Txikitasunean ere, bake bila

Gizarte zibilak ere bakegintza landu dezakeela erakusteko, herri mailako zenbait erakundeen esperientziak bildu eta 'Polifonía abierta' liburua argitaratu dute.

Polifonia Irekiaren sustatzaileak eta protagonistetako batzuk, atzo Bilbon egindako aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Handia da helburua, baina txikitasunean ere landu daitekeena. Hori sinetsita abiatu zuten, duela zortzi urte, Polifonia Irekia proiektua Esther Canariasek eta Fernando Altamirak. Gizarte zibilak ere bakegintzan zeresan handia duela sinetsita. Aspalditik, eta egunero-egunero, bakegintza lantzen duela konbentzituta. Horietako batzuekin harremanetan jarri, eta esperientziak biltzeari ekin zion, mota askotako elkarte txikietan diharduten pertsonen bizipenak jasoz. Historiak jaso, eta horietatik irakaspenak ateratzea jarri zuten helburu; hausnarketa sustatzea. Emankorra izan da irakaspena, proiektuaren koordinatzaileen ustez, eta liburu batean jaso dute esperientzia. 207 orrialdeko Polifonía abierta. Voces que incorporan a la sociedad civil en la búsqueda de la paz argitalpenean (Polifonia Irekia. Gizarte zibila bakearen bila jartzen duten ahotsak).

Askotariko ahotsek osatu dute euren esperientziekin euskal gizartearen «musika». Egon daitezkeen milaka kantetatik bat osatu dute, doinu askorekin, baina beste doinu eta abesti asko badaudela jakitun. Asmoa ez zen doinu guztiak jasotzea, baizik eta dagoen aniztasunaren lagin bat biltzea.

Lau oinarri eta ekarpen asko

Lau «esperientzia txiki» hartu dituzte lanerako zutabe nagusitzat: Ahimsa, indarkeria ezean oinarritzen den hezkuntza esperientzia; BatzArt, bake prozesua eta demokrazia partaidetza sustatzeko ekinaldi artistikoa; Santurtziko presoen giza eskubideen alde aritzen den plataforma herritarra; eta Bakearen Aldeko Koordinakundeak Amurrion zuen taldea. «Ez dira instituzioetatik edo alderdi politikoetatik sustatutako makroesperientziak», adierazi du Canariasek, zerk lotzen dituen azaldu nahian. «Nork bere egunerokoan duen bizipenetik abiatutako antolaketa esperientziak dira».

Koordinatzaileak nabarmendu du ezen, lekuan lekuko antolamendu txikiak izan arren, urte askotako lana egina dutela horietako bakoitzeko partaideek; egunero-egunero asko eman dutela, bakoitzak sentitu duen injustizia bati aurre egin nahian. «Esperientzian parte hartu duten guztiak dira polifoniaren protagonista; urteak daramatzate bakearen eraikuntzarako giltzarri izan daitezkeen ekarpenak bere egunerokoan lantzen». Hori dela eta, horiek guztiak zein antzeko lanetan aritu diren herritar guztiak «heroiak» direla dio Canariasek. Horrela hartu behar direla.

Baita proiektuan elkarrizketen bidez parte hartu duten gainerako pertsonen modukoak ere. Ekarpenak laburragoak izan diren arren, euren testigantza eta ikuspegiak eman dituzte, besteak beste, Sabino Ormazabalek, Bidea Helburu taldeko kideak; Txema Auzmendik eta Xabier Urmenetak, Atzo eta Gaurko Torturen Biktimen II. Biltzarreko kideek; Imanol Oroituz Taldeko Andoni Egaña, Maite Berzosa eta Iñaki Albisturrek; Bakerako Urratsak proiektuko Beatriz Ugartek; eta Lagungo familia orientazio zentroko Jon Elorduik.

Carlos Martin Beristainekin, lankidetza berezi eta sakona izan dute bi koordinatzaileek proiektuaren hasieratik. Aholkularia eta ikerlaria da Beristain, eta memoria kolektiboa eta giza eskubideetan aditua.

Horien guztien esperientziak bildu ondoren, Opera Apreta izena eman dioten metodologiari lotu zitzaizkion parte hartzaileak. Elkartu, eta elkarrizketari ekin zioten; bakoitzak bere ikuspegia plazaratzeari; nork bere bizipenak kontatu, gainontzekoenak entzun, eta elkarrekin trukatzeari. «Horren esperientzia desberdinak izan arren, elkarguneak ere badaudela konturatu ginen; sarritan mina dute oinarri, baina elkarrekin uste baino gehiago dute». Elkarrekin egoteak besteari begiratzeko modua ematen du, eta begirada horrek, elkar ulertzea. «Sintoniak sortzen dira, elkarguneak, eta bilaketa partekatuak».

«Ezerezetik edo txikitasunetik esperientzia indartsuak sor daitezkeela ikasi dugu, eta talde horietako bakoitzean ez dagoela pentsamendu bakar bat; oso indartsua den zerbaitek lotzen dituela, baina askotarikoa dela talde horietako bakoitza ere», ondorioztatu du proiektuaren koordinatzaileetakoak. Txikiak uste baino balio handiagoa duela; «zubiak eraikitzeko gaitasuna duela, irekia izan daitekeela, eta elkarri begiratuta elkar ulertzea ahalbidetu dezakeela».

Aurrera begira ere, irekita

Urteetako lanketaren ondoren, liburuan gauzatu da 2006an hasitako proiektua. «Baina ez da hemen amaituko; hemendik aurrerakoa ere, irekita dago». Bilketa hausnarketarako tresna izatea nahi du Canariasek. Bakegintzarako gakoei begiratzeko balio dezala, eta ikuspuntu desberdinak dituzten herritarrei elkarrengana hurbiltzeko baliabide izan dadila.

Ekarpenetarako mugarik ez dagoela dio, beraz. Orain argitalpena zabaldu nahi dutela, eta eztabaida sustatu. Horretan lekuan-lekuan laguntzeko prest daude proiektuan parte hartu duten «protagonista guztiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.