Bai, baina ahal denean

Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan badira zaintza partekatuaren aukera jasotzen duten legeak. 2002koa da Iparraldean dutena; 2011koa, berriz, Nafarroakoa. Epaileak du azkeneko hitza bi kasuetan.

edurne elizondo
Iruñea
2015eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Zaintza partekatuaren aldeko aldarriek jaso dute erantzuna Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan. Iparraldean, 2002koa da aukera hori lehenesten duen legea; Nafarroan, berriz, 2011. urtean onartu zuten zaintza partekatuari buruzko araua, parlamentuan. Zaintza bi gurasoen esku uzteko aukera jasotzen du testu horrek, baina epaileak du, beti, azken hitza. «Iparraldean ere hala gertatzen da; azken urteotan, kasu gehiagotan egin dute zaintza partekatuaren alde, baina, oraindik ere, gehienetan emazteak hartzen du ardura», azaldu du Filipe Aramendi abokatuak.

Nafarroan, zaintza partekatuaren aukera mahai gainean jartzen du legeak, baina ez du lehenesten. Hori zen hainbat gizon elkartek nahi zutena. «Zorionez, ez zuten lortu». Iruñeko familia epaitegietako psikologo Juana Biezmarenak dira hitzak. Ontzat jo du zaintza partekatua legez lehenetsi ez izana. «Garrantzitsua da epaileak izatea azken hitza, horrek agerian uzten duelako kasuak banaka aztertzeko beharra; denak dira ezberdinak, eta batentzat ona den konponbidea bertze batentzat txarra izan daiteke».

«Zaintza partekatuaren auzia biziki konplexua da», erantsi du psikologoak. «Ikerketek erakusten dute haurrentzat onena dela bi gurasoekin harreman jarraitua izatea; baina erakusten dute, halaber, ezin dela beti aukera horren alde egin». Familiaren egoera baldintzatzen duten elementu anitz kontuan hartu behar direla argi utzi du: «Haurren adinak etaaurretik bi gurasoekin izandako harremanak, adibidez, zer errateko anitz dute».

Urtean 70-80 kasu ailegatzen dira Biezmak Nafarroako Auzitegian duen bulegora. «Honat iristen direnerako, agerikoa da gurasoen arteko gatazka, eta, kasu gehienetan, gatazka hori ez aurrera ez atzera egoten da». Txosten psikologikoa egitea da Biezmaren lana, epaileak eskatzen dioenean. «Lehentasuna, beti, haurraren hobe beharra da; zenbaitetan, gurasoentzat egokia dena ez da ona umearentzat».

Adinak duen garrantzia azaldu du psikologoak. Haurrak, jaiotzen direnetik, gurasoetako batekin dute lotura gehien. «Normalean, amarekin; hori hala da», erran du Biezmak. Lotura irudia da guraso hori umearentzat, eta harengandik urruntzea ez da ona, Biezmaren hitzetan. «6-8 hilabeteko haurra astebetez uzten baduzu, horrek eragina du umearengan; adin horretan, harreman hori garrantzitsua da, orduan eratzen direlako lotura afektiboak».

Komunikazioa

Argi du Aramendik epaileek adina kontuan hartzen dutela. Baionako epaitegietako bere lanaren esperientziak erakutsi dio hori. «Umeak txikiak direnean, zaila izaten da epaileak zaintza partekatuaren alde egitea, nahiz eta gurasoak ados egon».

Abokatuak uste du lege ona dela Iparraldean dutena. «Ahal denean, behintzat, ematen die aukera haurrei bi gurasoekin egoteko». Gizonek eskatzen dute, gehienetan, zaintza partekatua, Aramendik azaldu duenez. «Epaileak aukera horren alde egitean duenean, asteka banatzen ohi du zaintza; astebete guraso batekin, bertze astebete bertzearekin».

«Egia da 2002an legea onartu zutenean baino kasu gehiagotan egiten dutela epaileek zaintza partekatuaren alde, baina, oraindik ere, gutxitan lehenesten dute aukera hori», erantsi du. Gurasoen arteko harremana ere kontuan hartzen dutela azaldu du abokatuak: «Gutxieneko komunikazioa behar dute izan gurasoek haien artean epaileak zaintza partekatuaren aukera mahai gainean jartzeko».

Gurasoen harremana aztertzea hagitz garrantzitsua dela berretsi du Biezma psikologoak. «Gerta daiteke guraso batek bertzeari kalte egiteko erabiltzea haurrak», erran du, adibidez. Gerta daiteke, halaber, gizonek zaintza partekatuaren alde egitea arrazoi ekonomikoengatik. Horixe nabarmendu du psikologoak: «Uste dute zaintza partekatuarekin ez dutela pentsiorik eman beharko, eta gastuak erdibana ordainduko dituztela bi gurasoek, baina ez da horrela: gastuak diru sarreren arabera banatzen dira kasu horretan».

Iparraldean bezala, gizonek eskatzen dute Nafarroan ere zaintza partekatua, kasu gehienetan. Kontuan hartzekotzat jo du Biezmak zein neurritan inplikatu diren gizon horiek haien seme-alaben zaintzan bikote harremana eten aurretik. «Zaintza partekatuak halabeharrez ekartzen du bi gurasoek inplikatu beharko dutela; umeen harremana aurretik ez bada izan estua guraso horietako batekin, kontuan hartu beharko da».

Aintzat hartzeko elementuak anitz direla berretsi du Biezmak. Horixe bera uste du Aramendik, eta hori ikusten du, egunero, epaitegietan. Bertzalde, erabakirik egokiena hartzeko, baliabideak behar direla nabarmendu du Iruñeko epaitegietako psikologoak, eta salatu du egun dituztenak ez direla nahikoak. Bera da Iruñeko bi familia epaitegietako psikologo bakarra, adibidez. «Nirekin, gizarte langile bat ere aritzen da, baina langile gehiago behar ditugu. Psikologo eta gizarte langile taldeak beharko genituzke, erabakiak pertsona bakar baten esku ez egoteko».

Hala eta guztiz ere, ontzat jo du legeak Nafarroan orain arte egindako bidea: «Lege horri esker, haur gehiagok eutsi ahal izan diote bi gurasoekin zuten harremanari bikote hori hautsi eta gero». Ahal izan denean, ontzat jo du Biezmak zaintza partekatuaren aldeko hautua. «Ahal izan denean», nabarmendu du. «Beti ez delako aukerarik onena umeentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.