Errekaleor. Alderdien proposamenak

Elkarrizketa galdegin dute

Errekaleorrek zatitu egin ditu udal taldeak, eta nork bere irtenbidea jarri du mahai gainean. Haatik, PPk salbu, denek diote bi aldeak hitz egitera behartuta daudela.

Errekaleorreko auzokideak eta Ertzaintza, aurrez aurre, joan den maiatzaren 18an Iberdrolako teknikariak argindarra moztera joan zirenean. GORKA RUBIO / ARP.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2017ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak egin du lehen urratsa: 21 Zabalgunea elkarteari eskatu dio Errekaleor auzoa eraisteko proiektua landu dezan. Udalaren hirigintza enpresa da 21 Zabalgunea, eta, haren enpresa kontseiluan, ordezkatuta daude udal talde guztiak. Han hartzen diren erabakiak gehiengo osoz onartu behar dira, eta Irabazik kenduta, gainerako taldeek botoa emateko eskubidea dute. EAJk, PSEk eta PPk gehiengoa dutenez, oso litekeena da Errekaleor eraisteko proiektuak aurrera egitea. Behin erabaki hori hartuta, prozedura administratiboak eta legezkoak martxan jarriko lirateke auzoa eraisteko. 21 Zabalguneak ez du jarri oraindik biltzeko egunik.

Udal taldeen esku dago, beraz, Errekaleor auzo okupatuaren etorkizuna. Eta gai horretan ez dago adostasunik. Ez dago iritzi bateraturik. Haatik, talde guztiak —PP salbu— elkarrizketa erabiltzearen aldekoak dira Errekaleorreko auziari irtenbidea emateko. PP da Errekaleor auzoa eraistea modu sutsuenean eskatu duen alderdia. BERRIA-k talde guztien iritziak bildu ditu.

PEIO LOPEZ DE MUNAIN

PSE

«Autogestioaren alde gaude, baina legearen barruan egiten bada»

PSEk ez du bat egiten Errekaleorreko ereduarekin, «legez kanpoko okupazioa» delako. Peio Lopez de Munain lehen alkateordeak argi dio: «Autogestioaren alde gaude, baldin eta legearen barruan egiten bada». Nolanahi ere, sortutako arazoa konpontzeko bide bakarra «elkarrizketa» dela nabarmendu du, baina ez du uste okupek hitz egiteko borondaterik dutenik.

Azpimarratu du auzoa 2013an okupatu zenetik inork ez duela asmatu auzia ongi kudeatzen: «Aurreikuspen gutxirekin aritu gara». Egun, auzoa eraisteko asmoa mahai gainean dago, baina PSEkoak ohartarazi du auzorako «proiektu zehatz bat» ez dagoen bitartean ez dela okupak botatzearen aldekoa.

MIGUEL GARNICA

PP

«Errekaleorrekoa ez bada gelditzen, okupazio gehiago egongo dira»

PPk agintea galdu eta EAJko Gorka Urtaran alkate denetik Gasteiz «hiri okupatu» bat bilakatu dela kritikatu du Miguel Garnica PPko zinegotziak.«Okupa mugimenduak gora egin du hirian, eta kontroletik kanpo dago». Garnicak zalantza gutxi agertu du: argi dauka alkatearen kudeaketa «kaskarraren» erruz hiria «erradikalizatzen» ari dela. Gogoratu du Errekaleorreko etxeak ez ezik, Olarizun eta Alde Zaharrean ere okupatu dituztela hainbat etxebizitza, «alkateak baimenduta guztiak». «Argi dago alkatearen erabakirik eza dei efektua eragiten ari dela okupa gehiago etor daitezen gure hirira. Errekaleorrekoa ez bada gelditzen, legez kanpoko okupazioak hedatuz joango dira edonon», salatu du.

Garnicak gogoratu du joan den urteko azaroan 21 Zabalgunea elkarteak Errekaleorreko etxebizitzak eraisteko erabakia hartu zuela EAJ, PP eta PSEren botoekin, baina erabaki hura ez duela oraino bete Urtanarek. «Denbora honetan guztian, okupekin negoziatzen baino ez da egon».

MIREN LARRION

EH Bildu

«Errespetuan oinarritzen den hiri proiektu bat garatu behar da»

Errekaleorreko aferari irtenbidea ematea «posible» dela uste du Miren Larrionek. Bestelako hiri eredu bat defendatzen dutenen jarrera «errespetatuta» eta elkarrizketa erabiltzea posible dela dio. Errekaleor auzoa eraberritu eta bertan proiektu bat garatzearen aldekoa da EH Bildukoa, eta argi dauka eraistea ez dela irtenbidea izan behar. «Errespetuan oinarritutako hiri proiektu bat garatu behar da, besteak beste, jabetza publikoa, segurtasuna eta inbertsio egokiak bermatzen dituena», azpimarratu du.

Gasteizko Udalaren jarrera kezkaz ikusten du Larrionek. Ulertezin iritzi dio, esaterako, auzokoei argindarra moztu izanari:«Haien segurtasunerako izan dela dio Urtaranek, baina, izatez, argindarra kenduta kontrakoa lortu du, egoera arriskutsuan utzi dituelako bertako biztanleak». EAJ PPren «ideia atzerakoienekin» lerratzen ari dela dio.

JUAN CEREZUELA

Ahal Dugu

«Alde bakarreko indarrezko neurriekez dute zentzurik»

Errekaleorrekin gertatzen ari denarekin kezkatuta dagoela aitortu du Cerezuelak, eta «zentzuz» jokatzeko eskatu die aldeei. Auzoa botatzeko erabakiarekin ez du bat egiten: «Alde bakarreko indarrezko neurriek ez dute zentzurik». Eta proposamen bat jarri du mahai gainean: Errekaleor auzoari buruzko ikerketa independente bat egitea bertako etxebizitzen benetako egoera zein den jakin ahal izateko. «Etxeetako kalteak egiturazkoak diren ala apaingarriei soilik eragiten dieten jakin behar dugu». Kalteak egiturazkoak ez badira, horiek konpondu eta udalaren eta auzokideen arteko «lankidetza eredu bat» martxan jartzea posible dela uste du. «Ez gara ezer asmatzen ari. Gasteizko auzo zahar askoren egoera jakiteko azterketak egiten ari badira, zergatik ez Errekaleorren?».

OSCAR FERNANDEZ

Irabazi

«Nahiago dugu auzo bizi eta argi bat, eraitsitako auzo gris bat baino»

Auzoa eraistearen aurka dago Equok eta Ezker Anitzak osatutako Irabazi taldeko zinegotzia, eta bi aldeei elkarrizketa eskatu die, irtenbide bat lortzeko. «Guk nahiago dugu auzo argi eta bizi bat, eraitsitako auzo gris bat baino». Berlin eta Kopenhage eredutzat hartu ditu elkarbizitza posible dela erakusteko: «Bi hiri horietan okupatutako auzoak dituzte kolore askotariko gobernuen eta okupen arteko elkar ulertzea egon delako».

Hango ereduak gurera ekartzeko eskatu du Fernandezek, Errekaleorrek etorkizuna izan dezan. «XXI. mendean gaude, eta Errekaleor bezalako gune alternatiboek tokia izan behar dute gure gizartean». Uste du «legezko formulak» badaudela horrelako proiektu batek aurrera egin dezan, baina bi aldeen inplikazioa behar dela azpimarratu du: «Udalak auzorako plan bat prestatu beharko luke, eta Errekaleorrekoek ere bizikidetza plan bat aurkeztu beharko lukete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.