Ez dute ezer aurkitu ustez Naparra zegoen eremuko bilatze lanetan

Labrit herriaren ondoan aritu dira bila, Frantzian. Espainiako Auzitegi Nazionalean diligentzia gehiago eskatzeko asmoa du familiak. 1980tik dago desagertuta Jose Miguel Etxeberria 'Naparra'

Hodei Iruretagoiena.
Labrit
2017ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
«Non duzue? Itzuli». Horixe izan da azken 37 urteetan Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren senideek, egunez egun, behin eta berriz egindako galdera. Non duzue, ez non dago. Ez dute inoiz zalantzarik izan Espainiako Estatuaren gerra zikinaren biktima izan zela Naparra. «Aurkituko ez balute ere, saiatzen jarraituko genuke, modu batera edo bestera. Borondate kontua da, eta ez gurea preseski; jende batek badaki, seguru, non dagoen», zioen Eneko Etxeberriak, bere anaia Naparraren gorpuaren bila ari ziren bitartean. Luzaroan esperotako eguna, itxaropentsu hasi arren, ez zen nahi bezala bukatu. Espainiako zerbitzu sekretuetako kide ohi batek Iñaki Errazkin kazetariari emandako informazioari jarraituta iritsi ziren ustez Naparraren gorpua egon zitekeen lekura. Zehatza zen informazioa, baina, goiz eta arratsaldez bila aritu ondoren, aztertutako lur eremuan ez dute aurkitu Naparraren arrastorik.

Iñaki Errazkin kazetariak Espainiako zerbitzu sekretuetako kide ohi batengandik jasotako informazioari jarraituta, Naparra bi lekutan egon zitekeela ondorioztatu zuten Iñigo Iruin abokatuak eta Paco Etxeberria auzi medikuak. Informazio horrek Brocas eta Labrit herrien arteko D-651 errepideko zubi bat aipatzen du erreferentzia gisa, eta bi zubi daude nahiko gertu. Beraz, bi leku zituzten aztertuak: bat, 53. eta 54. kilometroen artean, eta bestea, 51. eta 52. kilometroen artean, Labritetik gertuago. Lehenengoa baztertua zuten jendarmeek, aurrez egindako ikerketen ondorioz. Besteak beste, Iruinen esanetan, azken 40 urteetako aireko argazkien bidez ikusi dute nolako garapena izan duen eremu horrek, eta azaldu diete «ezinezkoa» dela gorpua han egotea.

Hiru zatitan banatu zuten bigarren eremua —51. eta 52. kilometroen artekoa—, eta hondeamakina batekin aritu zen han lanean jendarmeen talde espezializatua. 11:00ak aldera hasi, eta 17:00ak pasatuta bukatu zuten, ordu eta erdi inguruko etenaldia eginda. «Argi dago teknikoki modu egokian aztertu dela eremua», esan zuen Iruinek lanak bukatu ondoren. Hala berretsi zuen Paco Etxeberria auzi medikuak ere. Iruin: «Gaur altxatutako lurrean ez dago. Baieztapen horretatik harago, ezin dugu gehiago esan», azaldu du abokatuak: «Arrazoizko esperantza genuen. Kolpea izan da, baina ikerketa ez da bukatu». Mont-de-Marsango prokuradore Jean-Phillipe Recappek azaldu duenez, posible da gorpua han lurperatu arren ondoren norbaitek mugitu izana ere.

2004ko martxoan artxibatu ostean, iazko urrian berriz ireki zuen Naparraren desagertzearen auzia Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Ismael Morenok. Oraingoz, jendarmeek ez dute jarraituko bilatze lanekin, baina Iruin abokatuak aurreratu du diligentzia gehiago egiteko eskatuko dutela Auzitegi Nazionalean.

37 urte anaiaren bila

09:00etarako Mont-de-Marsan hiriko jendarmerian ziren Iruin abokatua eta Etxeberria auzi medikua, bilaketa lanen ardura zuen taldearekin. Haiek baino geroago irten ziren Donostiatik Naparraren anaia Eneko Etxeberria eta Iñaki Egaña historialaria. Iazko uztailean ere izan ziren atzo arakatutako lekuan, eta Brocas herrian ziren 09:30 baino lehen. Gero, itxaron —anaiak ez zuen baimenik indusketa lanetara sartzeko—. «Hainbeste urteren ondoren, egun bategatik...», zioen Etxeberriak, anaiaren argazkia zeraman kamiseta soinean zuela: «Hainbeste urteren ondoren, horixe dut orain buruan: anaia berreskuratzea. Kendu egin ziguten, eta, 37 urteotan bezala, berreskuratzea da gure asmoa».

11:00ak jota iritsi ziren Mont-de-Marsan hiriko jendarmeriatik bilaketa taldekoak, tartean Mont-de-Marsango epaile Solenne Motyl eta jendarmeriako teniente koronel Laurent Lesaffre. Recappe prokuradorea ere hurbildu zen bilatze lanetara geroago. Bidexka batetik sartuta, etxe baten ondoan aritu ziren arrastoren bat bilatzen —bigarren etxeizitza gisa erabiltzen du familia batek—, harizti batean. Luze joan ziren 17:00ak arterako orduak: zerbait mugitzen zela, ez zela mugitzen... Azkenean, ezer aurkitu gabe geratu ziren.

BVEren aldarrikapenak

1980ko ekainaren 11tik, ez dago Naparraren berririk. Komando Autonomo Antikapitalistetako kide zen, eta egun horretan hitzordu bat zuen Ziburun (Lapurdi); ez zen agertu. BVE Batallon Vasco Español talde paramilitarrak bere gain hartu zituen haren bahiketa eta hilketa, baina kasua, bi aldiz auzitegietan izan arren, ez da argitu oraindik.

Kolpea hartu arren, argi utzi du familiak aurrera joko duela «Naparra berreskuratzeko» bidean. Non duzue esaten segituko dute, non dago-ren ordez. Etxeberria: «Jende batek badaki, seguru».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.