Prebentzio eredu berrien bila

Nafarroan, sexu erlazio bidez kutsatutako gaitzak ugaritu ziren iaz gehien. Arrazoi gisa, prebentzio molde ezkorrak, preserbatiboen prezioa eta arazo sozioekonomikoak aipatu dituzte adituek.

Gazteen %32k oso gutxitan erabiltzen dute preserbatiboa. Irudian, supermerkatu bat. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Sexu erlazioen bidez kutsatzen diren eritasunak ugaritu ziren gehien Nafarroan iaz, Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren buletineko datuek erakutsi dutenez. Gorakadaren arrazoien artean preserbatiboaren «eskuraezintasuna», alkoholaren eta drogen eragina, beldurra desagertzea, arazo sozioekonomikoak eta «prebentzio diskurtsoen eraginkortasunik eza» aipatu dituzte adituek. Gaia gazteekin lantzean, sexualitateari buruzko ikuspegi positiboa ematearen garrantzia azpimarratu dute.

Buletineko datuen arabera, gehien ugaritu diren gaixotasunen artean daude infekzio gonokozikoa, sifilisa eta Chlamydia tracomatis-a. Kutsatutakoen artean, gehienak gizonak dira —sifilisa dutenen %91—. Hiesari dagokionez, bost kasu diagnostikatu dituzte, eta horietako hiruri ez diete aurretik GIBa atzeman. Txostenaren arabera, gorakadaren arrazoi nagusia da gizartea prebentzio neurriekin «erlaxatu» egin dela. Erakundeen ardura ere aipatu dute: hedabideetan kanpaina gutxi egin dituztela, eta hezkuntza programa egokirik ez.

Amaia Vitoria T4 hiesaren aurkako elkarteko prebentzio koordinatzaileak ohartarazi duenez, gizartean informazio nahikoa egon arren, gazte askok ez dute neurririk hartzen, arriskuen jakitun izanda ere. Hain zuzen, T4k Bilboko gazteen sexualitatearen inguruko txosten bat argitaratu berri du; datuek diote, besteak beste, adingabeen %14k ez dutela inoiz preserbatiborik erabiltzen, eta gazteen %32k, «inoiz ez edo oso gutxitan». Preserbatiborik ez erabiltzeko arrazoi nagusia da sexu erlazioen unean eskura ez izatea; gazteen %56k diote hori. Bigarren arrazoi gisa, ohitura falta aipatu dute %29,7k. Txostena Bilboko jaietan egindako inkestekin osatu dute; 15 eta 20 urte arteko 475 gaztek adierazitakoarekin.

Datuak ikusita, Vitoriak premiazkotzat jo du preserbatiborik ez erabiltzeko arrazoien inguruko ikerketa sakon bat egitea, neurri egokiak ezarri ahal izateko. «Jakin beharko genuke joera horren atzetik beste arrazoi batzuk ote dauden: motibazioak, lehentasunak, sinesmenak, jarrerak...».

Ana Uriz Andraize Iruñeko emakumeen arretarako zentroko ginekologoaren ustez, gazteek, oro har, prebentzioaren inguruko kontzientziazio nahikoa dute; eta preserbatiborik erabiltzen ez dutenak «gutxi» dira. Kasu horietan, hainbat faktore gurutzatzen dira. Tartean beldurraren desagerpena izan daitekeela uste du Urizek: «Lehen, hiesa hedatuta zegoenean, eta GIB infekzioa izateak heriotza zekarrenean, jendeak beldur handia zuen; orain, berriz, askok arriskua ahaztu dute».

Beste eragile bat preserbatiboen eskuragarritasuna izan daiteke, haren iritziz. «Egokia litzateke sustatzea toki gehiagotan preserbatiboak doan ematea, batzuetan arazoa prezioa izaten delako. Ez badute eskura, eta dirurik ez badute, ez dute erabiliko».

Maila sozioekonomikoa ere aipatu du Urizek: prebentzio neurririk ez hartzeko joera handiagoa dago arazo sozioekonomikoak dituzten gizarte sektoreetan. «Eskolara joateari utzi dioten gazteak izaten dira, espektatiba handirik ez dutenak». Haiekin prebentzioa lantzeko bide egokia autoestimua sustatzea dela erantsi du: «Zure gorputza babesteko, zure gorputza maitatu behar duzu».

Bestalde, T4ren inkestan, faktore bat aldatu da aurreko urteetatik: gazte gehienek ez dute aipatu alkoholaren eta drogen kontsumoa preserbatiborik ez erabiltzeko arrazoi gisa; %7,9k baino ez dute lotura hori egin —2016an, %21,6 izan ziren—. Datua oso handia ez izan arren, Vitoriak ziurtatu du kontsumoak eragin handia izan dezakeela. «Alkoholak eta drogek nerbio sistema zentralean eragiten dute, eta, hortaz, horiek kontsumitzen dituztenak desinhibitzen dira, eta haien arriskuaren pertzepzioa txikitzen da».

Genero ikuspegitik, inkestek erakutsi dute andreek prebentzioari buruzko ezagutza handiagoa dutela: %43,6k dakite preserbatiboa zein egoeratan erabili behar den; gizonen artean, berriz, %31,6k. Aldiz, Andraizeko ginekologoaren ustez, egungo gazteen artean ez dago ezberdintasun nabarmenik: «Gure zentrora bikoteak etorri ohi dira, eta mutilek galdera asko egiten dituzte, beldurrak dituzte... Neskek bezala».

Sexualitateari buelta eman

Probei dagokienez, aurrerapausoak izan direla adierazi du Urizek: «Gero eta kultibo gehiago egiten ditugu; baina ezinezkoa da pertsona guztiei egitea, garestiegia litzateke, guretzat behintzat». Hori dela eta, kutsatuta egotearen susmoa izatekotan, medikuarengana jotzea gomendatu du, diagnostiko goiztiarra funtsezkoa baita; izan ere, maiz halako eritasunek ez dute sintomarik.

Arazoari aurre egiteko, prebentzio ereduak moldatu behar direla uste dute biek. Sexualitatearen ondorio negatiboetan oinarritzen diren eredu «klasiko eta patologistak» jarraitu beharrean, ikuspuntu «positiboago bat» eman behar dela esan du Vitoriak. Bat dator Uriz: «Ez da komenigarria eskola batera joan, eta soilik beldurra zabaltzea».

Hala, T4k Eman iezaiozu itzuli bat sexuari kanpaina martxan jarri zuten 2016an. «Prebentzioa indargarri positiboekin lantzea erabaki dugu», azaldu du Vitoriak. Ikuspuntu «integratzailetik» landu nahi dute sexualitatea, pertsonen premiak, genero ikuspegia eta giza eskubideak aintzat hartuta, besteak beste. «Sexualitate osasuntsu eta atsegingarri bat lortzeko gakoen bila gabiltza; diskurtsoa aldatzeko, ezarritako eskemak hausteko, jendearen arreta deitzeko...».

Horrez gain, ikastetxeetan sexualitatearen gaia «zeharkakotasunez» txertatzeko beharra aipatu du Vitoriak: «Noizbehinkako gai baten gisa lantzen dute, eta aro guztietan egon behar luke». Gainera, egoki jo du sexu hezkuntza adin orotako herritarrei ematea. «Ulertu behar dugu ez dela soilik koitora mugatzen, eta gurekin dagoela jaiotzen garenetik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.