Ehun eguneko meniarik gabe

PPk Espainiako aurrekontuak aldatuko ditu, eta jopuntuan jarri ditu EAJrekin adostutako diru sailak. Jeltzaleek «mendekutzat» hartu dute, eta arduraz jokatzeko eskatu diete PSOE eta Unidos Podemosi

jokin sagarzazu
2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Pedro Sanchezenak ez du izango gobernu berriek izan ohi duten ehun eguneko bakea. PP oposizioa egiten hasia zaio jada. Senatuan hainbat zuzenketa aurkeztuko dizkie Espainiako Estatuko aurrekontuei. Duela bi aste lortu zuen Mariano Rajoyren gobernu kaleratu berriak Kongresuko gehiengoaren babesa egitasmo hori aurrera ateratzeko, eta funtsezkoa izan zen EAJren aldeko botoa. Orain, PPkoek diote jeltzaleak direla euren arteko «konfiantzazko harremana» hautsi dutenak, ostiralean Rajoyren gobernua kentzeko mozioa babestu zutelako, eta azpimarratu dute «eskuak libre» dituztela lehen egin ezin zituzten gauza batzuk egiteko. Erabaki horrekin, iradoki dute EAJrekin adostutako diru sailetan eragiteko asmoa dutela. Baina ez hori bakarrik.

Zuzenketak jartzeko erabakia ez da Moncloatik kanporatu izanaren haserrea erakusteko ekintza sinboliko hutsa, eta PPkoak ez zaizkie soilik jeltzaleei mintzatu. Tramitazioaren unea kontuan hartuta, aurrekontuetan aldaketa sakonak ezin dituztela egin jakin arren, badakite eztabaidak eragin ditzaketela Sanchez gobernura eraman duten alderdien artean eta haien barruan, haiek Kongresuan ados jarri beharko baitira zuzenketak atzera botatzeko, eta, gainera, aurrekontuen aurka bozkatu zutela. Bidenabar, oposizioko buru gisa azaldu nahi du PPk, datorren urteko udal eta foru erkidego batzuetako bozei begira bere indarra eta eragiteko ahalmena nabarmentzeko, bereziki haren aurkari nagusi izango den Ciudadanosen aurrean.

Rafael Hernandok eman du jakitera erabakia, baina ez du zehaztu zein diru sailetan jarriko dituzten zuzenketak; soilik Hego Euskal Herrirakoetan egingo duten, edota beste batzuetan ere bai, PPk gobernatutako instituzioei diru gehiago emateko bereziki.

Euskal Herrirako, 540 milioi euro jasotzen dira aurrekontuetan, eta 2020ra arte; horietatik 70 milioi inguru gehitu zituen EAJrekin adostuta. Kopuru osotik sail handienak (%60 inguru) abiadura handiko trenaren obretarako dira. Gainerakoa portuak eta aireportuak eraberritzeko eta beste azpiegitura handi batzuetarako. Baina, horiez gain, badaude beste sail batzuk, udal mailakoak.

Hernandok ez du zehatz argitu nahi izan, baina berme bakarra eman du EAJrekin adostutakoari buruz; esan du ez dutela zuzenduko pentsioen igoera, hori egiteak PPren ohiko boto emaileen sektore handi batean izango lukeen eragina onartuta. «Beraz, gure nagusiak lasai gera daitezke», azpimarratu du.

PPk gehiengo osoa du Senatuan, eta, erabakitzen duena edozer izanda ere, aurrera aterako dira zuzenketak. Gaur zen hastekoa eztabaida han, baina PPkoek eskatu dute astebete atzeratzea, gobernu aldaketa dela-eta egon diren agenda aldaketengatik, eta zuzenketak prestatzeko.

Horiek aurrera eginez gero, aurrekontuak Kongresura itzuliko lirateke, eta mozioa babestu duten taldeak —bereziki PSOE eta Podemos— ados jarri beharko lirateke PPren zuzenketak atzera botatzeko. Eta elkarrizketa horietan eragin nahi dute popularrek, bi alderdi horiek udaletan eta foru erkidego batzuetan lehiakide zuzenak ere badirela kontuan hartuta. Ostegunean, zentsura mozioaren eztabaidan, horixe bera gogoratu zion Rajoyk Podemoseko Pablo Iglesiasi, Sanchez babestuta PPren aurrekontuak ere babesten ari zela gogoratu zionean.

Saio horretan Sanchezek hitz eman zuen PPren gobernuaren aurrekontuak bere egingo zituela. Hori adierazi zuen EAJren babesa ziurtatzeko, jeltzaleena ezinbestekoa baitzuen mozioak aurrera egin zezan. Baina PSOEk aurrekontu horien aurka bozkatu zuen duela bi aste, EAJk salbu, zentsura babestu duten beste taldeek bezala.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria horretaz kezkatuta agertu da, eta eskatu die «arduraz eta koherente jokatzeko». «Zentsura mozioa ezin da izan Rajoy kentzeko eta hurrengo minutuan oposizioa egiten hasteko».

Urkullu: «Jokoa zabalik da»

PPk zuzenketak jartzeko erabaki izana «gaizki ulertutako mendekutzat» jo du Urkulluk. Eta azpimarratu du kontraesana dela. «Ez dator bat estatuarentzako positiboak zirela egin zuten balorazioarekin». Harrituta agertu da jeltzaleei eginiko kritikengatik, eta jakinarazi du ostiralean hitz egin zuela Rajoyrekin eta hark ez ziola kargu hartu. Urkulluk azpimarratu du haiek beti jokatu dutela «leial» Espainiako Gobernuarekin, «alderdi bat edo bestea egon». Eta Ciudadanos egin du Rajoy kanporatu izanaren erantzule, PPk alderdi hori zuelako lehentasunezko kide eta Gurtel auziaren epaia dela-eta gobernuari babesa kendu ziolako. «Babes hori gabe EAJrena nahikoa litzateke? Bada, ez».

Urkulluk, halaber, ez du ukatu Madrilgo gobernu aldaketak eragina izan dezakeela Eusko Jaurlaritzan. Agintaldi honetako aurrekontuak eta zerga erreforma PPren babesarekin atera ditu aurrera EAJ-PSE koalizioak. Aurrera begira, esan du bere gobernua beti egon dela prest akordioak egiteko «borondatea» agertu dutenekin negoziatzeko, eta hala izango dela. «Jokoa zabalik dago», azpimarratu du.

Urkulluk bezala, EAJk ere «mendekutzat» hartu du PPkoen erabakia. Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko presidenteak, baina, ohartarazi die Euskal Herrirako diru partidekin tematzen badira, «euskal gizartearen aurka» egingo dutela, eta hemengo bozetan «zigortuko» dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.