Ez dute beste eskolarik nahi

Ziburuko auzapezaren jarrera salatu dute herritarrek, ikastola auzitara eramateagatik, eta murgiltze sistemaren beharra berretsi dute.

Ikastolaren aurkako auzia etzi iraganen da, Paueko auzitegian
Dozenaka pertsona bildu ziren Ziburuko Herriko Etxe aitzinera, abuztuaren 11n, auzapezaren jarrera salatzeko.
Dozenaka pertsona bildu ziren Ziburuko Herriko Etxe aitzinera, abuztuaren 11n, auzapezaren jarrera salatzeko. SYLVAIN SENCRISTO

Itxaso Cuevas -

2014ko abuztuak 27
Guy Poulou Ziburuko auzapezaren erabakiak «harridura» handia eragin du herritar askoren artean. Ikastola auzitara eramateko bidea hartu du auzapezak, eta ezinegona eragin du guraso, irakasle, hautetsi eta ikastolako ordezkarien artean. Etzi iraganen da auzi saioa, Pauen. Ziburun ikastola bat izatearen garrantzia nabarmendu dute herritarrek.

Piarres Larzabal kolegioa eta Luma haurtzaindegia Ziburun «ezartzen» lagundu ostean orain Ziburuko Kaskarotenia ikastola auzitara bidaltzeak «harritu» egin du Eneko Aldana, Ziburu Bizi zerrenda abertzaleko burua. Ikastola bat ireki nahi izateagatik arduradunak epaiketa batera bidaltzea ere harrigarri egin zaio. «Bere hitzak jan ditu auzapezak», salatu du Aldanak. Marinela auzoan bi urte igarota, haurtzaindegian ezarriko zituela erran zuen Poulou auzapezak, eta, errandakoari segida eman beharrean, auzitara bidali ditu ikastolako arduradunak.

Baionan egin zuten lehen auzi saioa, baina epaileak adierazi zuen gaia ez zela lehenbailehen aztertzekoa. Administrazio auzitegira jo du orain Ziburuko auzapezak. Jarrera hori «negargarritzat» du Hur Gorostiagak, Seaskako zuzendariak. «Egia erran, Baionako auzitegian egin zuen gauza bera eginen du ostiralean Pauen».

Lidia Deboto ikastolako gurasoetako batek, berriz, «txokatua» dela adierazi du: «Oso gogorra egiten zaigu epaitegira joatea». Gaur egun Marinela auzoan den gunetik joateko «aterabideen bila» aritu direla azaldu du Debotok. Izan ere, eraikin prefabrikatu batean daude, eta, gainera, «oso txikia» da. «Ez dago atseden gelarik, eta siesta eta kantina gune berean egiten dira».

Auzapezak proposatu du ikastola Piarres Larzabal kolegiora mugitzea. «Proposatu dituen aterabideak ez dira aterabideak, eta hark ere badaki», erran du Ziburu Biziko zerrendaburuak.

Ziburuko kolegioak 250 ikasle biltzen ditu, «eta gaur egun dituen beharrei ez die erantzuten lekuak». Gorostiagaren hitzetan, kolegioko kanpoko jolas eremu bakarra saskibaloi zelaia da, eta ikastola hor eraikitzea proposatu du auzapezak. Maialen Tapia Ziburuko ikastolako irakasleak ohartarazi du lekua eskas dela eta, gainera, «erritmo desberdinak» dituztela nerabeek eta 2-5 urte arteko haurrek. «Ez da bateragarria hain gune txiki batean elkartzea».

Piarres Larzabal kolegioa erdigunetik «aparte» dagoela nabarmendu dute. «Hasieratik esan genuen ama ikastola bat, bereziki ama ikastola bat, zentroan edo bizigune baten inguruan behar dela, umeek ere kanpoarekin harreman bat ukaiteko», gaineratu du Aldanak. Erdialdetik urrun izateak euskararen «ghettizazio bat» eragingo lukeela azaldu du.

Ikastolaren beharra

Ziburun eskola bat izatea guraso guziek duten eskubidea dela dio Gorostiagak. Gaur egun, Ziburu litzateke ikastolarik ez duen herri bakarra Lapurdi kostaldean. Seaskako lehendakariaren ustez, hortaz, beharrezkoa da Ziburun ikastola izatea, «gure hizkuntzak gehiago atzera egitea ez badugu nahi». Epaileak ikastola hesteko aginduko balu «30 urte atzera» egingo litzatekeela ohartarazi du Aldanak.

Ikastola euskararen aldeko ezinbesteko «tresna» dela dio Tapiak. Herritarrak «euskalduntzeko xinaurri lana egiten duena da».

«Murgiltze sistema izan dadin nahi dut, nire alabak euskaraz hitz egin dezan», azaldu du Livia Debotok. Ziburuko Ikastola «espiritu irekia duen ikastola bat» dela nabarmendu du, eta alaba «egunero» pozik joaten dela ikastolara. Oso «seguru» sentitzen da ikusiz alaba dagoela «gune seguru batean eta entzuna izanen den ikastola batean». Auzia ikusirik, argi adierazi du: «Ez dut Ziburuko ikastola izango ez den beste eskola bat nahi nire alabarentzat». Debotoren alabaz gain, Tapia irakasleak adierazi duenez, haurrak «oso pozik» joaten dira ikastolara: «Udan, ikastolara noiz joango diren eskatu dute».

«Seaskako bidea hartzeko, ezinbestekoa da ama ikastolatik hastea», nabarmendu du Aldanak, «eta bereziki familia erdaldunetan». Haren arabera, izan ere, umea ez badute «hasieratik» Seaskako sarean ematen, ume hori «galdua» da euskarari dagokionez. «Ez du inoiz integratuko murgiltze sistema». Hortaz, «ezinbestekoa» da, Ziburu Biziko zerrendaburuaren iritziz, Ziburun eta Ipar Euskal Herriko beste herri guzietan ama ikastola bat izatea.

Eskolara irailaren 2an sartuko dira, eta Tapiak adierazi du irakasleek «kalapitarik» egon ez balitz bezala jokatuko dutela. «Epaiketak helduen gauzak dira. Gure haurrak oso txikiak dira, eta haurrekin lan eginen dugu deus ez balitz bezala».

«Denak irabazle»

Irakasleak ohartarazi du «inor» ez dela garaile aterako horrelako kalapitekin. «Denak izanen gara irabazle aterabidea atzemanen delarik, bereziki ziburutarrak, hiru sistemaren artean hautatzeko aukera izanen baitute: murgiltze sistema, elebiduna eta elebakarra».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna