Errepresioaren lau hari mutur

Preso eta iheslari izandakoak eta haiei babesa ematen ibilitako abokatu bat eta apez bat elkartu ditu Antxeta irratiak. Nork bere bizipenak azaldu ditu jendaurrean.

Antxeta irratiak antolatuta egin zuten mahai ingurua atzo, Hendaian. SYLVAIN SENCRISTO.
maddi ane txoperena iribarren
Hendaia
2015eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Frantzia eta Espainiaren zigor neurriak pairatu dituzte lauek. Modu zuzenean zenbaitek, zeharkakoan bertzeek. Baina guziak izan dira era batera edo bertzera bi estatuen errepresioaren biktima. Eta ez dute askotan bizitakoa jendaurrean adierazi. Edo ez, bederen, lehen pertsonan. Antxeta Irratiak eman die larruazalean bizitakoa plazaratzeko parada Juanra Rojo, Jokin Etxebarria, Miren Illarreta eta Joserra Trebiñori, eta 70 lagun ingururen aitzinean eman dute urteotan guziotan bizitako esperientzien berri, Hendaian antolaturiko mahai-inguruan.

Artean 21 urte bertzerik ez zituela sartu zuten espetxean Rojo irundarra, eta duela bi urte atera zen berriro. 44 ditu orain: «21 urte nituela sartu ninduten, eta 21 urte igaro ditut kartzelan». Etxebarriak, berriz, bizitzako 22 urte igaro ditu iheslari zein preso gisa. Bilbon bizi zela etorri zitzaion Guardia Zibila etxera bila, eta haien eskuetan ez erortzeko ihes egin zuen. Zazpi urte ezkutuan igaro ondoren, atxilotu, eta bertze bortz iragan zituen Frantziako espetxeetan. Ipar Euskal Herrian bizi izan da gero, eta 22 urteren ondoren itzuli ahal izan da orain gutxi Bilboko karrikak zapaltzera, iheslari ugarik egin duten antzera. Ez dira egoera errazak izan bataren zein bertzearentzat, baina babesa ere jaso izan dute. Eta horri ere eman nahi izan diote ahotsa. Etxebarriak, erraterako: «Iheslarien izenean eskertu nahi dugu jaso dugun babesa». Eta sostenguan bidelagun, herritar ugari. Artean zirela Miren Illarreta abokatua zein Joserra Trebiño apeza. Errepresioa hurbiletik jarraitu dutenak hauek ere, bertze modu batean bizi izanagatik. Barnetik zein kanpotik izan, dena den, guziek nabarmendu dituzte ideia bertsuak: estatuek «inmobilismoan» dirautela, eta legeak gogortzen ari direla alde guzietarik. Gatazka «politikoa» konpontzeko eskatu dute.

Bidasoan elkarbizitza jardunaldien baitan atzo entzundako lekukotza zein eskakizunetako batzuk izan ziren horiek. Antxeta Irratiak Lokarrirekin elkarlanean antolaturiko jardunaldien bigarren saioa izan zen, hain zuzen, atzo Hendaian egindakoa: joan den astean Hondarribian ETAren zein estatuen indarkeriaren lau biktima bildu zituzten, eta heldu den ortzegunean emanen diote akabera: Irun, Hondarribia (Gipuzkoa) eta Hendaiako (Lapurdi) auzapezek hartuko dute orduan hitza, 19:00etan, Irungo Ficoban.

Desorekaren makulu

Espetxean eta ihesean bizitzeak egunerokoan aldaketa ugari dakartza. 21 urteren ondoren berriro karrikara ateratzea bitxia suertatzen da, erraterako, Rojoren arabera: «Gauza txikienak ere gainezka egiten dizu, burua hogei urtez parametro batzuetan bizitzera ohitu zaizulako». Biribilgune bat kale zuzenaren lekuan, pezeten ordez euroak, trena hartze hutsa: «Denboran bidaiatzea bezala da». Iheslari izateak, berriz, ezegonkortasun handia dakar, Etxebarriaren hitzetan: «Egun batetik bestera utzi behar dituzu harreman guztiak». Eta ikusezin bilakatzea ere bai, batzuetan: «Iheslariek beti egin dituzte ekarpenak, baina izan da bigarren plano batean gelditu den kolektibo bat».

Illarreta ere izan da ezegonkortasun horren lekuko; juridikoki bereziki, abokatua den aldetik: «Frantzia eta Espainiako gobernuek legeak gogortu dituzte une bakoitzeko egoera politikoaren arabera». Eta azken urteotan ere «salbuespen neurriak» aplikatzen eta gogortzen jarraitzen dute, haren ustez. Frantzian betetako zigorra Espainian ez kontatzea jarri du adibide gisa. Eta horri erantzun kolektiboa ematearen beharra azpimarratu: «Gatazkaren ondorioz ezarritako neurriei erantzuteko behar bat izan dugu». Trebiñok ere nabaritu du errepresio horren gorakada, baita Elizaren hierarkiaren barnean ere: «Inboluzioaren arabera guri ere gotzain perfilak ezarri dizkigute, elkartasunaren soka puskatzeko. Estrategia bat dago, ez gaitezen engaina».

Errepresioaren aitzinean, baina, erantzun pertsonal zein kolektiboak ematearen garrantzia azpimarratu dute lauek. Trebiñoren iritziz, apezek ere badute ze errana: «Guri ere ez dagokigu beste aldera begiratzea, gatazkaren ondoan gaude denok, eta sufrimenduaren ondoan egon behar dugu». Eta horretarako baliagarriak dira atzokoak bezalako elkarrizketak. «Bata bertzearen larruan sartzea da inportantea». Etxebarriaren erranetan, horixe baita ondoko belaunaldiei egiten ahal dieten ekarpenik handiena: «Haiei ez gertatzea berriz guk jasan izan duguna, eta horretarako, gatazka konpondu behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.