Sortuk kongresua aurreratu du, Abian-en ondorioetara egokitzeko

Apirilean bukatuko da eztabaida prozesua, eta maiatz eta ekain inguruan egingo dute kongresua

Pernando Barrena eta Amaia Izko Sortuko bozeramaileak, atzo, Donostian egindako agerraldian. GORKA ESTRADA / EFE.
Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2016ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
«Askapen prozesua» bururaino eramateko tresna da Sortu. Hala esan zuen Hasier Arraiz presidente izendatu berriak alderdia eratzeko kongresuan. Eta ohartarazi zuen «gorabeherak eta kontraesanak» ere izango zirela bidean. Hiru urte pasatu dira ordutik, eta denborak arrazoia eman dio. Amaia Izko bozeramailearen esanetan, egoera politikoa «oso aldakorra» izan da tarte horretan, eta ezker abertzalearen «jarrera estrategikoa fintzeko» ordua da. Horretarako jarri dute martxan ezker abertzalearen Abian prozesua, eta Sortuk ere hartu du erabaki bat dagoeneko: aurreratu egingo du lehenengo kongresua.

Oraindik ez dute zehaztu eguna, baina maiatz eta ekain inguruan izango dela iragarri dute alderdiko eledunek —2013ko otsailean egin zuten eratze kongresua, Iruñean; beraz, alderdiaren estatutuen arabera, 2017an zen egitekoa hurrena—. Apirilaren 16an izango dira Abian prozesuko azken batzar erabakitzaileak, eta gogoetaren behin betiko txostenaren berri emango dute jendaurrean gero. Haren ondoren, prozesuan parte hartzen ari diren hiru antolakundeek —Sortuk, LABek eta Ernaik— «estrategiaren zehaztapen horren araberako ariketa partikularrak» egin beharko dituztela azaldu du Izkok; hau da, «egokitzapen prozesuak».

Hori lehenbailehen egiteko aurreratu du kongresua Sortuk. «Abian prozesuaren bidez, seigarren martxa sartu nahi diogu Zutik Euskal Herria estrategiari. Sortu da estrategia horren motorra, eta horrek eskatzen du Abian prozesua bukatu bezain laster motorra prest jartzea», argudiatu du Izkok. Alegia, Abian prozesuak ezker abertzalearen «joko politikorako zelai osoa» marraztuko duela, eta horren gainean zehaztu beharko dituela Sortuk oinarri ideologikoak, lan ildoak eta antolakuntza eredua, «aldebakartasunean sakondu eta herri prozesu independentista sendoa aurrera eramateko». Horretarako, txosten propioak sortuko dituzte, militantziaren artean eztabaidatu eta onartzeko.

LABek 2012ko ekainean egin zuen azken kongresua —zortzigarrena; Ainhoa Etxaide hautatu zuten idazkari nagusi—. Bost urtean behin egin ohi du, normalean: 2017an egokituko litzateke. Azkenaldian, [Bir]Pentsatzen prozesuan aritu dira sindikatuko kideak, «eraldaketa sozialerako sindikalismo berriaren» inguruan. Ernaik 2013ko martxoan egin zuen sortze kongresua.

Egoera politiko «aldakorra»

Azken hiru urteotan egoera politikoa «oso aldakorra» izan dela argudiatu dute Izkok eta Barrenak. Sortuko bozeramaileek azaldu dute «euskal politikaren parametro nagusiak» aldatu egin direla Zutik Euskal Herria hausnarketaren eta ETAk jardun armatua uzteko hartutako erabakiaren ondoren. «Akordio eta dinamika berrietarako tartea alderik alde» zabaldu izana, «espainolismoaren gainbehera» eta aktore politiko berrien sorrera aipatu dituzte, besteak beste. Baita «bake eta normalizazio politiko eta sozialerako aukerak» eta erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera «sendotu» izana ere. Sorturen eratze kongresuaren ostekoak dira, esaterako, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak lege baliabidea erabiltzeko prestasuna agertuz kaleratutako agiria (2013ko abendua), Gure Esku Dago-k 2014ko ekainean egindako giza katea, eta Ahal Dugu-ren sorrera.

Besteak beste, aldaketa horiek direla eta hasi dute Abian, ezker abertzalearen «birdefinizio estrategikorako» prozesua. Asteazkenean aurkeztutako txostenean agertzen denez, «estrategia orokorra taxutzeko lanabesa» izango da, baina «txosteneko irizpideek lur hartu beharko dute» ondoren, «ildo eta jarduera politikoa zehaztuz eta antolakuntza eredua zein kultura politikoa egokituz». Beste hainbat gauzarekin batera, Sorturen funtzionamenduan «bertikaltasuna» gainditu beharra ageri da txostenean, eta «eraberritze ariketa» bat egin beharra. Antolakuntzan, zehazki, alderdiak «estrategia osatzeko beharrezkoak zaizkion markoak» martxan jarri beharko dituela aipatzen da, eta hainbat irizpide ematen dira hori guztia hobetzeko. Horren «zehaztapena» Sorturen kongresuari dagokiola diote.

Barrenak kongresua iragartzeko agerraldian esan duenez, besteak beste, eguneroko jardunean militantziari informazioa bideratzeko eta erabakietan parte hartzea bermatzeko bitartekoak hobetu beharko dituztela aurreikusi dute.

Abian prozesua gauzatzen ari den bitartean eta Sorturen kongresua egin baino lehen irtengo da kartzelatik alderdiko idazkari nagusi Arnaldo Otegi. Zehazki, martxoaren 1ean aterako da Logroñoko (Espainia) espetxetik. Hark izan dezakeen rolari buruz galdetuta, Barrenak erantzun du oraindik «goiz» dela horren inguruan hitz egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.