Katalunia. Parlamentuaren osaketa

Ilusioa eta haserrea kanpoan

Ehunka herritarrek ikusi dute parlamentuaren osaketa Bartzelonako Lluis Companys pasealekuan, ANCk jarritako pantaila handi baten bidez.
Pantailan nor agertu, txistu edo txalo egin zuten parlamentu kanpoan bildutako herritarrek, atzo, Bartzelonan.
Pantailan nor agertu, txistu edo txalo egin zuten parlamentu kanpoan bildutako herritarrek, atzo, Bartzelonan. MARTA PEREZ / EFE

Bidatz Villanueva Etxague -

2018ko urtarrilak 18
Sentimendu kontrajarriak izan zituzten atzo katalan askok parlamentuko mahaiaren osaketan. Ilusioa, alde batetik, Kataluniako hamabigarren legegintzaldiari ekinen ziotelako gehiengo independentista batekin. Haserrea, bestetik, ezohiko egoera batean osatu zelako parlamentua, erbestean eta espetxean daudenen zortzi aulki hutsekin. Ehunka herritar batu ziren atzo Lluis Companys pasealekuaren amaieran ANC Biltzar Nazional Katalanak deituta. Handik ikusi ahal izan zuten mahaiaren osaketa, pantaila handi batean.

10:00etan hasi ziren herritarrak pasealekura hurbiltzen. Esteladak, presoen aldeko mezuak eta xingola horiak ikusi ahal ziren han hemenka. Izan ere, Ciutadella parkeko hesiak xingola horiz josirik zeuden, iragan egunetan Bartzelonako kaleak bezala. Goiza igarotzeko janaria, ura eta aulkiak ere eraman zituzten askok. Despertem zioen pankarta batek. «Errepublika erna dezagun», mezua zeramanaren hitzetan. Pantailan nor agertu, txistuka edo txaloka erantzun zuten bertaratutakoek. Joan Tarda ERCko diputatuak, esaterako, txaloaldi handia eragin zuen publikoan, gobernua osatzera zihoazela aipatzean.

Meme Massague Venturak, 61 urteko emakume erretiratu batek, urduri egon zen saioa hasi aurretik. Duintasuna kendu nahi dietela uste du. «Ezinezkoa da hainbeste traba jartzea. Herriak jada hitz egin du, eta oztopoak besterik ez digute jartzen. Amorragarria da». Dena den, indarra sobran duela esan zuen. «Behingoagatik, herriak nahi duena egiten ari dira politikariak. Presondegian eta erbestean egotea lotsagabekeria da». Harekin batera zegoen Maria Franquesa Neubau, hura ere 60 urte bete aurretik erretiratua. Harentzat bidegabea da, «legez kanpoko» hauteskunde batzuetan bozkatu eta gero ere, politikariak espetxean eta erbestean egotea. «Ez gara ez nekatuko, ez errendituko», gehitu zuen. Massagueren aburuz, «inoiz baino batuago» dagoen herri bat da Katalunia, eta ez dute inoren agindurik behar: «Horrela jarraitzen baldin badute, ez dute kartzela nahikorik izanen denontzat».

Parlamentuko Adin Mahaia txalo artean hartu zuen jendeak, eta adi aditu Ernest Maragall presidentearen hitzaldia. Ines Arrimadasen aurkako gaitzespen handia suma zitekeen, ordea; presoen bozka delegatzearen aurka azaldu zenean, esaterako.

«Argi zegoen Ciutadans bozka delegatzearen gaia blokeatzen saiatuko zela, baina mahaiak hitz egin du, eta ez dago ezer egiterik», aipatu zuen Davidek, Cerdanyola del Valleseko 37 urteko herritarrak. Ez du abizenik eman izan nahi. Elikagaien negozioan egiten du lan, eta Cerdenyolako Errepublikaren Aldeko Komiteko kide da. «Errepublikaren lehen bilkura ikustera gatoz, errepublika gisa onartzen baitugu Katalunia». Esan zuen urduri ibili zela hauteskunde ondoko egunetan: «Ikusten genuen geldialdi bat zegoela, ezerk ez zuela aurrera egiten, nahiz eta normala den, oporrak ere izan direlako tartean, baina hemendik aurrera lanean jarraituko dugu CDRtik eta herri osoarekin».

Haren iritziz, urriaren 1ak mugarri bat ezarri zuen, eta beste etapa baten hasiera: «Batasun berri bat sortu da, inoiz elkartuko ez ginen jendearekin, plataforma sozialekin, inoiz sindikalista izan ez eta kalera atera diren herritarrekin». Jendea konturatu da «Espainia ez doala ongi, ez dagoela zirku hau aguantatzeko prest». Nabarmendu du datorren urteko udal hauteskundeen garrantzia komiteei begira: «Aldeko ditugun hainbat alkatetzarekin ere arazoak baditugu, Ciutadans eta PPren modukoekin asko isil gaitzakete».

Haren presidentegaia ez litzateke Carles Puigdemont izanen, baina aukera ona dela deritzo, «gehiengoaren babesa duelako eta irudi esanguratsuena delako». Hori da, haren ustez, Espainiako Gobernuaren kezka nagusia: «Ez dute nahi Puigdemont presidente izatea, pertsonaia indartsu bat bilakatu delako, Lluis Companys izan zen moduan edota beste asko izan diren bezala. Horrek indarra ematen dio herriari».

Jendetzak bereziki txalotu zuen presoek delegaturiko botoak eman zituztenean, edota erbesteratutakoen izen-abizenak aipatzean. Hainbatetan aldarrikatu zuten presoen askatasuna pasealekuan bildutakoek. Parlamentuko presidentetzarako bozketa bukatu ostean, pasealekua dezente hustu zen, baina oraindik dozenaka herritarrek jarraitu zuten presidenteordeen eta gainontzeko kideen hautaketa.

Errepublika ezartzeko eskean

Sabadelletik etorri zen Julia Salvador gaztea, preseski parlamentuaren osaketa ikustera. Langabezian gelditu denez gero, Erresuma Batura joatekoa da, baina azkenera arte izan nahi du bere lurraldean gertatzen denaren berri: «Demokrazia falta izugarri baten aurrean gaude. Emaitzak ongi daude, baina gehiago falta dugu. Hainbat diputatuk ez dute bozkatu ahal izan, eta itxoin beharko dugu ea ez duten helegiterik jartzen presoek delegatutako bozkagatik. Egoera esperpentikoa da».

Ongi iritzi zion erbesteratutakoek bozka delegatu ez izanari, «oraintxe ez zelako behar». «Harrigarria» iruditzen zitzaion presoek botoa ezin delegatzea. Ilusioz ikusi zuen mahaiaren osaketa, baina «errepublika ezar dadin» nahi du. Gobernu berriari eskatuko lioke «gertakizunen erritmo bat markatzea errepublika eraikitzen jarraitzeko». Ez du nahi erdizka ibiltzerik. «Guk boza eman diegu, eta argi dugu zer nahi dugun. Ez litzateke bidezkoa izanen herriari eskaka jarraitzea». Izan ere, urriaren 1aren ondoren, egunero berri txarrak izan dituzten sentsazioa zuen Salvadorrek: «Nik neuk, ez dut gehiago kexatu nahi; errepublika indarrean egon dadin nahi dut».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna