari itzultzeko eskatu zuten euren zuzenketetan, baina jeltzaleek, sozialistek eta popularrek euren botoak batu zituzten horiek baztertzeko.

Aurrekontuak eta zerga erreforma aurrera ateratzeko PPrekin lortutako akordioei kritika zorrotzak egin zizkieten EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek atzoko saioan. Biek ala biek aurrekontu proiektua arbuiatu eta berria egiteko eskatu zuten, Jaurlaritzarena EAEko herritarren beharrei erantzuteko balio ez duela iritzita.

EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriarteren ustez, aurrekontuek «Confebasken eta 155. artikulua aplikatu duten alderdien interesei» erantzuten diete. Iriartek argi utzi zuen 155. artikuluari ezezkoa ematea «euskal autogobernua, zerbitzu publikoak eta euskal gizartearen ongizatea defendatzea» dela. Horrez gainera, PPrekin bat eginda, Confebask patronalaren interesen araberako zerga erreforma egitea leporatu zien EAJri eta PSEri. Kritika gogorrena jeltzaleei egin zien, «koherentzia falta» egotzita: «Egun batean Kataluniako Parlamentuaren erabakiak errespetatzen dituela esan, eta biharamunean erabaki horiek zapuzten dituztenen atzetik dabil EAJ».

Erantzunaren txandan Joseba Egibar jeltzaleak EH Bilduri adierazi zion 155. artikulua aurrebaldintza gisa jartzeak «sinesgarritasunik» ez duela, eta bere taldeak bi abstentzio mahai gainean jarriz gero EH Bilduk aukera zuela «mapa politikoa aldatzeko». «EH Bilduk EAJren alternatiba izan nahi badu, ekimena hartu eta aurrebaldintzak alde batera utzi beharko ditu», adierazi zuen.

Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Lander Martinezek atsekabea agertu zuen, «gehiengo progresista duen gizarte batek aurrekontu antisozialak izango dituelako». PPkoak zoriondu zituen Martinezek, nahi zuena lortu dutelako:«Euskadin babes gutxien duen alderdiak inoiz baino botere handiagoa dauka. Gaur Euskadin PPk agintzen du».

PSEko Susana Corcuerak negoziatzeari uko egitea eta aurrekontuari benetako aldaketak proposatu beharrean, «itxurak» egitea egotzi zion Elkarrekin Podemosi. EAJko Josune Gorospek ere gogor erantzun zion Martinezi, «koldarkeriagatik» akordioari uko egitea egotzita.

PPrekin lortutako aurrekontu akordioaren defentsa Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak egin zuen. Azpiazuk eskuineko taldeari eskertu zion elkarrizketarako eta akordiorako erakutsitako «borondatea». Ostera, deitoratu egin zuen EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek erakutsitako jarrera; haren ustez, bi taldeok«aurrekontuetatik kanpoko arrazoi politikoak» erabili dituzte negoziazioei ateak ixteko. Azpiazuren ustez, landutako proiektua «orekatua» eta «errealista» da, eta, gainera, «ekoizpen sareari egonkortasuna» ematen dio.

PPko Anton Danboreneak hartu zuen hitza azkenik. Jaurlaritzarekin lortutako akordioak babestu zituen, «egonkortasuna» bermatzen dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.