Albistea entzun

Madrili eskua luzatuta, berriro

Espainiako Gobernuarekin «alde biko harremana» nahi dutela esan dute Urkulluk eta Ortuzarrek
Soraya Saenz de Santamaria eta Iñigo Urkullu, joan den azaroan, Gernikan, lehendakariaren zin egite ekitaldian.
Soraya Saenz de Santamaria eta Iñigo Urkullu, joan den azaroan, Gernikan, lehendakariaren zin egite ekitaldian. M. TOÑA / EFE

Edurne Begiristain -

2017ko urtarrilak 19 - Gasteiz

Espainiako Gobernuarekin «alde biko harremanari» aukera ematen jarraitzen du Iñigo Urkullu lehendakariak. Nahiz eta salatu Madrilek Jaurlaritzari bizkarra ematen diola eta ez dituela aintzat hartzen hark egiten dizkion eskaerak, ez dizkio ateak itxi nahi elkarrizketari eta akordioari. Urkulluk ez du amore ematen, eta Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko harremanak «aldebikotasunean» oinarritzea nahi du. Horixe esan du SER irratiari eman dion elkarrizketan, herenegun Madrilen egin zen autonomia erkidegoen presidenteen konferentzia eta Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuarekin aurki izango duen bilera berria hizpide hartuta.

Urkullu prest dago elkarrizketarako. Rajoyri eskua luzatuta jarraitzen du, eta Moncloa eta Ajuria Enearen arteko harremanak bideratzea nahiko luke. Lehendakaria kexu da gaur egun ez dagoelako alde biko harremanik Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean, eta Madrilek «birzentralizazio prozesu» bat abiatu duelako autogobernuaren aurka. Egoera errotik aldatzea nahi du lehendakariak, eta esperantza jarrita dauka Rajoyrekin aurki izango duen bileran. Azken lau urteetan, Rajoyk ez die erantzun Ajuria Enetik egindako eskaerei, baina Urkulluk espero du aurki izango duten bileran «erantzunak» egotea. Ez dute oraindik zehaztu Moncloako bilera noiz izango den.

Autogobernua eta haren eguneratzea defendatuko du lehendakariak bilera horretan. Baita duela 38 urte «euskal gizarteak berretsi zuen estatu ituna» errespetatua izan dadin ere. Bakean eta bizikidetzan «estatu politika» bat abiatzea ere galdegingo dio Espainiako gobernuburuari, Urkulluk jakinarazi duenez.

Herenegun Madrilen izan zen erkidegoen presidenteen konferentziara ez joateak ez du esan nahi Jaurlaritzak elkarrizketari uko egiten dionik, lehendakariaren esanetan. Gogoratu du autogobernuak «berezitasunak» ematen dizkiola Euskal Autonomia Erkidegoari, eta beste lankidetza foro batzuetan parte hartzen duela; esaterako, finantzaketa eta zerga politikak eztabaidatzeko. Horrez gainera, lehendakariak gabezia bat ikusi dio batzar horri: «estatuaren lurralde krisia» ez duela jorratu.

«Idiak gurdien aurretik»

Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidenteak bat egin du Urkulluk aldarrikatu duen aldebikotasun harremanarekin. Hark ere Madrilekin harremanak sendotzearen alde egin du, ETB1en egin dioten elkarrizketan. Lehendakariak Madrilen egin den batzarrean parte ez hartzea babestu du Ortuzarrek, bertan PPk eta PSOEk «argazkia» baino ez zutela nahi argudiatuta. «Autonomien finantzaketa kenduta, beste gai guztiak oso gainetik jorratu ziren, sakondu gabe». Urkullu hurrengo konferentzia batera joango ote den galdetu diotenean, argi mintzatu da: «Idiek gurdiak baino lehenago joan behar dute. Lehenengo, Gasteiz eta Madrilen arteko aldebikotasuna lortu behar dugu».

Hala, azpimarratu du lehendakariak ez duela parte hartuko gisa horretako batzarretan aldez aurretik bi gobernuen arteko alde biko harremana «berreskuratzen eta sendotzen»ez bada eta autogobernuak dituen «ezaugarriak eta berezitasunak ondo bereizten» ez badira.

Urkullu eta Rajoyren arteko bosgarren bileran, beraz, akordioak lortzeko «borondatea» neurtuko dela adierazi du Ortuzarrek. Uste du orain arteko bilerek ez dutela «ezertarako balio» izan, eta orain garrantzitsuena ez dela batzar hori noiz egingo den, baizik eta Espainiako gobernuburuak akordioak lortzeko borondatea erakusten duen ala ez. «Beste txip batekin ote doazen eta giroa aldatu ote den ikusi beharko da».

Espainiako aurrekontuen negoziazioei dagokienez, berriz, zehatza izan da oso EAJko buruzagia: «Negoziazioetara konplexurik gabe joango gara, eta akordioak egingo ditugu baldintzak egokiak badira, eta ez badira, ez da akordiorik izango». EAJren jarrera «erosoa» dela iritzi dio Ortuzarrek, PPren babesa «behar eta nahi» ez duelako. «Beraz, presioa izatekotan, Rajoyk berak dauka», esan du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©KIKO HUESCA / EFE

«Gauzak aurrera begira egin behar dira, ez oraina salbatzeko»

Iosu Alberdi

Aizpuruak adierazi du Espainiakoak aurrekontu sozialak direla, baina gogoratu du salbuespenezko egoera batean onartuko direla. Orain, koalizio subiranista ikus-entzunezkoen legeari eta lan erreformari begira jarri da.
Jaurlaritzako eta EH Bilduko kideak, bien arteko bilera batean, azaroan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Akordioen atea ireki dute

Iosu Alberdi

Azpiazuk Eusko Jaurlaritzaren eta EH Bilduren arteko adostasunen «garrantzi politikoa» nabarmendu du. Iriarte hitz egiteko prest agertu da, «pertsonen bizi kalitatea hobetzeko» bada

Auzipetuak eta abokatuak, gaur, Bilbon eginiko agerraldian. ©JON URBE / FOKU

Auzipetuek «kezka» agertu dute zer epai etorriko ote den

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Ondorio «pertsonaletatik» haratago, ez lukete nahi etortzekoa den sententziak «iraganeko parametroetara» eramatea: «Oso larria litzateke 13/13 auziak espetxe zigorrak ekarriko balitu». «Guztien konpromisoa» eskatu dute.

Pedro Azpiazu, gaur goizeko prentsaurrekoan. ©Irekia

Jaurlaritza eta EH Bildu pozik agertu dira lortutako akordioarekin

Iosu Alberdi

Ogasun sailburuak 2022rako kontuen «balio estrategikoa» nabarmendu du.Iriartek uste du ez direla«herriak behar dituen aurrekontuak».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.