Hiru diputatu berriren bila

Igandean izendatuko dituzte hautesleek Ipar Euskal Herria ordezkatuko duten hiru diputatuak. Corregek, Lasserrek eta Bruk dute aukera gehien. Abstentzio handia espero da, beste behin
Florence Lasserre bozka-kabinatik ateratzen, legebiltzarreko hauteskundeen lehen itzulian.
Florence Lasserre bozka-kabinatik ateratzen, legebiltzarreko hauteskundeen lehen itzulian. ISABELLE MIQUELESTORENA

Ekhi Erremundegi Beloki -

2017ko ekainak 17
Legebiltzarreko hauteskundeen bigarren itzulia iraganen da igandean Frantzian eta Ipar Euskal Herrian, eta Emmanuel Macronen Martxan mugimenduak gehiengo absolutua lortzeko aukera handiak ditu. Hautesleen erdiak baino gehiagok ez zuen bozkatu lehen itzulian (%51,3), eta bigarrenean ere abstentzio handia izanen dela espero liteke. Lehen proiekzioen arabera, Frantziako Asanblean diren 577 diputatuetatik 400 baino gehiago Martxan-ekoak izan litezke.

Ipar Euskal Herrian ere, Emmanuel Macronen babespeko hautagaiak nagusitu ziren lehen itzulian; Martxan-eko Loic Correge 4. hautesbarrutian, Modemeko Florence Lasserre eta Vincent Bru, hurrenez hurren, 5. eta 6. hautesbarrutietan. Lehen itzuliko aitzina kontuan hartuta, beren lehiakideek zaila izanen dute emaitza iraultzea. Sorpresarik ezean, hiru diputatu berri izanen ditu Ipar Euskal Herriak.

Aste guzian, bigarren itzulira pasatu ez direnek, emaitzen balorazioa eskaini eta hautagai bakoitzarekiko iritziak plazaratu dituzte. Hautesbarruti bakoitzeko egoera aztertu du BERRIAk.

4. HAUTESBARRUTIA

Ez bat, ez bestea

Jean Lassallek (Eutsi) azken egunak izan litzake diputatu gisa. Bozen %17,7 lortu zituen; %25,4 Loic Correge Martxan mugimendukoak. Lassallek berak onartu zuen joan den igandean: «Zaila izanen da». Egoera harrigarria sortu da, gainera, lehen itzuliko beren lehiakide bakarrak ere ez duelako baten edo bestearen alde bozkatzera deitu. PSko Bernard Uthurrik ez du agindu nahi izan nori boza eman; hautesleen esku utzita erabakia. EELVk, ez baten ez bestearen alde ez bozkatzeko deia zabaldu du. UDIko Laurent Intxauspek ere ez du dei zuzenik egin, baina Macronen ideiekiko hurbiltasuna erakutsi izan du behin baino gehiagotan. Berdin LR alderdiarentzat. Azkenik, EAJk Lassalleren diputatu ibilbidea kritikatu du, Euskal Herriko gai garrantzitsuenei begira sekula ez dela «erabakigarria» izan ebatzita. Halaber, Correge «ezezaguna» dela ohartarazita, adierazi dute ez direla bere alde jartzen ahal.

Funtsean, hori izanen da igandean hautesleek egin beharko duten hautua: politikan urteak daramatzan eta ezagutzen duten diputatuaren edo berrikuntza politikoaren artean erabaki beharko dute. Lassalle ezagutua da, onerako eta txarrerako. Aurkezten den lurraldean sustraitze handia badu ere, bere ateraldi eta xelebrekeriek kalte egin liezaiokete. Martxan-ekoen aurka lehiatzen diren anitzek salatu dute diputatugai berri horien esperientzia falta. Hala ere, ez dirudi hautesleek kalkulu hori egiten dutenik.

5. HAUTESBARRUTIA

Diputatua eta amateurra

Berak esperientzia du, eta gaiak menperatzen ditu, Lasserrek ez daki zertaz ari den. Horrela laburbil genezake Colette Capdevielle gaur egungo PSko diputatuaren estrategia bigarren itzuliari begira. 20 puntuko aldearekin irabazi zuen Lasserrek lehen izulian (%37,1), Capdevielle urrun utzita (%13,2). Geroztik, bataila bortitza da bien artean. LRk eta UDIk Lasserren alde egin dute, baina EELVk eta EAJk Capdevielle sostengatuko dute. «Betidanik engaiamendu azkar bat erakutsi du euskal lurraldearen alde, eta berriki eskualde hizkuntzen aldeko lege bat sustatuz», adierazi du EAJk. Baina ezkerreko bozen erreserba faltako zaio PSkoari, Frantzia Intsumisoak eta PCFk zuri bozkatzera deitu dute eta.

Sudouest egunkariak eta France Bleu irratiak antolatutako eztabaidan, gaina hartu zion nabarmen Capdeviellek Lasserri. Euskal Irratiek ere antolatu nahi zuten eztabaida bat, baina Lasserrek ukatu du, agenda «kargatua» duela argudiatuta. 5. hautesbarrutiko PSko batzordeek agiri bateratua idatzi dute, Lasserren esperientzia eta gaitasun falta «penagarria» salatzeko.

6. HAUTESBARRUTIA

Arostegi, babesik gabe

Diputatu izateko asmoarekin sartu zen Maider Arostegi Errepublikanoen alderdian (LR). Garai hartan, LRk botere guziak lortuko zituela uste zen, baina Fillonen aferak agertu ziren. Zaldi txarra aukeratu zuen. Joan den igandean, bozen %15,3 lortu zituen; %38,9 Bruk. Ezkerreko alderdiek ez dute agindu nori eman boza, edo zuri bozkatzera deitu dute. Gainerakoek Bruren alde egin dute. Stephane Alvarez UDIkoak «FNen aurka jartzeari uko egin ez dion hautagaia» babestu du sare sozialetan, eta azken astean berekin egin du kanpaina. EAJk ere Bruren alde egin du. «Aspaldi engaiatu da euskara eta euskal kulturaren alde. Bere engaiamendu fermua lehenik euskal departamendu baten alde eta ondotik euskal hirigunearen alde garrantzitsua izan da Kanboko eremuan», adierazi dute. Ez dirudi Bruk inongo oztoporik izanen duenik diputatu izateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna