Sortuk uste du bozetan onurak izateko saihestu nahi dituela itunak EAJk

Barrenak dio «ezker abertzalearen potentzialitatea mugatu» nahi duela EBBk.Gatazkaren ondorioez emandako ezezkoa idatziz eskatu dio

enekoitz esnaola
2015eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
EAJk baztertu egin du Sortuk gatazkaren ondorioei buruz egin dion proposamena, baina Sortuk uste du, dokumentuko edukiez izan ditzaketen desadostasunez gain, asmo politiko jakin bat ere baduela jeltzaleen EBBk: berreskuratze instituzionala. EAJ zeharo ikusten du maiatzeko udal eta foru hauteskundeei begira, duela lau urte batik bat Gipuzkoan galdu zuen botere instituzionalaberreskuratzeko —nagusiki, Gipuzkoako Foru Aldundikoa eta herrialdeko udal handi batzuetakoa— eta Donostiako Udaleko agintea lortzeko asmoz. Hala,ezker abertzaleak interpretatzen duenez, Sorturekin edo EH Bildurekin bakeari eta normalizazio politikoari buruz ere akordioak egin gabe, jeltzaleek haiekin polarizazioa bilatzen du, krisian diren PPren eta PSE-EEren boto-emaileen babesa jaso eta hartara indar handiagoa izateko.

Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak atzo Donostiako prentsaurreko batean esan zuenez, EAJk, bien arteko akordioak ez ahalbidetzeko estrategiarekin, «ezker abertzalearen potentzialitate politikoa mugatu» egin nahi du. «Geurea ez den irakurketa bat irentsarazi nahi digute, iraganeko erantzukizunak guri bakarrik egotzita. Alde horretatik, PPren eta PSOEren oso antzeko ikuspegia du EAJk, eta ezker abertzalea politikoki garaituta ikusteko beharra daukate. Hemen jokoan dagoen bakarra ez da iraganaren irakurketa. Etorkizuna dago jokoan, eta horregatik ari da EAJ horrenbeste irakurketa kritikoa aipatzen».

Joan den astelehenean Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak adierazi zuen maiatzeko hauteskundeen ondoren PSE-EE ez dutela izango «lehentasunezko bazkide». Ordea, erakunde publikoei «egonkortasuna» bermatuko dien «gobernagarritasuna» bilatuko dutela ere esan zuen, eta, zentzu horretan, kontuan hartzekoa da EAJk eta PSEk duela urte eta erdi bat «erakundeen egonkortasunerako» ituna sinatu zutela. «Euskadi modernoagoa, solidarioagoa, jasangarriagoa eta lehiakorragoa» dute helburu, 60 orrialdeko dokumentuak dioenez. Iñigo Urkullu EBBko buru ohi eta Jaurlaritzako lehendakariak, berriz, erreparorik gabe aitortu du Gipuzkoan beste eredu bat behar dela.

EAJk eta Sortuk 2013ko uztailean ekin zioten elkarrizketa iraunkorrari —«harreman politiko normalizatuari», Barrenak definitu duenez—. Gatazkaren ondorioei buruz ari ziren azkenaldian, eta, Sortuko eledunaren arabera, joan den urtarrilera artean EAJ «jarrera positiboarekin» ikusten zuten, «eboluzio bat» sumatzen zioten, «formen eta terminoen gainetik etorkizuneko edukiak» lehenetsiz. EAJk Sorturi proposamena idatziz egiteko eskatu zion, eta duela pare bat aste helarazi zieten jeltzaleei, «terminoetan-eta ahalegin berezi bat eginda». «Dokumentu ausarta eta berritzailea da», aitortu du Barrenak.

Ortuzarrek herenegun berri agentzia baten bidez iragarri zuen baztertu egin dutela. Sortukoentzat «ustekabea» izan da EBBk «oinarrizko dokumentua» baztertzea, eta ezezkoa idatziz azaltzeko eskatu die, «ados zertan ez dauden esanda». Akordiorik izan ez den arren, biek prestasuna agertu dute hizketan jarraitzeko.

Ibilbide partekatua ere bai

Ez batak eta ez besteak ez dute dokumentua publiko egin, baina biek diote hiru atal dituela: armagabetzea eta desmilitarizazioa; espetxe politika; eta egia, justizia eta memoria. EBBk deritzo «atzerapauso kezkagarria» dagoela Sorturen idazkeran eta edukietan, eta Ortuzarrek azaldu du ezker abertzaleak etxeko lanak egiteko dauzkala; antzera mintzatu zen atzo Itxaso Atutxa BBBko presidentea. Barrenak ez du gustuko haien jarrera: «Guk ere baditugu EAJri faktura pasatzeko karpetak, baina akordioetarako gerturatze bat bilatu nahi badugu, ezin garahorrela ibili».

Sortuk dokumentu berean «ekimen politiko partekaturako proposamenak» ere planteatu dizkio EAJri, «bide orri bat» adosteko. «Interes desberdinak ditugu, baina biok diogu interes horiek herri honenak direla eta ez dutela kanpoko inoren menpe egon behar. Hori oinarri garrantzitsua da akordioak lantzeko».

EAJk haren eskaintza baztertu duela jakin denean zabaldu du hedabide talde batek Brian Currin bitartekariak esan ote duen Sortuk bakegintzan ez duela aurrerapausorik eman azkenaldian. Barrenak azaldu du azkeneko egunetan Currinekin bildu direla eta hark ez diela halakorik egotzi. Sortuk EBB ikusten du horrelakoen atzean, blokeoaren erantzukizuna ezker abertzalearengan jarri nahian. Joan den larunbatean Lokarriren agur ekitaldian izan zen Currin, Bilbon, eta asteazkenean utzi zuen Euskal Herria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.